Hegazkinean

Hegazkinean

Leiho ondoan noa, hegala baino pare bat errenkada atzerago, ezkerreko hiruko eserleku-multzo osoan bakarrik; inguruan ditudan gehientsuenak bezalaxe,  eserlekuen erdia baino gehiago hutsik baitago. Hala ere, bada hegazkina gogoz gainezkatzen duen bidai lagun bat: eguzkia. Ezkerretara begiratzen dudanero hor ikusten dut irribarretsu edo burlati (ezingo nuke deblauki esan), horizontea erakutsiz eta zerua zerutik berezituz. Haren azpitik, izozturik daudela diruditen laino grisaxkak; kotoizko duna amaigabea osatzen dutenak, eta gainetik, are amaigabeagoa den zeru urdin-urdina, buruz behera jarritako itsaso tropikal gardena bailitzan: bare, isil eta bero.

Baina ekia astiro-astiro ari da joaten b

e

h

e

r

a

n

t

z,

argitasunak berarekin ihes egiten du, eta desagertzen ari den neurrian, eszenak erabateko aldaketa jasaten du: hotzaren sentsazioa nagusitzen da eta, itsaso tropikal gardena, bare eta isil oraindik, kantauriar kostaldeko arratsa bihurtu da; kantauriar kostaldeko arratsa, udaberriko egun argitsu baten azkenetan.

[Aste honetako argazkia Joseba Sainz de Murieta lagunak utzi digu. Joseba bilbotarra da, Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle, ZTG (Zientzia, Teknologia eta Gizartea) gaietan buru belarri sartuta dabil, bizizale amorratua da, eta daukan denbora libre apurrean, argazkilaritzan aritzea atsegin du, beste zaletasun askoren artean. Bere hainbat argazki ikusgai hemen]

Hegazkinean

IRUDHITZEN