Heroiak

Heroiak –

Heroi anonimoz beteriko jendartean bizi omen gara. Haien artean, osasunaren profesionalak aipatuenak izan dira azken hilabeteotan.

Heroiak

Bere zama ugaritu egin da pandemiaren eraginez, lanaldiak luzatuz, salbuespeneko egoera bati lehen lerroan aurre eginez, kutsatuak izateko arriskuari aurpegia emanez eta higadura emozional garrantzitsua ere pairatuz, hainbeste pertsonen eta familien sufrimenduaz inguratuta. Nekea eta kemena beste langile askoren eguneroko errealitatea izan dira ere, erresidentzietan, hezkuntzan eta beste arlo batzuetan.

Ez dago zalantzarik egindako lanaz eta emandakoaz, baina zalantza bat sortzen zait. Zalantza baino, mesfindantza. Ea zein punturaino politikari batzuen ahotan eta sistemaren hedabideetatik zabaldutako doako laudorioak ez diren erabiltzen langile hauen eta jendartearen autokonplazentzia elikatzeko eta, aldi berean, gobernu eta agintari batzuen ardurak izkutatzeko. Telemaratoietan gertatzen den moduan, “solidario” titulua ematen zaio minbizi, gaixotasun arraro edo hondamendi baten aurrean dirua ematen dionari, baina ez da mahaigaineratzen galdera sinple baina gako bat: ez al genuke guztion inpostuetatik ordaindu behar limosna txalogarrien menpe egon ordez?

Jakina da pandemia honen dimentsioak ez zituela inork aurreikusten eta ondorioak kudeatzea ez dela batere erraza, berdin nor dagoen botere guneetan. Baina galdetu beharko genuke ea, hainbeste heroi anonimoz baliatu ordez, ez ginatekeen askoz hobeto arituko osasun sistema indartsuago izango bagenu, baliabide eta pertsonal nahikoarekin eta bere zerbitzu guztiak publikoak izanda.

Ea hezkuntza-sisteman nola egongo ginatekeen baliabide pertsonal gehiago eta behin-behinekotasun tasa askoz txikiagoa izatekotan, edota ea ez genukeen askoz berme gehiago izango agureen zaintzak behar duen benetako sistema publiko duin eta nahikoa garatu izatekotan. Hotsandiko geratzen da langile hauei guztiei heroiak deitzea, baina, baliabide pertsonal eta material nahikorik bideratzen ez direnean, zuzenagoa izango zen “gainkargara behartutako langileak” izendatzea.

Sentitzen dut, baina lanak ez gaitu heroi bihurtzen. Zenbat aldiz entzun dugu benetako heroiak direla goizeko 5etan altxatu, 8 orduz lanean aritu eta hilabetearen amaierara diruz justu-justu heltzen direnak, familia bat aurrera eramanez? Beti pentsatu dut ordu horietan lanera joateko altxatzea bizitza aurrera ateratzeko beste erremediorik ez izateagatik dela. Gehienetan behintzat. Ez da aukera bat, behar bat da. Behar bat, kasu askotan burges baten etekinak handitzeko baino balio ez duena. “Heroi anonimoa” izendapena sistemaren funtzionamendurako ezinbestekoa den langileriari bideratutako hitz goxoa besterik ez da, bere plusbalia lapurtzen jarraitzen den bitartean, askotan langilea bera konturatu gabe. Goiz jaiki eta gogor lan egiteagatik heroiak garela uste dugun bitartean, agian ez zaigu bururatuko heroiak beste modu batean izatea. Esklabutza-sisteman ere, pertsonaren erabakia anulatuta, heroia zela esan ahal zitzaion, baldintza txarrenetan sekulako lana eginda. Behartutako heroia edozein kasutan, hil arte mota horren heroia izatera kondenatua.

Halakoak entzutean pentsatu dut nortzuk izan zitezkeen jendarte honetan eta, haratago joanda, mundu honetan, “heroi” izendapena jaso beharko luketeenak. Eta erantzunerako hurbilketa bi gogoeta argigarritan topatu dut. Bata, Simón Bolivar-rek Paéz generalari 1819an idatzitako eskutitzean jasota: “Ezinezkoa dena da guk egin behar duguna, zeren eta posiblea denaz gainontzekoak aritzen baitira egunero”. Bestea, Bertolt Brecht-ena: “Badaude pertsona batzuk egun bat borrokatzen dutenak eta onak dira. Beste batzuek urte batez egiten dute borroka eta hobeak dira. Badaude urte asko borrokatzen dutenak eta oso onak dira. Baina badaude bizitza osoa borrokatzen dutenak: horiek dira ezinbestekoak”. Heroitasuna horri lotuko nuke. Ezinezkoa dena egiten saiatzeari eta ezinezkoa egiteko borroka jarraituari.

Heroi horiek etortzen zaizkit burura politikari populista baten ahotan heroi anonimoena entzuten dudan bakoitzean. Heroi horiek, asko anonimoak eta, beste batzuk, ez hain anonimo, baina boteretik kriminalizatuak eta jazartuak. Baita laidoztatuak ere. Kasu askotan, gainera, 5etan altxatzen diren ustezko heroi horietako batzuek laidoztatuak.

Horiek bai benetako heroiak. Errazenari uko eginda, korrontearen kontra joanda, bide zailena aukeratu dutenak, garai zein herri ezberdinetan. Ekoizpen-katean lan egin baino, edo materialki bizirauteko horretan lan egiteaz gain, borroka egitea aukeratu dutenak, kontratu bat sinatu gabe eta soldata jasotzea espero gabe. Akaso isunak, gartzela edo heriotza. Horiek, dena eman dutenak. Horiek, Brecht-en ezinbestekoak.

Edozein kasutan, argi izan behar dugu halako heroiak ezinbestekoak izan arren, aldaketa ez dela gauzatuko beren ekimenez bakarrik, baizik eta ekimen kolektibo kontziente eta jarraituaz. Ezinbestekoa delako gero eta herritar gehiagok antolatzea eta guztiok eman beharreko zerbait hori ematea, heroiekiko dependentzia gero eta txikiago bilakatzeko.

Heroirik behar ez izateko, ezinezkoa zen hori posible bihurtzen ari garelako. Norabide horretan, goraipenek eta txalo zaparrada masiboek kutsu eraldatzailea izango dute. Sistemaren engranajearen zerbitzura saltzen diguten heroikeriaz haratago.

Heroiak
Heroiak
Heroiak

Internazionalista. EHUko irakaslea

4 pentsamendu “Heroiak”-ri buruz

  • Etaio: UPVko irakaslea zaren aldetik ez daukazu eskubide moralik zerga gehiago eskatzeko, ez gaixotasun arraroak sendatzeko ez beste ezertarako. Heroiak zergak pagatzera behartuta daudenak dira.

  • Irakurri testua berriro mesedez.
    (eta zorionak eskubide moralak banatzeko ardura hartzeagatik)

  • Irakurri dut eta ganorazko ezer ez duzu esaten. Ohiko onkeria erakutsi baino ez duzu egiten. Telemaratoi karitatiboak ez ditut gustuko baina horregatik ez naiz hasiko zerga gehiago eskatzen. Eta zuzenean zergetatik kobratzen duzuenok zergatik eskatzen duzue zerga gehiago?
    Funtsean espekulazio instutuzionala da, estatu kapitalismo basatiaren modu bat.
    Telemaratoiena borondatezkoa da, bestea derrigorrezkoa.

  • Gaur egun estatua da langilei ” plusbalia” delako hori gehien ateratzen diena. Zuk aipatzen dituzun ” burges” horiek estatuaren funtzionarioak edo estatuekin harreman monopolistikoak dauzkaten enpresarioak. Hortik kanpo trafikanteak….gainerako ” esplotatzaile guztiak estatuaren babespean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude