Helmugara, sasoi betean

Helmugara, sasoi betean

Helmugara, sasoi betean

Atzera begiratzea ariketa ona izaten da aurrera segitzeko bulkada eta indarra hartzeko asmoarekin eginez gero. Horregatik, mende-hasierara joko dut une batez, izan ere, orain dela 10 urte Bai Euskarari Akordioaren Plan Estrategikoaren diseinuaren bukaeran murgilduta zeuden ehunka entitatek fase erabakigarriari ekin zioten: euskararen normalizaziorako helburuak, ildoak eta ekintzak finkatuta, proposamen horietatik borondatez zeintzuk hartuko zituzten erabakitzea. Lan horren lehen emaitzak 2000ko ekainaren 13an jaso ziren Donostiako Teknologia Elkartegian egin zen Bai Euskarari Ziurtagiriaren lehendabiziko banaketa-ekitaldian. Bertan sektore guztietako 231 entitatek euskara ikasi eta gehiago erabiltzeko neurriak hartu eta Ziurtagiria eskuratu zuten.

Hamar urte bete ditu Bai Euskarari Ziurtagiriak helburu irmo batekin: arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragitea. Euskarak lanerako balio duela ohartarazteaz gain, onurak ere ekar zitzakeela argudiatu genuen orduko hartan, hala nola: balio erantsia, entitateen lehiakortasuna areagotzea, eskariari profesionaltasunez erantzutea, gertutasuna eta konfiantza transmititzea, barrura begirako motibazioa, atxikimendua eta pertsonak asebetetzea, erantzukizun soziala, irudia hobetzea, bezeroen aurrean sinesgarritasuna… abantaila horiek guztiak zituela. Azken batean, euskara apustu estrategikoa eta berritzailea da edozein eratako entitaterentzat.

Indarrak biltzea eta elkarrekin lan egitea izan zen orduan gure erronka, eta gaur hori berrestera gatoz. Bide luzea egin dugu, baina txandal eta zapatilarik gabeko maratoi-korrikalariak gara eta jakina denez, joko-arau eta planifikazio egokia lagun, adorea eta baliabide egokiak ezinbestekoak ditugu aurrera egin eta helmugara sasoi betean iritsiko bagara. Bestalde, maratoi berezia da gure hau, entitate bakoitza bere irteera-puntutik abiatzen baita; batzuek egina dute jadanik normalizazioaren aldeko apustu erabatekoa; beste batzuk, berriz, oraindik hasiberriak dira honetan. Baina horrek ez du orain gehiegi axola. Ibilbide honetan bakoitza dagoen tokitik abiatu eta den-denoi aurrerapauso bat gehiago ematea dagokigu.

1.500 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek baino gehiagok eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Ibilbide luzea eta oparoa egin du eta, aurrera begira ere, horrelaxe jarraituko du arlo sozio-ekonomikoaren eremu handiagoan eragin eta euskararen normalizazioa lortzeko. Bai Euskarari Ziurtagiria duen entitate bakoitzak ahalegin franko egin du lehenago ere euskarazko eskaintza osatuaren alde, euskarazko zerbitzu orekatu eta kalitatezkoaren alde. Era askotakoak dira horien jarduerak eta funtzionamendu-ereduak. Anitzak dira osaeraz, jatorriz eta helburuz. Baina guztiek dute ikusmiran, atergabe, gizarteari egoki erantzutea. Beraz, euskararen garapenaren alde lan egiteko borondatea azaltzen dute Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez, gizartearen beraren garapenaren eta ongizatearen alde lanean ari garelako horrela.

Zerbitzuak euskaraz eskaini ez ezik, lan euskaraz egitea ere bada gure helmuga. Neurri batzuk, beraz, oso epe laburrean betetzekoak dira: errotulazioa euskaratzea edo publizitatea euskaraz egitea, esate baterako. Beste batzuetarako, ordea, denbora luzeagoa behar da: entitate barruko pertsona erdaldunak euskalduntzea, adibidez, urte batzuetako kontua izan daiteke. Erakundea euskara hutsean funtzionatzera iristea ere urte askotarako lana izan daiteke.

Gure erantzukizuna zein handia den ere garbi erakutsi du ibilbide honek, baina prozesu honetan beste zenbait eragile daude eta horiei dagokie gure hizkuntzaren normalizazioa “de facto” eta “de iure” abiaraziko duen prozesuan lider izatea. Orain dela 10 urte, Teknologia Elkartegian izandako ekitaldian, azpimarratu genuen zein beharrezkoak diren lankidetza, koordinazioa eta sintonia egokia euskarak etorkizun oparoa izatea nahi badugu; are gehiago, lanaren munduan euskarak duen, edo beharko lukeen tokiaz hitz egiteko orduan funtsezkoak dira elementu horiek. Arlo honetan lan egiten dugun eragileok, irizpide argiek gidatuta, indarrak batu eta biderkatu behar ditugu, norabide berean. Askotan azpimarratu dugu ez dela indarrak, denbora eta baliabideak alperrik galtzeko garaia eta administrazioak, buru izateaz gainera, arrakastaz garatzen ari diren egitasmoekiko osagarritasuna bilatu behar du, bikoizketak alde batera utzita. Azkenik, eskerrak ematea bereziki urri gertatzen zaigu gaur. Bai Euskarari Ziurtagiriaren jabe diren entitate hauen jarrera txalotzea dagokigu, haien borondatea indartzea eta lau haizetara zabaltzea. Ikusi duzuen bezala, bi hitzetan nekez esan daiteke hori guztia. Baina hitz bakarrean adierazten ahaleginduko naiz: bejondeizuela!

Rober Gutiérrez

Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendaria

Helmugara, sasoi betean
Irudia | Ziurtagiriaren iragarkitik | ZiurtagiriaElkartea | Creative Commons By SA
bai euskarari, bai euskarari ziurtagiria, euskara, ziurtagiriaren elkartea

Zer duzu buruan “Helmugara, sasoi betean”-ri buruz

  • Ziurtagiriak ziurtagiri, badira oraindik euskera zokoratzeko lotsarik ez daukaten Lehen Mailako erakunde garrantzitsuak. Ikusi, esate baterako, gure Realaren orri ofiziala…
    http://www.realsociedad.com
    Aperry, pistak kendu bai, baina euskerari behar duen tokia eman ere bai!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude