Heroiak ez, biktimak

Heroiak ez, biktimak –

Duela ehun urte bukatu zen munduan sekula izan den sarraski handienetako bat: Lehen Mundu Gerra. Milioika lagun hil ziren, “estatunazioen” eraikuntza garaian eta estatu haien arteko norgehiagoka giroan lehertu zen gerla hartan. Nazionalismoen talka hark suntsitu zituen milaka bizi, milaka familia, baita Euskal Herrian ere. 6.000 euskaldun hil ziren, Frantzia defendatzeagatik; beste milaka lagun zauritu ziren, beso bat, zango bat edo aurpegi zati bat galdurik; eta milaka desertore eta intsumitu ere izan ziren.

Heroiak ez, biktimak

Ohore handienak jaso dituzte hildakoek, oroitarri, urteroko omenaldi eta guzti. Desohorea, aldiz, desertoreek, intsumituek eta haien familiek. Oroitarrietan zizelkaturik agertzen diren izenen jabeek bizia eman zuten “aberriarentzat”, hots, Frantziarentzat. Heroitzat jo dira beti, soldaduek gogo onez eta “abertzaletasunez” egin zutelako gerla, Frantziaren alde eta Alemaniaren kontra, Frantzian nagusitu den bertsio ofizialaren arabera. Bertsio horrek baditu kontrakoak ere. Historialari batzuek diote soldaduek ez zutela gogo onez egin gerla, baizik eta beste erremediorik ez zutelako, behartuak zirelako, bestela errepresio gogorra jasanen baitzuten. Gisa hartan, gerla egin zutenak biktima ziren: salbaikeriaren, armamentu lasterketaren edota estatu-nazioen harrokeriaren eta botere gosearen biktimak. Eta gogo onez joan zirela uste zutenak berak ere biktima ziren, aitzineko hamarkadetako buru-garbiketaren biktimak, sinetsarazi zietelako “besteak” animaliak zirela, errautsi behar zirela, zibilizazioaren edo Jainkoaren izenean.

Horren guztiaren gainera, euskaldunei buruan sarrarazi zitzaien frantsesak zirela, Frantziaren alde borrokatzea zela beren buruaren alde borrokatzea. Ez dakigu zenbat joan ziren gogoz kontra, ezta ere ustez gogo onez joan zirenek zer zioten, zinez. Frantsesak zirela eta Frantziaren alde bizia arriskuan jartzea edo galtzea onartu zuten horiek manipulazioaren biktima ziren, sekta bateko kide bat manipulatua den gisa berean. Frantziak erabili zituen eskola, armada, prentsa eta abar, Frantziarekin deus ikustekorik ez zuten eta frantsesik ez zekiten milaka euskaldun frantses bihurtzeko.

Ez dakigu zein jarrera hartuko zuen Euskal Herriak, independentea izan balitz 1914an; beharbada ez zen sartuko zurrunbilo hartan, neutro gelditzea erabaki zuten beste zenbait estatu bezala. Gisa hartan, 6.000 pertsonaren bizia salbatuko zen, milaka zauritu, alargun eta umezurtz salbatuko ziren. Eta beste milaka lagun ez ziren joko intsumitu edo desertoretzat; eta, beraz, ez ziren “traidoreak” izanen, ontasun gabetuak, deserrira kondenatuak edo kartzelaratuak.

Euskaldun horiek guztiak dira gerlaren biktimak; are gehiago, Frantziaren biktimak. Denek merezi dute omenaldia, gure herriaren zapalkuntzaren biktima izateagatik, ez Frantziaren aldeko heroiak izateagatik. Frantziak esker-ona zor die, bere aliatuei ematen dien gisa berean. Eta barkamena gerlariei, gerlari uko egin ziotenei eta Euskal Herriari, menperatzeagatik eta sarraskira eramateagatik, Euskal Herriak eta euskaldunek ez zeukatenean zerikusirik gerla harekin.

Ehun urte iragan dira Lehen Mundu Gerraren narrazio ofizialarekin. Narrazio horren helburua izan da, denbora horretan guztian, goraipatzea Frantziaren batasuna eta euskaldunak frantsesak direla. Orain, gure narrazioa idatzi behar dugu. Hilen aldeko oroitarrietan zizelkatuak diren izenek eta haien familiek ez dute makurrik. Tragedia baten biktima ziren.

Oroitarri horietan ageri den Morts pour la Patrie da onartu behar ez dena. Ez ziren “Frantziarentzat” hil: “Frantziarengatik” hil ziren.

Eneko Bidegain

Heroiak ez, biktimak
Heroiak ez, biktimak
abertzaletasuna, Biktimak, estatu nazioa, Heroiak ez, historia, Lehen Mundu Gerra

4 pentsamendu “Heroiak ez, biktimak”-ri buruz

  • Aupa, Eneko, zor handia du Frantziak Euskal Herri kontinentalarekin eta euskaldunokin oro har. Gerla Handia zor horren parte bat baino ez da.

    Ba al da inormaziorik desertore eta intsumitu haiei buruz?

    Beharbada ideia ona litzateke hurrengo batean omenaldi bat antolatzea zuk diozun biktima horien alde -desertore eta intsumituak ere barne- eta Frantziari kontu eske. Egin izan da inoiz?

    Eskerrik asko.

  • Eneko Bidegain
    Eneko Bidegain 2018-11-14 12:21

    Egun on Gilen,
    Hain justu, joan den larunbatean ekitaldi bat izan zen Baionako antzokian, desertoreak eta intsumituak omentzeko. Ekitaldi horren antolatzaileek lan horretan jarraitu nahi dute, eta oroitarri bat egiteko xedea dute. Laster liburu bat aterako da intsumitu eta desertoreei buruz. Liburu hau ere badago, baina frantsesez: https://www.elkarargitaletxea.eus/default.cfm?atala=artikulua_ikusi&hizkuntza=1&id_produktua=09997.119032

  • Bai jauna! Bada garaia Gerla Handiari buruz euskaldunok narratiba propioa edukitzekoa! Bejondeizuela!

  • euskaldun bat 2018-11-14 23:04

    Eta zenbat horrelako… Egun hauetako batean irakurri dut Txinak sarekada bat egin duela unibertsitateetan langileen eskubideak defendatzen hasi ziren gazte marxistak atxilotzeko. Hau irakurri nuenean… ba horixe, besoak zabaldurik Yin eta Yan gelditu nintzen. Azkenengoak argia itzali dezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude