Helburuak zehaztuz

Helburuak zehaztuz –

Neurrian bada ere, hauteskundeak beti dira, gizarteak bere iritzia jakin arazteko eskura duen tresna. Beste gauza da jakin arazte horrek erantzunik jasotzen duen ala ez. Ez da erraza. Non, nola eta norekin gauden ongi aztertzean dago gakoa.

Arg: Farhad Sadykov (flickr)

Non gauden jakiteak beti lagunduko du baina, Estatutik Estatura, sistema ekonomiko eta politiko batetik bestera, nazio eta etnia minoritarioen arazoak, modu desberdinak hartzen dituzte. Nazio-arazo bera ez da arazo berdina Irlandan, Italian, Frantzian edo Espainian. Horrela diote eta egia da.

Erakunde estatal bat dugunean, eta nazio bat baino gehiago haren barrenean, desberdinak beren artean -Estatu plurinazionala-, zein izan daiteke hoberena: askatzea, beraz, nazio bakoitzak bere erakunde estatal berjabea burutzea? Estatu berean elkarrekin jarraitzea, federazio edo konfederazio gisa? Hori da zehaztu behar duguna.

Beharbada horregatik helburu zehatzak argi jakinarazi eta hauek denei ongi ezagutaraztea, derrigorrezkoa da. Nazioen autodeterminazioaz, elkarte nazional arrotzetatik, Estatu gisa askatzeko eskubidea ulertzen baita, Estatu nazional burujabeen sortzea ulertzen da. Eta jakinik, Estatu espainolean demokrazia teoriko hutsa den baitan bizi garela, eman beharreko urratsak ongi neurtu beharrean gaude,  aurrera egin nahi badugu.

Euskal Ezker Abertzaleak, -edo Gramscik esango lukeen bezala- “ezker abertzale historikoak” azken berrogeita hamar urte hauetan  erakutsi du, -ongi erakutsi gainera- borrokan herriaren alde dakiela, baina orain “politika egiten” ere, badakiela erakutsi beharrean dago eta horretan ari da. Ezker Abertzaleak, gobernatzeko gauza dela erakutsi beharrean dago. Horretan,  gizartearen konfiantza irabazten hari da, hor azken hauteskundearen “mezu” garbia. Ezker Abertzalearentzat, maila guztietan ongi “osatua” dagoen, eguneroko azterketa dauka aurrez aurre.

Ez da lan makala, kontuan harturik, ia mende erdian demokrazia politikoa kontrolaezin luzetan, eginkizun publikoen agintea “kasta” berri baten pribilejio izan dela. Gizarteari sinestarazi zaie, kudeaketa publikoa ikaragarri konplikatua dela eta EAJk barruan ditun tekniko batzuk bakarrik dakitela hori eramaten. Besteen  esperientzia eza saldu dute, “beldurra”.

Garai berriak sortu nahi ditugu, eta garai berri horietara egokitzen hari gara. Orain arte, Euskal Herriko gizarteak “nahi ala ez”, erreferentzia garbi eta seguru bat izan du azken hamarkadetan: ETA. Autoritate zaila, baina era berean irmoa. Zaila zen jarraipenik ematea. Kontrola ezina justu zer zen. Baina autoritate oso-osoa zen. Autoritate bezala osoki aitor zitekeena eta harekin osoki identifika zitekeen,  edo ez..

Bestelako denborak dira gaurkoak. Bestelako “dohainak” behar ditu gaurko agintariak, baina hala ere, maiatzaren hogeita seian -frogatu den bezala-  lan sendoaren emaitzak izango dira etortzeko daudenak. Edo ez dira izango.

Betidanik, borroka luze eta gogorrez bakarrik lortzen baita askatasuna. Beraz, nola edo hala, iraultza da eta lortzen denean festa izan ohi da. Gero, -ez dakit noiz- baina festa egunak igarotzean, nazio sentimenduak epeltzen hasten dira. Arras normala. Arazo berriak laster agertzen dira, eta lehen hainbesteko garrantzia zuten gauzak -nazio hizkuntzak adibidez- garrantzi gutxiago ematen diegu.

Ataka hori ez da politikoen afera hutsa, baina egiazkoa da eta horregatik, kontuak garaiz ateratzea hobe. Egia baita, herri zapalduan aukera gehiegirik ez dela izaten -begira Nafarroan gertatzen  hari dena- nazio hizkuntzak galdutakoa berreskuratzeko. Gaur bertan, gaztelania euskara zapaltzen ari baita. Horregatik entzuten dugu, tolerantea izan behar dela, zapaltzailearen hizkuntza besterik erabiltzen ez dutenekin. Ez dela gehiegi “exijitu” behar. Baina agian aukera gehiago izateak gogo gutxiago ere ekartzen ahal du. Eta nahi omen “luketelako” hartatik; ezin dutela, zaila dela, ez dela hain garrantzitsua…

Lehen nioen helburu zehatz eta argiaren ezagutza ezinbestekoa dela, orain gehiago sakonduz, berriro Estatuari begiratuko diot.

Helburuen arabera, estatu sortzeak,  teoria eskatzen du eta teoriak, derrigorrez jakinduria. Ezinbestekoa da, gizarte zibilak pentsatzen duena jakin eta ulertzeko. Gizarte zibila ez baita batasun hermetiko bat, sailkatuta dago mila era, talde eta maila sozialetan. Derrigorrezkoa ikusi arren, esperientziak erakusten du, Alderdian “jositako intelektual-kontseilariak” ez direla zuzen-zuzenean txertaturik, ez organizaturik egon ohi. Beraz, harreman sistema konplexua da, baina lan sendoa eta zuzena eginez, “borondate kolektiboa” lor daiteke, eta horrekin, aginpide politikoa eskuratzea posible da.

Nik horrela uste dut, baina hala ere, kontuan hartzekoa da “borondate kolektiboaren”  bidetik jo beharrak, uste gabean, agintariak aldatze hutsa ekar dezakeela. Eta nik, gehiago nahi nuke.

Helburuak zehaztuz
Helburuak zehaztuz
Helburuak zehaztuz
Josu Iraeta

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude