“Euskal hedabideek azken urteotako diru laguntza publiko txikiena izango dute aurten”

Hekimen Euskal Hedabideen Elkartea Gipuzkoako Batzar Nagusietako Euskararen normalizaziorako eta erabilerarako politiken batzordean izan da gaur goizean, diru laguntza politikaz eta egungo egoeraz balantzea egin eta aurrera begira euskal hedabideek dituzten erronkei buruz hitz egiteko.

Agerraldia Bildu Batzarkide taldeak eskatu zuen joan den azaroan, “Gipuzkoan egoitza duten eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako diru-laguntza banaketa berriak kinka-larrian jarri dituen euskal hedabideen agerraldi eskaera”, lemapean. Hedabideon izenean, Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak HPSren diru laguntzen garrantzia azpimarratu du agerraldian, eta gogoratu du Siadeco enpresak 2013ko abenduan egindako txostenaren arabera, euskara aurrekontu publikoak pisua galtzen ari direla etengabe azken urteotan.

Siadecok Hego Euskal Herriko administrazio publiko garrantzitsuenen 2006tik 2012ra bitarteko aurrekontuak aztertu zituen txosten horretan, eta ondorioztatu zuen aurrekontu orokorrek gora egin zutenean, 2006tik 2008ra, euskarakoen igoera apalagoa izan zela edo jaitsi egin zirela, eta aurrekontu orokorrek behera egin zutenean, berriz, euskarakoek jaitsiera are eta handiagoa izan dutela.

Azken urteotan, joera ez da aldatu. “Administrazio guztiak kontuan hartuz gero, alegia Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Hego Euskal Herriko hiru diputazioen aurrekontuak aztertuta, euskal hedabideek azken urteotako diru laguntza publiko txikiena izango dute aurten, 2015ean”, adierazi du Barandiaranek.

Hekimeneko zuzendariak azaldu du euskal hedabideentzako diru laguntza garrantzitsuenean, HPSk banatzen dituen Hedabideak deialdian, iaz izandako aldaketak eragin handia izan zuela euskal hedabideetan. HPSk irismenaren irizpidea sartu zuen lehen aldiz deialdi horretan, eta poltsa nagusian puntuazio osoaren %70 eman zion irizpide horri. Hekimen elkarteak txosten bat agindu zion joan den abenduan Euskal Herriko hiru unibertsitateko bost irakasleri, irizpidea bera nazioartean eta gure artean nola erabili den ulertzeko, egin litezkeen hobekuntza proposamenak HPSri luzatzeko, eta gaiaren inguruan hausnartzeko. Txostengileen artean, kazetaritza, soziolinguistika, publizitatea eta estatistika arloko adituak biltzen ahalegindu zen elkartea eta, azkenean, lan honetan parte hartu dute Josu Amezaga (EHU), Eneko Bidegain (Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatea), Estitxu Garai (EHU), Xabier Landabidea (Deustuko Unibertsitatea) eta Yosu Yurramendi (EHU) irakasleek.

Txostenak aztertu ondoren, Hekimen elkarteak hainbat ondorio adostu ditu, eta gaur azaldu ditu ondorio horiek Batzar Nagusietan. Halaber, HPSri jakinarazi dizkio, aurtengo diru laguntzen deialdian bertan kontuan har ditzan gomendio gisa.
Hekimenek nabarmendu nahi izan du, alde batetik, diru laguntzen deialdian horrelako aldaketek eragin handia dutela sektorean, poltsa aurreko urteetako berdina delako eta gero eta gehiagoren artean banatu behar delako, eta aurrekontu orokorrekiko pisua galtzen ari delako. Esan behar da, era berean, diru laguntzak hedabideen jarduerak dituen bi dimentsioetako bakarrera bideratuta daudela —dimentsio ekonomikora—, eta, beraz, ez dutela sektorea garatzeko balio.

Irakasleen ustez, hedabideentzako diru laguntzak nagusiki irismenaren arabera banatzeak zalantza metodologiko ugari sortzen ditu, eta 2014ko deialdian kontuan hartu ez ziren hainbat aldagai kontuan hartu beharko lituzke administrazioak. Adituen arabera, irismena publizitatetik datorren kontzeptua da, eta hedabideen jarduna neurtzeko erabiltzekotan, hainbat egokitzapen eskatzen ditu, gaur egun sektoreak daukan errealitatera egokitu ahal izateko. Horrela, irismenaren beraren kontzeptua definitzea eta moldatzea eskatzen dute irakasleek, “lehiaketa gutxieneko berme batzuekin egingo dela ziurtatu ahal izateko”.

Baina irismena kontuan hartzekotan, adituen ustez,
• Kontuan hartu behar da hedabide bakoitzaren izaera eta hedadura: denentzat publiko potentziala ez da bera
• Irismena neurtzeko orduan, kobertura ez ezik frekuentzia ere baloratu behar da, alegia zenbatero banatzen da produktua; eta kobertura neurtzean, denentzat unitate bera hartu behar da aintzat, adibidez astean behingo irakurle kopurua denentzat
• Halaber, irismena neurtzeko aldagai homogeneoak behar dira: Irismena puntuatzeko modu bera, eta irismena neurtzeko modu bera ere bai.

Hekimenek beti defenditu du gogoeta zabalagoa behar duela laguntza politikak, eta HPSren laguntzek egun hedabideen sektoreak dauzkan kostoen portzentaje adostu bat estaltzera jo beharko luketela. Egiturari begira, alegia,. Ondoren, eragin soziala eta dinamismoak neurtzeko beste aldagai batzuk zehaztu eta ponderatu beharko lirateke, esaterako irismena, berrikuntza, kalitatea edo errentagarritasun soziala, euskal hedabideen lehiakortasun eta eraginkortasunaren adierazle gisa. Horrek beste ahalegin bat eskatzen du, ahalegin ekonomikoa ere bai.

Gaurko agerraldian, era berean, Hekimeneko zuzendariak azpimarratu du administrazio guztien irizpideak bateratu beharko liratekeela diru laguntza politikari begira, eta berriro ere nabarmendu du lankidetza eskaintza HPSrekin ez ezik foru aldundiekin eta Nafarroako Gobernuarekin.

Alde horretatik, elkarteak berebiziko garrantzia ematen dio HPSrekin abiatuta daukan elkarrizketa esparruari, sektorearen diagnosia egin eta aurrera begira diru laguntza politika berri bat abiatzeko.

 

Hekimen

2015eko martxoaren 12an

 

(ZUZEU Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko kide da)

hekimen

 

hekimen
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude