Hegemoniaren ametsa

Hegemoniaren ametsa

Hegemoniaren ametsaMaiatzeko hauteskundearen biharamunean ezohiko agerraldiak ikusi ahal izan genituen. Hego Euskal Herriko mapa konplexuan hamaika aurpegi mota: Maroto nazionalista erradikala harroturik; UPNkoak goibel; jeltzaleak saltoka; PSOEkoak aho bete hortz; Podemosekoak nonahi keinuka; EB ezinegonean eta EH Bildukoak doluminez. Ezkerreko esparru independentistaren osasunak kezkatzen nauenez, koalizioa abertzalearen biharamunaz arituko naiz.

EH Bilduren zuzendaritzaren erdigune mentala Gipuzkoan kokatu zutelarik, maiatzaren 24ko gauak ezuste handia ekarri zion aginte-taldeari.

Duela lau urte elkartasun uholdeak Bildu Aldundira eta Gipuzkoako herri gehienen gobernuetara eraman zuen. Arrakastak liluraturik, zenbait kidek hegemonia «gramscitarraren» estrategiari heltzeko parada iritsita zegoela deliberatu zuten. Horrela, geroztik, nortasun arazo handiak ukan ditu erakunde abertzaleak. Estriborretik eta ababorretik arrantza egin zezaketelakoan, joko mediatikoen beharretara egokitu ziren, bi alde horietatik batera pitzadurak sor zitezkeela kontuan hartu gabe.

Sistema partitokratikoak ahalbidetzen dituen tresna batzuk erabiliz, aginte-makila eskuan hartuta, sistemaren alderdiek eraiki duten joko zelaian, EH Bilduren zuzendaritzak iparrorratza galdu zuen, kudeaketa garbia aldaketa egonkortzeko argudia nahikoa zela ustetan.

Zalantzarik ez, EH Bilduk erakundeetan aritu izanak hautsak harrotu ditu. Koalizioak barne araudian aldaketak egiteko adina indarra ez eduki arren, talde subiranistak sistemaren aldeko indar guztiak oldartu ditu.

Haatik, hegemoniaren xedea ametsa baino ez da izan, erakunde horiek dituzten botere tresnak apurrak baino ez baitira, eredu sozioekonomikoa eta estatuen araudia defendatzen duten eragileen indarrarekin alderatuta.

Herrian egin dugu «katarsi-bilera» batean kide batek ederki adierazi zuen moduan: «EH Bilduk gobernua eskuratu zuen; ez, ordea, boterea».

Mendebaldeko jendarteetan botere faktikoa ez dago erakunde administratiboetan, estatuek eta multinazionalek elkarri banatu diote-eta. Gainera, azkeneko urteetan, bigarrenen mesederako. Euskal Herriko ezkerra oraindik ez da egokitu garai berrietara. Multinazionalek estatu-kolpe bat eman dute Europan, eta egun, erakundeak euren zerbitzuan dantzan jarri dituzte. Erakundeetan ez ezik, Europako jendarte zaharkituaren baloreetan ere neoliberalismoa garaile atera da. Oraingoz. Ur handi horietan Ezker Subiranistaren txaluparen lemalariek ez dute ortzimuga ikusteko betarik izan.

Hala eta guztiz ere, baikor egoteko datuak egon badaude. Gipuzkoazentrismotik atera, eta bilakaera historikoa aztertuz, Ezker Subiranista eta Independentistak erronka historikoari eutsi diola ematen baitu: Ipar Euskal Herriko zenbait eskualdetan lehenengo indarra da; Arabako ezkerraren erreferentzia; Nafarroa Garaiko aldaketaren gakoa… Erdigunetik at, ezker subiranista indar emergentea da, eta Ipar zein Hego Euskal Herriko aldaketaren giltza izanen da.

Bestalde, otsoa aipatzea beti arriskutsua bada ere, laugarren aldiz 300.000 herrikideen babesak, indarrean dagoen Alderdien Lege antidemokratikoa gainditu duela ematen du.

Hegemoniaren ameskeria baztertuz, oposizio soziopolitikoan jarraitzen dugula onartu behar dela uste dut, udal gobernuetan egon ala ez. Euskal jendartea ez da garai bateko herri gaztea, langilea, nekazaria, baserritarra, arrantzalea. Askoz konplexuagoa da eta nahi genukeena baino askoz kontserbadoreagoa. Esaterako, horrela uler daitezke zenbait herritan suertatu diren ezusteak, faktore ugari egonagatik ere.

Alabait, eraldaketa gure esku dago, herriz herri egindako eguneroko lanean, sektore herrikoiak berraktibatzen, esparru berrietara iristen eta «ababorrean» ditugun lagunei so egiten. Alternatiba, eredu neoliberalaren aurka aritzen diren talde eta sektore guztien elkarlanetik sor daiteke. Ezker Independentistaren lana: sektore berri horiek nazio askapen prozesua erakartzea da. Naziogintzan aritzea boterea sozializatzeko bidea dela erakutsi behar dugu. Sistema partidokratikotik harago doan eredu demokratiko parte hartzailearekin bat egin behar du mugimendu independentistak.

Ezker-eskuin dialektika ukatzen duen erabaki eskubidea diskurtsoaren erdigunera ekarri izanak ondorioak izan ditu. Gai jakin batekin eskatu diren herri-kontsultak antolatu ez izanak ere bai; baina batik bat, horren atzean dagoen estrategia aldaketa oinarri soziologikoarekin mintzatu gabe egin delako, noraeza erakutsi duelako eta azkeneko hamarkada hauetan hartu diren erabaki gordin asko ulergaitzak bilakatu dituelako. Zenbait mezuk EAJranzko bozka mugimendua erraztu dute. Beste batzuk ezkerreko diskurtso eraldatzailetik urrundu dira, eta independentziaren aldeko jarduna hozkailuan sartu izanak bihotz asko hoztu ditu.

Halere, arazoa ez da bereziki erabakitzeko eskubideaz aritzea. Eskubide horretaz aritzea eta batik bat eskubideak aldebakartasunetik gauzatzea oso tresna baliagarria da. Arazoa dugu estrategia horretan Estatuekiko menpetasuna onartzen duten taldeak eta neoliberalismo bultzatzen duten taldeak bidaideak izan daitezkeela pentsatzea eta norabide horretan jardutea.

Hegemonia ez dugu eskura, sistema ademokratikoaren arauak irauli gabe ezinezkoa da. Hegemonia ez, baina gutxieneko eraldatzailea eta eraikitzailea aktiba daiteke, gutxieneko faktikoa gaindituz. Pedagogia, zintzotasuna eta koherentzia iparrorratza, eta konpromisoa da gure haize ufada.

Berrian: http://www.berria.eus/paperekoa/1832/022/003/2015-06-18/hegemoniaren_ametsa.htm

Hegemoniaren ametsa Hegemoniaren ametsa Hegemoniaren ametsa Hegemoniaren ametsa Hegemoniaren ametsa

Donostiarra Pasaiaratua.