He was not wrong

04_gainbehera

Alter dixit.


Marcel Duchamp agertu zait ametsetan.

Kale ilun batetik pasieran nabilela, urratsak entzun ditut nire atzean. Ez dut burua bihurtzeko adorerik bildu: dozena erdi bat norabide aldaketaren ostean, badakit norbait segika dudala. Zer egin ez dakidala, Norman Bates beraren etxea zirudiena ikusi dut aurrez aurre. Nagoen esturatik alde egin nahian, sarrerako atea ireki dut eta nire gibelean itxi.

Ez dut jada urratsik nabaritzen. Ilun dago dena, errezel zarpailduek kale-argien lana oztopatzen dute. Ezkerrerantz doan korridorea hartu dut, ezkutatzeko leku apropos baten bila. Egongela handi batera sartu naiz eta, sofa zahar baten gainean, Xake jokalarien erretratua ikusi dut horman.

Margolan kubista hori da, behar bada, Duchamp Puteaux-eko taldea bezalabataiatutako kide zen garaiko adierazpen gorena. Erretinan sortutako irudien kaltetan, eta koadroan erakusten den xake partidaz haratago, jokalarien buru-lanari eman nahi zitzaion enfasia.

Ez dakit buruan dudan ezinegona islatzen jakingo zuen, ez eta jokatzen ari naizen xake partida nola bukatu behar den: sarrerako atea ireki du norbaitek. Ezkaratzera daraman atea gurutzatu dut nik. Barlaz bestaldeko argiek pixatoki bat erakusten dute, Iturria, harraskak behar lukeen lekuan.

Duchamp-ek asmatu zituen ready-made delakoen adierazgarririk onena da artelan hori. Egunerokotasuneko edozein objektu modu arbitrarioan aurkeztu eta artelan bihur zitekeela frogatu nahi zuen, artistaren gogoak hala nahi izanez gero. Eta ez zebilen guztiz oker: Andy Warhol-ek gerora irabaziko zuen dirutzari erreparatu, bestela.

Estu nago, nora jo ez dakidala. Alboko ate batekin saiatzen naiz. Gelaxka batean nago. Ate bi daude bertan eta, bien arteko horman, Hedatutako harien sarea.

Garai honetan, Duchamp-ek, artisten xede kontzientea zuen jomuga, zoriari leihoak parez pare irekiz. Metro bat luzerako hiru hari moztu zituen eta hiru mihiseren gainera erortzen utzi. Gero, hiru hariak kalkatu eta mihise bakarrean irudikatu zituen, bestelako asmo artistikorik gabe.

Baina ni ez nago hain lasai zein ate aukeratu zoriaren esku utziz, nire hautuaren ondorioak ezin neur baititzaket. Eskumako atea ireki eta sotora doazen eskailerekin egin dut topo. Azkar jaitsi ditut eta euren azpian ostendu naiz.

Urratsak berriro, jaitsi berri ditudan eskaileretan behera. Hanka bi dira. Sotoko bazter batean Biluzia eskailera jaisten ikus dezaket. Ironiak, patuak edo umorerik beltzenak jarri duela han ematen du.

Duchamp mugimendua margozten saiatu zen obra honetan, eskailerak jaisten dagoen gorputz biluzi bat irudikatuz. Gaur egun, noizean behin, argazkietan mugimendua harrapatzea lortzen dugu, baina orduko lan hura inflexio-puntu bat izan zen.

Begiak itxi ditut, etsita. Biak izan dira bat: laban-ahoak lurra jotzean atera duen zarata eta nire erraietako odolaren beroa.

Ez da hiltzeko lekurik txarrena, Duchamp etxea… Picasso madarikatua!

Ego dixi.