Herri Batasuna sortu zela 40 urte (dokumentala)

Herri Batasuna sortu zela 40 urte-

1978an Herri Batasuna hauteskunde koalizio gisa sortu zen, hauteskunde deialdiei aurre egin ahal izateko. HB sortzeko prozesua baina lehenago hasi zen, bost alderdi politikok Altsasun sinatutako minimozko dokumentuaren lanketaren harira. Altsasuko Mahaia izena hartu zuen, bere hastapenetan.

Herri Batasuna sortu zela 40 urte

Hurrengo hilabeteetan bilerak egiten jarraitu zuten, eta hala, Herri Batasuna sortzeko hitzarmena 1978ko apirilaren 27an sinatu zuten. Aurreko bost alderdietatik, bat atzean gelditu zen eta, ondorioz, honako lau alderdiek sinatu zuten: Eusko Abertzale Ekintza (EAE), Euskal Sozialista Biltzarrea (ESB), Herri Alderdi Sozialista Iraultzailea (HASI) eta Langileen Alderdi Iraultzaile Abertzalea (LAIA). Haiez gain, beste pertsona ospetsu batzuek ere hartu zuten parte eraketa berrian.

Urtemugaren kari, Berriak Joxe Manual Pagoaga “Peixoto” elkarrizketatu zuen. Hemen, ene ustez, elkarrizketako zenbait esaldi esanguratsu:

“Garai haietan herrira joatean, euskaraz mintzatzen ginen beti, eta jende batek erantzuten zigun egiteko kristianoz, eta sumatzen hasi ginen adineko jende bat, gerra bizi izan zuen jende abertzale hori, gure alde zela. Euskara errespetaraztea izan zen gure borroka bat, kaleko lehendabiziko borrokatxoa”. 

Egun, kasu onenean, “por favor-s’il vous plait”” eta “educacion-éducation” bezalako aitzakiekin, funtsean, berdina eskatzen digute: euskaraz ez egitea.

“Langile ildoan buru egiten zutenak, normalki, ez ziren euskaldunak, eta gure taldera-eta hurbildu ziren, eta ohartu ginen arazo nazionala bigarren mailako kontu bat zutela. Hori ez genuen onartzen guk. Arazo nazionala zen, eta da, bizkarrezurra.

Txabi Etxebarrietak ezkerrekoei esan zien klase borrokarako Euskal Herria zela esparrua, eremu autonomoa zela Euskal Herria, eta lehentasuna arazo nazionalak zuela. Ezkerrekoek euren jardunerako kontuan hartzen zuten Espainiako Estatuko egoera. Harrapatu zituen hor Txabik. Egia handi bat zen harena. Juan Jose Etxabek behin esan zidan hori egia zela, baina gezurra ere bai. Etxabek zioen berak bazekiela berrehun urte barru klase borroka egongo dela baina ez zekiela Euskal Herria egon den. V. biltzarrean esaten zen txanponaren bi aldeak zirela klase borroka eta borroka nazionala, eta Etxabek esaten zidan txanpona Euskal Herria dela. Txabi Etxebarrietaren azalpen hura oso baliagarria gertatu zen, luzaz, baina Etxabek ere arrazoia zeukan; txanpona bera Euskal Herria da.”

Euskal Herriak dauzkan ezaugarri berezituek egin dute posible borroka eta erresistentzia gaurdaino. Geure errealitatea soilik klase borrokatik aztertzen duenak hanka sartze itzela egiten du, eta normalki, 50 urte igaro arren, espainiarra eta erdarazalea izan ohi da.

“Mixel Labegerieri esker sortu zen Ez Dok Amairu, eta abesti baten hitzak klabea izan ziren, nire ustez, ETAren testu asko baino gehiago: Kaskoin edo maketo ez dugu etsaia. Guk gaztetan tabernetan-eta borrokatxoak maketoekin egiten genituen, baina hitz haiek aditu eta ohartu nintzen tronpatuta nengoela. Etsaia estatua zen, frankismoa bera, ez hona lanera heldu ziren espainolak. Nahiz eta batzuek gurekiko jarrera despotak eduki —gaur egun ere hala gertatzen da—, tronpatua nintzen ni ere: etsaiak ez ziren haiek”. 

Bada oraindik ere hori konprenitu ez duen jendea. Etsai nagusia aberatsak eta boteretsuak direla, ez gu bezalako koitaduak.

“Monzonek berokiko mutur azpitik karta bat atera zuen. Zioen burumakur ez gindoazela inora, eta esan zuen: “Alderdiekin ezin bada batasuna egin, herriarekin egin beharko dugu, ezta?”. Hor sortu zen Herri Batasunaren pindarra”. 


Bestalde, Sortuk atzo bideo bat zabaldu zuen, Herri Batasunak 10 urte bete zitueneko dokumentala, 1988koa. Ahotsa Joseba Etxeberria larrabetzuarrarena da, beranduago Dragoi Bola telesail ezaguneko Son Gokuren ahotsa izango zena.

Herri Batasuna sortu zela 40 urte  Herri Batasuna sortu zela 40 urte

Zer duzu buruan “Herri Batasuna sortu zela 40 urte (dokumentala)”-ri buruz

  • Herri Batasuna ETAk eta bere seme HASIk montatu zuten txiringito bat besterik ez zen izan.

    KAS koordinadora zen HBren benetako burua. Bereala desegin araziko zituzten bai ESB eta bai ANV, beren militante historikoetaz kimatuz. Abertzale inkautoak harrapatzeko trikimailu bat izan zen, ezker abertzaleari oinarri sozial zabalagoa emateko borondatez.

    HB definitua zen “klase herrikoien batasun historiko” gisa. Hau da, klase sozial desberdinak sartu zitezkeen; baina “langile-klasea”ren intelektual organikoak (partidoa eta kasu honetan koordinadorea, KAS) izango zen beti gidari.

    Orain noski zilegi da horrelako dinosaurio baten aztarrenak azalaraztea nahiz eta betiko engainu itxuraz, berriz ere abertzale txintxoek sinistu behar dute HB zela ez zena, zuzenbide bakarreko bagoi bat baitzen KASeko lokomotorak nahi zuen lekura eramana.

    Telesforo Monzon panpin folkloriko bat zen HBren zuzenbide iraultzailearen eskuetan; mitinetan erakutsi beharreko sinbolo bat, EAJ izorratu nahirik.

    Garai horietan ezker abertzalea gogotsu lerratzen zen Sobiet Batasunarekin HASIren ponentziak ederki erakutsi bezala. Uste zuten milenio gorria etorriko zela. Eta Euskal Herria kausa dohakabe horrekin lotu nahi izango zen.

    Zorionez hori guztia gaur egun iraganeko hautsa besterik ez da eta hauts hori harrotu nahi dute betiko engainatzaile koadrilla. Lehen Sobiet Batasuna, orain Kuba eta Venezuela dituzte eredu, XXI mendeko sozialismoa. Berriz ere gure herria kausa ustel bat uztartzeko saio bat.

    Hori joan zen, hondamendia besterik ez zuen utzi eta zonbi baten moduan berpiztu nahi da. Baina beti izango da hilotz bat eta gure herriaren desbideratu nahi izatearen eredua, oraingoz frakasatua eta hondoratua. Hala jarraitu dezala.