Hemeroteka ariketa

Hemeroteka ariketa –

Hemeroteka ariketa

Katalan batzuek, inkluso euskaldun batzuek, euskaldunon jarrera estu hartzen duten honetan komeni da atzera begiratzea. Hemeroteka baliabide ona ohi da errealitatea patxadaz hartu eta perspektiba zabalagoaz aztertzeko.

Atzera begira dezagun, bada, Aznarren bigarren agintaldira hain zuzen (2000-2004). Orduan euskal abertzaletasuna deabrua zen, ikus. Cocidito madrileño (Akal 2003), eta ‘dena da ETA’ mantra zabaldu zuen Espainiako eskuinak. Horren ondorioz, 2002an Espainiar parlamentuak alderdien legea aldatu zuen Batasuna ilegala bihurtzeko asmoz. PPk eta PSOEk bultzatu zuten lege aldaketa eta CCk edota CiUk babestu zuten. Hona Manel Silvaren arrazoiak, CiUko bozeramailea orduan: “Es una ley constitucional, y tras recogerse las aportaciones, no caben objeciones jurídico-constitucionales a la misma”. Iñaki Anasagastiren erantzunak ondo laburbiltzen du egoeraren larria: “Confío en que CiU sepa dilucidar claramente en qué consiste el combate contra ETA y el combate que está llevando todos los días el Gobierno del PP contra el nacionalismo democrático”. Oso harreman ona zeukaten CiUk eta PPk, hain ona ze 2003an PPk CiUri Espainiako gobernuan sartzea eskaini zion. Koalizio desagertuak eskaintzari uko egin eta, aurreko urteetan ez bezala, Espainiako gobernuaren aurrekontuen kontra bozkatu zuen. PPren azkenak izan ziren haiek.

2004ko martxoaren 14an PSOEk hauteskundeak irabazi zituen eta handik hilabetera BNG, CHA, CC, IU eta ERCren babesarekin Rodriguez Zapatero sozialista presidente izendatu zuten Kongresuan. Urte horren bukaeran Eusko Legebiltzarrak Estatutu Berriaren proposamena aurrera atera zuen. Gaur zortzi, Oier Aranzabalek horri buruz idatzi zuen hemen Juan Jose Ibarretxe in memorian artikuluan. Ondo dago garai horretara bueltatzea eta ikustea, adibidez, Jaurlaritzak bere proposamena Legebiltzarrean aurkeztu baino astebete lehenago ERCk Zapateroren aurrekontuak babestu zituela. Orduan Estatut egosten ari zen eta hura lotzea zen lehentasuna Joan Puigdercosen berbetan: “nadie entendería que, cuando se está redactando un Estatut y un nuevo sistema de financiación en Catalunya, nosotros tuviéramos una actitud de echarnos al monte”. Handik oso gutxira Ibarretxe Lehendakaria Kongresura joan zen eta Estatutu Berriak ezezko borobila jaso zuen. Oso argigarria ere Duran i Lleidaren diskurtsoaren harira El Mundo egunkariko kazetariaren azpimarra: “Parece que hubiera olvidado que el tema que se trata es el del Estatuto vasco.” Bai ERCk, bai CiUk Eusko Legebiltzarraren proposamena babestu zuten.

.

Politika fikzioa egin beharrik ez:

Politika fikziora jo zuen Xabier Mendizabal Elizegik joan den astean Berrian Eusko Jaurlaritzaren jarrerak eragiten dion sentimendu gazia azaltzeko. Bere ustez, “egunotan Urkullu esaten eta egiten dabilen guztia ikusita […] euskaldunen ordezkariak katalanak saldu egin ditu” eta “gure lotsaren morralean nekez ahaztuko dugun zama astun eta usain txarrekoa botaz”. Ez zuen zertan fikziora jo behar, Tarradellasek Euskal Herriari buruz esan zituenak kontuan hartzen baditugu. Hona, 1978ko ekainean euskal gizarteari buruz bota zituenak: “En el País Vasco la gente se insulta, se difama, no como los catalanes que hemos sabido sentarnos en una mesa y arreglar nuestras cosas. ¿Cómo quieren que haya solución en un pueblo que tiene dos gobiernos, uno en el interior y otro en el exilio?”. Orduan autonomia negoziatzen ari ziren Espainiako Gobernua eta Eusko Kontseilu Nagusia. Katalunia bide beretik zebilen eta Tarradellasek horrela laburbildu zuen egoera: “De las veinte horas que he conversado con los distintos miembros del Gobierno, quince estuvieron dedicadas al País Vasco. El tema del País Vasco es el cáncer quie tenemos en España. Es un problema que, desgraciadamente, puede no tener solución”. Joxan Rekondoren artikulu honetan Tarradellasi buruz sakondu ahal duzue.

Ziur nago hamar urte barru Kataluniako auzia patxada handiagoz aztertuko dugula eta eragile bakoitzak jokatu duen rolarekin eskuzabalagoak izango garela. Ordura arte, hemerotekak baino ez digu laguntzen hori egiten. Horregatik, katalan batzuek, inkluso euskaldun batzuek, euskaldunon jarrera estu hartzen duten honetan komeni da atzera begiratzea. Hemeroteka baliabide ona ohi delako gaur egunekoa patxadaz hartu eta perspektiba zabalagoaz aztertzeko.

Hemeroteka ariketa

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.