Hemen da Bilblogari euskal blog lehiaketa

BilblogariBilbon bizi bazara ala Bilborekin nolabaiteko harremana baduzu eta internet eta idaztea gustuko badituzu, adi, Bilblogari blog lehiaketa hemen da eta berriro ere. Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol sailak nontzeberri.com webgunearekin batera euskarazko blogen lehiaketa jarri du martxan aurten ere. Bilblogarik euskararen erabilera interneten eta euskarri digitaletan bultzatzea du helburu.

15 eta 35 urteko bilbotar euskaldunei zuzenduta dago lehiaketa eta interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena www.bilblogari.net webgunean. Webgune berean parte-hartzaile guztienen blogak bisitatu ahal izango dira.

Hiru kategoria daude: blog pertsonalak, taldeko blogak eta blog tematikoak. Partaideek nahi adina blog aurkez ditzake, baina beti kategoria berean.

Epaimahaiak partaideen sormena eta bloga sortu eta elikatzeko trebetasuna izango ditu kontuan. Horrez gain, euskara maila, kalitate literarioa, diseinua, gaurkotasun maila eta originaltasuna baloratuko ditu. Kategoria bakoitzean saridun bakarra izango da eta horrez gain, blog originalena ere sarituko dute.

Zorroztu zure arkatz digitala eta jarri martxan sormena, euskal blogsfera zain daukazu eta!

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.