Heroiak, eroak eta beste eroriko batzuk

Heroiak, eroak eta beste eroriko batzuk –

Ohar nahasi hauek idazten ari naizela, Espainiako armada Iruñeko karriketan dabil, birus arrotzak kanoikadaka garbitzen. Heroien ordua omen.

Heroiak, eroak eta beste eroriko batzukHondamendi, ezbehar edo gertakari larri bat jazotzen den bakoitzean, gure hobebeharraz, gure segurtasunaz arduratzen direnek heroi prefabrikatuen labekada berria zerbitzatzen digute etxera gosari, bazkari eta afaritarako. Atzo poliziak ziren, gaur militarrak. Eta bihar? Ez da egunik bere heroi edo santu armatua ez duenik.

Baina osasun langileak ere izar bihurtu dituzte -akaso aberriaren alde hiltzeko bokaziorik ez zuten heroi bakarrak-. Erreparatu al zaie, ordea, haien lan baldintzei? Erreparatu, esaterako, urteak joan, urteak etorri, Europako lan direktiba guztiak urratuz eta behin-behineko kontratuak kateatuz lanean diharduten osasun arloko prekarioen eskakizunei?

Otoi, ez ditzagun bazterrak nahasi larrialdi garaietan. Hobe geroko uztea kontu horiek, Orain herriak behar omen gaitu. Gure heroiak gurtu behar ditugu sirena hotsean. Beti da berdin. Berdin dio non. Zortzietan bulean, balkoian edo batzokian. Denok batera, elkarrekin, gaitza, gaizkia, etsaia edo dena delakoa garaitu arte.

Nor izango da gure hurrengo salbatzailea? Bada, hainbeste heroi karrikan suelto dabilen itxialdi egunotan, zer nahi duzue esatea, aukeran nahiago etxeko lau pareten arteko anabasaren erdian, erorikoak eginez, babak eltzetik atera ezinik dabilen eroa.

Heroiak, eroak eta beste eroriko batzuk

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude