Hedoi Etxarte: "Argitaletxe txiki eta ertainentzat panorama beltza da"

Hedoi etxarte –

Iruñeko Katakrak proiektuak liburugintzak bizi duen krisiaren bi aurpegiak ezagutu ditu, liburu-denda izateaz gainera argitaletxe ere badirelako. Proiektuko langile eta arduradunetako bat den Hedoi Etxarte (Iruñea, 1986) elkarrizketatu dugu Donostia Kultura Irratiko Ispilu Beltza saiorako. Hitz egin dugu bizi duten egoraz, politikaz, eta ortzemugan nabari diren aukera eta beldurrez. Hemen duzu elkarrizketaren transkripzioa.

Hedoi etxarte: "Argitaletxe txiki eta ertainentzat panorama beltza da"
Argazkia: Hik Hasi


Nola daramazu lehen fase hau?

Beno, arraro egia esan. Oso egun bitxiak izaten ari dira guztiontzat. Duela 50 egunetik hona. Eta berdin ari da izaten liburu-dendetan ere.

Hainbat liburu-dendarirekin hitz egiteko aukera izan dugu azken egunotan, eta galdetu behar dizugu, Katakrak proiektua zertan den. Nola zaudete garai zakarrotan?

Egia esan, guk baditugu lerro ezberdinak, eta batzuk etenda daude. Adibidez, goiko areto nagusiaren erabilera, sarritan izaten dena liburu-dendaren luzapen bat, hor egiten direlako hilean 20 eta 40 ekitaldi artean. Horietako asko liburu aurkezpenak dira, mahainguruak, solasaldiak, eta hori orain geldirik dugu. Kantina ere zabalik dago baina ezin da inor bertan egon, eta zabalik duguna da terraza eta sarrerako terraza. Benetan martxan dagoen bakarra bihotza da, liburu-denda. Zabaldu genuenetik egun batzuk besterik ez dira pasa eta, tentu handiz hitz egin behar dugu, baina, egia da egun oso onak izan direla.

Hori galdetu behar nizun: nolakoa izan da irekiera? Jendea gerturatu da? Egon da erantzun bat?

Ba, saldutako liburu kopurua ikusita, egon da erantzun altua. Esan nahi dut, iazko egunekin alderatuta dezente gorago. Baina askoz jende gutxiago gerturatu da. Alegia, etorri den jendeak zuzenean liburuak hartu ditu eta jende askok hartu ditu bat baino gehiago. Egia da etorri dela baita ere jada liburuak erosita zituen jendea, soilik jasotzera etorri dena. Pixkat bitxia da hori, ez? Sarritan argazkilari asko pasa da egunotan eta esaten zuten, baina non dago jendea? (Barreak). Egoera arraro hori, ez da bereziki jende asko etorri, eta aitzitik liburuak saldu, saldu direla. Eta ez dakigu online egin diren erosketa horien tendentzia mantenduko ote den ala jaitsiko den.

“Ez Berlinek, ez Madrilek ez dute erabaki
ospitaleetan biztanleko zenbat ohe ditugun”

Argi dago korapilo asko dauzkagula askatzeke, baina, orain irabazlea Amazon da, Netflix da, eta galtzaileak gertuko, auzoko, proiektuak.

Bai, beno, ikusi beharra dago, ez? Espainian ez da ezer egin printzipioz salmentak modu ilegalean egin dituzten enpresa batzurekin. Printzipioz esan nahi dut, zeren, liburu-dendak ezin ziren ireki eta orduan nola zen posible, baita bi aste gogor horietan ere, beste plataforma batzuk online aritzea? Europan, hor daukagu Frantziako epaitegiek hartutako erabaki hori, amazoni bidea ixten ziona. Aldi berean, egia da piztu dela erosketa bat, eta guk nabaritu dugu. Ez dakigu zenbateraino den elkartasunezko erosketa bat ala ez ote diren ohitura berriak. Guk beti izan dugu online denda bat, urtetik urtera igotzen zihoana, pixkanaka, eta bapatean leherketa bat izan du. Orain ikusiko dugu ea leherketa hori mantentzen den ala ez. Oraindik ezin dugu jakin, baina, egia da oso gauza bitxia gertatu dela, eta da, joan den astean, bagenekienean jada liburu-dendak irekitzen hasiko zirela, online salmentak jarraitu du igotzen. Eta aste honetan ere, denda zabalik izanda, jendeak jarraitzen du online erosten, gainera, berrogeialdia hasi zen egun horietan baino gehixeago. Denbora gehiago itxaron beharko dugu jakiteko ea joera hauek ohitura diren ala unean uneko zerbait den. Iruñeko 8-80 txirrindu zale elkartearen proposamen bat jaso dugu, martxan dagoena, eta berauek astelehen, asteazken eta ostiraletan banaketa egingo dute bizikleta bidez Iruñerri osoan. Eta horrek kriston ekarpena suposatzen du Katakrakentzat, eta sekulako aukera irakurleentzat, inolako posta plataformak eskaintzen ez dizun bapatekotasunarekin liburuak eskuratzeko aukera izango baitute.

Ederrak dira halako elkartasun keinuak. Eta noski, sentitzea liburu-dendaren inguruko komunitate hori hor dagoela.

Bai.

Baina tira, zuek liburu-denda izateaz gainera argitaletxe ere bazarete. Bi aldeak ezagutu dituzue.

Bai. Egun hauetan guztietan foro ezberdinetan izan gara eta, adibidez, Bilboko Consoni argitaletxeak antolatutako foro batean, Estatuko dozena bat argitaletxerekin egon gara. Eta bestela ere, beste argitaletxe askorekin badugu harremana, eta argitaletxe txiki eta ertainentzat panorama beltza da. Eta gero badaude kasu partikularrak, elkarren artean antza handia dutenak. Guri harrapatu gaitu liburu bat banatzen, Silvia Federiciren azkena. Eta beste bat inprentan amaituta geratu zena, etenaldi gogor hartan: bost egun, bost gau. Banaketak hasi behar zuen duela 3 aste, oraindik ez dago banatuta eta zer egingo dugu hedabideekin… hori guztia, ez?

Ikusiko dugu denbora honetan banatu diren liburuekin zer gertatzen den, baina, ziur aski problema etorriko da hemendik aurrera. Orohar, argitaletxe txiki eta ertainek ez dakite zer egin. Jaitsi behar dugun jada txikia zen erritmo hori gehiago ala mantentzen saiatu behar dugu gure burua? Gure ekonomian ere eragin handia izan du denbora honek. Egia da gu enpresa erregulazio espediente batera joan ginela, eta horrek printzipioz soldataren %70a segurtatu digula, baina, guk jarraitu dugu hipoteka ordaintzen eta bestelako gastu finko mordoxka bat. Gainera ezin izan dugu ezer batu garrantzitsuak diren data batzuetan, adibidez, liburuaren egunean. Egoera larria da.

“Europa ez globalizatuan, krisia ez da nabaritu,
ez da inolako ezustekorik egon heriotza tasan”

Krisi honek lehendik zeuden arrakalak are sakonagoak egin ditu, ala?

Bai, nik uste dut baietz. Eta ikusiko dugu, ez? Esan nahi dut, argitaratzen ari diren azken txosten ekonomikoak oso larriak dira. Begira, atzo liburu-dendatik pasatzen batek bota zuen: “Bueno, okerragoetatik atera gara!”. Eta gero, hitz egiten jarraitu genuen eta esan nion, okerragoetatik atera gara? Tira, gure espeziea atera da, baina esaten nion, ez zu ez biok ez gara egon horrelako egoera batean. Seguraski gure gurasoak ere ez. Eta gure aiton-amonak asko jada hil dira, beraz, ez daude. Nik ez dakit gaur egun ardurak hartuak dituzten belaunaldi aktiboek antzeko ezer ezagutu duten. Ez hemen, ez Europako beste lekuetan ere. Orain bigarren mundu gerraren amaieraren 75. urteurrena baldin bada, ba pentsa, horrek esan nahi du Europako historiaren aldirik beltzenak atzean oso aspaldi geratu zirela. Krisi batetik hobera egin den une bakar horietan, izan da, egon direlako mugimendu politiko antolatuak, krisi hori baliatu dutenak ordura arte boteretsuenak zirenei boterea kentzeko. Gaur egun ez da hori egoera. Orduan, oso gauza arraroa gertatu beharko litzateke, gerta daitekeela, eta gertatu izan da, ba boteretsuenek halako suizidio bat egitea ala haien arteko anikilatze bat, ez… Beraz, ikusten ari garena da, adierazle guztiak okerrerakoak direla 50 egun hauetan. Esaten da enpresa erregulazioetan gauden lau milioi eta piku horietatik herena langabeziara joango dela zuzenean. Hau da, milioi bat gehiago batu zaiela lehendik langabezian zeuden horiei. Hori astakeria bat da.

Astakeria bat da bai.

Guztia ezta? Zeren guztiak egin du huts hemen. Europako leku guztietan ez, baina, hemen bai.

Horrelako krisi batek agerian uzten ditu, inoiz baino gehiago, bertuteak eta gabeziak, ez? Gabezia horiek agerian geratu dira, nola osasun alorrean, hala beste alorretan. Eta gero etorriko den desastre ekonomikoa, auzitan jartzen duena aurretik genuen sistemaren jasangarritasuna.

Klaro. Ez hori bakarrik, nik ez diet infekzioen zifrei inolako jaramonik egiten, badakigulako oso txikiak direla egiten diren test kopuruak. Baina bada beste datu bat nik egunero begiratzen dudana, nahiz eta, egunero ez duten eguneratzen eta da MoMo, heriotza tasarena. Hor bai ezin dela engainatu, zenbat jende hil den adierazten baitu. Eta bi Europa daude, Europa globalizatua eta horren globalizatua ez dagoena. Eta hain globalizatua ez dagoen Europa horretan, ez da ezta igarri ere egin krisia. Europa ekialdera baldin bazoaz, ikusiko duzu nola ez den egon inolako ezustekorik heriotzetan. Eta gero Europa globalizatuaren barruan ere badaude bi Europa; bat 100.000 biztanleko 29 ZIU ohe dituena, Alemania; eta 8, 9 ohe dituen bestea, Espainia eta Hego Euskal Herria. Hor ikusten da globalizazioa, guk bizi izan dugun bezala, naturarentzako zer desastre den, eta munduko herrientzat zer desastre den. Baina gainera zure eredua baldin bada oso mediku gutxi izatearena, baina, polizia asko… Turismo masiboarena, baina gainera oso kalitate txarrekoa dena… Horrek guztiak ondorio batzuk ditu. Eta gero egin dezakegu nahi dugun txobinismo guztia esanaz, Alemaniak ez duela elkartasunik eztakit norekiko… baina esango nuke, ez Berlinek, ez Madridek ez dutela erabaki Hego Euskal Herriko ospitaleetan zenbat ohe ditugun, edo zenbat ohe kendu ditugun. Hori Gasteizen eta Iruñean erabaki da. Nekez egongo da beste ortzimugarik, ez bada honetan ezer pentsatzen. Eta esango nuke ez dela pentsatzen ari horretan.

Pedro Miguel Etxenikek zioen Berria egunkarian koronabirusa badela askatu beharreko korapilo bat, baina badirela gehiago. Eta honek balio behar digula konturatzeko, beste arazo horiei ez diegula muzin egin behar.

Ados nago. Eta tamalez uste dut, gaur gaurkoz, ez dela gaitasunik egongo horretarako. Egia da badagoela fede oneko jende asko, eta hori onartu behar da, baina, tamalez eta oraingoz, nik esango nuke ez dela nahikoa hemen behar den aldaketa sakon hori martxan jartzeko.

Hedoi etxarte: “Argitaletxe txiki eta ertainentzat panorama beltza da”

Ekaitza bainuontzi batean