Hekimenek ez du askitzat euskarazko hedabideentzako laguntza publikoa

Hekimeneko Batzar Nagusia eta gogoeta

Hekimeneko Batzar Nagusia, urte anitzeko diru laguntzak direla eta

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak urteko batzar nagusia egin zuen joan den ostiralean Martin Ugalde Kultur Parkean, eta bertan 2015eko memoria eta 2016ko ekintza plana onartu zituen. Bilera berean, batzarrak zuzendaritzako kide izendatu zituen Elhuyar eta Jakin aldizkaria, Gazteberri eta Xaloa Telebistaren ordez. Halaber, Zinea.eus ataria elkarteko bazkide berria onartu zuen.

Batzar nagusiak administrazioen diru laguntzen gaia aztertu zuen, zehazki HPSk hurrengo urteetarako aurreikusi duen urte anitzeko deialdia, eta horren inguruan daukan iritzia publikoki plazaratzea adostu zuen.

Hekimeneko Batzar Nagusia eta gogoetaHekimen Euskal Hedabideen Elkartearen helburuetako bat izan da, sortu zenetik, administrazioarekin epe luzeko planteamendua lantzea, sektorearen egonkortasuna eta garapenari begira. Lan hori 2015ean sakon landu nahi izan zuen elkarteak eta, urtarriletik uztaila bitarte, hainbat bilera egin genituen HPSko ordezkariekin. Bilera horietan, sektorearen diagnostikoa helburu, informazio asko eta oso interesgarria partekatu genuen hedabideen audientziez, irismenaz, publiko potentzialaz, inbertsio publikoaz edo balio sozialaz.

Hekimenek azpimarratu nahi du beti sinetsi duela bilera hauen garrantziaz. Ez gara bakarrik inbertsio publikoaren gorakadaz aritu. Hitz egin dugu sektorearen egoeraz, ahuleziez eta indarguneez, eta hitz egin dugu administrazioaren esku hartzeaz. Nabarmendu nahi dugu elkarlanerako jarrera eskaini duela Hekimenek, eta Euskal Hedabideen Behategiaren barruan kokatu dugula eskaintza hori: gune bat non Euskal Herriko unibertsitateek, administrazioek eta sektoreak berak euskal hedabideen zereginaz, helburuez eta garabideez hitz egingo zuten. Joan den urtarrilaren 14an EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatearekin batera Bilbon sinatu genuen hitzarmenak bultzada handia eman zion proiektuari.

Elkarlanerako jarrera horrek, era berean, lagundu digu bidean topatu ditugun oztopoak gainditzen, eta planteamendu berriak egitera eraman gaitu: urteroko diru laguntzen deialdian aldaketak proposatu ez ezik, publizitate instituzionalaren banaketaren inguruan hausnarketa egin dugu eta sektorea industria gisa kontuan izan dadin lan taldeak martxan jarri ditugu.

Izan ere, ez da bakarrik 2010etik hona behera etorri direla aurrekontuak euskal hedabideentzat.

Jakina da publizitatea dela hedabideen diru iturri garrantzitsua. Bada, Jaurlaritzak publizitate instituzionalaren %3 baino ez du egiten herri ekimeneko hedabideetan. Elkarteak behin baino gehiagotan proposatu du hizkuntz irizpideak txertatzeko publizitate kanpaina publikoetan, baina gaur arte Jaurlaritzak ez du horretarako urratsik egin. Azken urteotan, bestalde, erdal hedabideetan euskara sustatzeko diru laguntzak berreskuratu ditu HPSk (400.000 € azken deialdian): hedabideentzako egon diren igoerak, beraz, erdal hedabideentzat izan dira.

Hekimen elkarteak sustatuta, 2015ean zehar euskal kulturaren inguruko hainbat enpresa eta elkarte batu ziren sormen industrien gaineko gogoeta egiteko, Europa osoan gertatzen ari den hausnarketaren haritik. Hedabideak, argitaletxeak eta hizkuntzaren industriako, musika sektoreko eta ikusentzunezko elkarteen ordezkarien artean dokumentu bat osatu genuen, eta ahalegindu gara Kultura eta Industria sailen artean solaskidetza lotzen.

Beste administrazioei dagokienez, Nafarroako Gobernu berriak UPNko gobernuak bideratzen zuen antzeko kopurua esleitu dio euskal hedabideentzako diru laguntza deialdiari, eta ezin dugu nahikotzat jo. Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena jaitsi egin da azken urteotan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren deialdia atzeratu egingo da Europako diru laguntzekin sortu daitezkeen arazoak direla, baina igoerak izan dira tokiko telebistetarako deialdian (%38) eta IKTkoetan (%31). Arabako Foru Aldundiak, berriz, bere ekarpena nabarmen igo du aurten: 10.000tik 50.000 €-ra.

Gogoeta hauen ondorioz, planteamendu ekonomiko zehatza egin zion elkarteak HPSri iazko uztailean. Bertan, 2008-2010 urte bitarteko ahalegin publikoa berreskuratzeko planteamendua landu genuen, alegia aurrekontu orokorraren %0,06 inguru. Horrek ia 1,5 milioi €-ko ekarpena egingo zion sektoreari. Horrez gain, irismena, kalitatea, berrikuntza edo estrategikotasuna irizpideekin lotutako poltsa aldagarri eta neurgarri bat ere aurreikusi genuen, milioi bat urtekoa. Dena, hainbat urterako proposamenarekin lotuta. Planteamendu irekia zen.

Eusko Jaurlaritzak 2016rako onartutako aurrekontuek, aurreneko aldiz, hainbat urterako ahalegin publikoa zehaztu dute, konpromiso kredituen bidez: 11,46 milioi € 2019. urtera arte. Hau da, aurtengo udazkenean egitekoak diren hauteskundeetatik aterako den gobernuak azken bost urteotako aurrekontu ia bera izango du hurrengo hiru urteetarako euskal hedabideentzat. Diru bera zortzi urtez jarraian, eta irizpideen inguruan eztabaidatzeko aukerarik gabe.

Hekimenek adierazi nahi du urte anitzeko planteamendua ona dela sektorarentzat, baina diru berdina egotea eta deialdia sektorearekin irizpideak eztabaidatu gabe egitea ezin dugu nahikotzat jo, ez delako Hekimenek eskatzen duena eta ez duelako bermatzen sektore osoaren egonkortasuna eta garapena.

Hekimenek, beraz, bere konpromisoa berretsi nahi du datorren gobernuarekin epe luzera begirako planteamendu egonkor eta eraginkorra lantzen jarraitzeko.

Andoain, 2016ko martxoa

Hekimen – Euskal Hedabideen Elkartea

hekimen

Hekimeneko Batzar Nagusia eta gogoeta
euskaraz, hedabideak, hekimen
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude