Hendaiarrak ez dira euskal herritarrak

jupacri.flickr
jupacri.flickr

Ez behintzat ‘hemengo” hedabide gehienentzat, kasu zehatz honetan behintzat.

Izan ere, Irribarrez irakurri nuen atzo zenbait hedabidetan, titularretan, hiru euskal herritar daudela birusagatik berrogeialdian, Txinako hotel batean. Irribarre etsia eragin zidan, egia esan.

· Hiru euskal herritar daude birusagatik berrogeialdian, Txinan [Berria, atzo]
· La cuarentena por un caso de gripe en un hotel de Hong Kong retiene a tres vascos [Gara, atzo]

EITBrenak, berriz, irribarre etsia baino zerbait gehiago eragin dit:

· Zortzi dira Hong Kongen koarentenan dauden espainiarrak [eitb24.com, gaur]
Espainiar horiek, “hiru katalan, hiru euskaldun eta jatorri ezezaguneko beste bi” direla zehazten dute. Espainiarrak.

Argi dago, ia guztiek albiste agentzia handien teletipoak irakurrita osatu dutela albistea, hemen bertan argitaratzen diren gainerako euskal egunkariei kasurik ere egin gabe. Izan ere, inor gutxi akordatzen da pasa den asteazkenaz geroztik berrogeialdian dauden familia bereko lau hendaiarrez.

Pasa den ostegunean argitaratu zuen albistea Irun, Hendaia, Hondarribia, Pausu eta Biriatuko herri informazioa biltzen duen bidasoamedia.info webguneak [Familia hendaiar bat txerri gripearen ezbaian], eta ostiralean papereko ediziora eraman zuen Behe Bidasoako Hitzak.

Lau hendaiarrak, normala den bezala, ez dira espainiarrak Espainiako albiste agentzia handientzat. Okerrena, ordea, agentzia horiek bidaltzen dituzten teletipoak bere horretan hartu, eta Euskal Herriak lurralde gehiago dituela ahazten duten hedabideen hankasartzea da. Ia guztiek ahaztu egiten dute Txinan hotel batean baino euskal herritar gehiago daudela berrogeialdian Euskal Herrian bertan, Hendaian.

Irribarrea eragiten duen hankasartzea da. Baina etsia.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

4 pentsamendu “Hendaiarrak ez dira euskal herritarrak”-ri buruz

  • Gari Berasaluze 2009-05-04 11:56

    Idatzi dudana ez da zuzena. Izan ere, BERRIA egunkariak ostegunean bertan aipatu zuen Hendaiako familiaren kasua. Orain Txinan berrogeialdian sartu dituzten horiei bezainbesteko lekua ez zion eman, baina aipatu zuen, bai.

    Atzoko eta gaurko albisteen titularrak puztuak irudituta idatzi dut testua, pasa den osteguneko letra txikia bidean galduta.

    Barkamena, bada, BERRIAri eta irakurleei.

  • ez dago albistea berriz editatzeko modurik, akatsa zuzenduta?
    bestela iruzkinak irakurtzen ez dituenak edo albistearen hasiera bakarrik irakurtzen duenak informazio okerra jasoko du…

  • Bai, albistea idatzi duenak badauka aukera hori “albisteak editatu” delakoan.

  • Gari Berasaluze 2009-05-05 10:31

    Zuzenduta.