Hazkundea vs Deshazkundea

cropped-jorn2013_final1

Pasa den ostiral eta larunbatean, Deshazkundea elkarteak bere III. topaketak antolatu zituen Bilboko Solokoetxen “Deshazkundea eta Bizitze Ona III. Topaketak. Lana zalantzan jartzeko alternatibak” izenburupean. Ostiralean egon ezin izan banuen ere, larunbateko egun osoko egitarauak askorako eman ahal izan zuen. Bai Euskal Herrian, bai estatu espainiarrrean eta frantsesean martxan diren proiektu ekonomiko/solidarioz ugariz ase ahal izan genuen gure jakinmina.

Azaldutako projektuak hiru ildo ezberdinetan banatuak izan ziren: Merkatu sozialak (Madrilgo Merkatu Soziala eta REAS Euskadi) eta tokiko monetak (Sevillako Puma eta Bilboko Bilbodiru); zaintza (Valentzialdeko Coomigrar eta Madrilgo Trabensol eta Pandora Mirabilia), eta nekazaritzari loturikoak (estatu frantseseko Terre de Liens eta Sevillako Marinaleda). Gero, eztabaidarako lan-talde ezberdinak osatu ziren bertara gerturatutako guztiok parte hartu ahal izan genezan.

Guztiak sekulako proiektu interesgarriak eta indartsuak izan ziren baina nire nahia ez da orain banan-banan azterketa egitea, jardunaldien laburpena burutzen dutenean, antolatzaileek beraiek eskegiko baitute beraien blogean.

Baina badut galdera bat nire buruan bueltaka darabilkidana, aurrekontuen kontu honekin guztiarekin bat datorrena: Kapitalismoari eta hazkunde ekonomikoaren logikari aurre egin nahi badiogu, zertan lagun dezakete gaur egungo politika egiturek? Hau da, egungo demokrazian, teorikoki, gauzak aldatu nahi dituen edonor sar daiteke politikan, behar duen babesa lortu eta posizioa gauzak aldatzeko erabili. Baina honek deshazkundearen aldeko borrokan hutsune batzuk baditu. Adibide garbiena aurrekontuei dagokiena dela uste dut. Aurrekontuak gobernu batek gizartearen arazoren bati edo besteari garrantzia gehiago ematen dion ala ez neurtzeko erabiltzen dira. Adibide gisa, behin eta berriz ematen ari diren murrizketak. Ez dut esan nahi justuak direnik inondik ere, baina bai dirua dela gauzak neurtzeko erabiltzen den tresna bakarra. Deshazkundeak, behar duguna besterik ez kontsumitzearen aldeko apustua egiten du eta diruaz harago doazen gauzen balioztatzea aldarrikatzen.

Argi dagoena da proiektu guzti hauekin behin eta berriz agerian geratzen dela herritarrak politikarien aurretik doazela gai askotan. Gero eta konszienteagoak gara (edo izan beharko genuke) kapitalismoari irtenbideak jarri nahi badizkiogu, gure esku hartu behar ditugula alternatibak eta martxan jarri beste eredu bat posible dela ikusarazteko.

Bukatzeko, galdera garbiĀ  bat: Hazkunde ekonomikoa ahalik eta txikiena izatea nahi badugu, posible al litzateke inoiz gobernuren batek lortutako Barne Produktu Gordin txikia harro erakustea? Gaur egun hau da herrien ongizatearen neurtzaile nagusia!

Gai sozialez, ekonomikoez, politikoez, generokoez ausnartzea atsegin dut. Guztiaz zerbait jakin nahi eta ezertan ez aditua. Beraz, noizbait hanka sartuz gero, kritikatu lasai. Noizbehinka zerbait idazteko asmoz sortutako zirrikitua. Ea nire buruarekin fidela izatea lortzen dudan @ikerkai

5 pentsamendu “Hazkundea vs Deshazkundea”-ri buruz

  • BPGari buruzko galderaz, ideiarik ere ez. Makroekonomiaz ez dakit ezer.

    Hala ere, zer da “behar duguna besterik ez kontsumitze” hori? Zer behar dugu, eta zer ez dugu behar?
    Deshazkundearena, filosofia orokor gisa, interesgarria izan daiteke… Baina konkreziora jaistean, axalkerian ez ote garen geratzen susmoa dut…

    • Iker Sumendiaga 2013-04-26 10:22

      Arrazoi duzu Sloow.

      Gaia ez da hain erraza. Batez ere horregatik botatzen ditut gaderak eta ez Deshazkundea denaren klase bat eman. Nik ere galdera horri ez diot erantzun zehatzik (zer da behar duguna bakarrik irabaztea?). Baina gehiegikerian ez erortzeko mekanismo batzuk dira martxan jartzen ari direna. Deshazkundea defendatzeko argudio nagusia (testuan ez dut aipatu) hazkundeak lurraren errekurtsoak infinituak balira bezala jokatzen duela da. Gaur badakigu ez dela horrela: errekurtso energetiko fosilen amaierara gerturatzeaz gain material askoren ustiapenen amaierara heltzen goaz, adibidez kobrea.
      http://decredocus.blogspot.com.es/2013/04/antonio-turiel-condenados-decrecer.html

      Egia da soilik beharrezkoa denaren marra ezartzea zaila dela (subjetiboa). Dena den, horren bidean doaz proiektu eta kooperatiba asko, mekanismo batzuen bidez: autogestioa (ez jerarkiarik ez delegaziorik, “enpresaren” jabetza lukroa bilatzen duen pertsona batena izan beharrean langile guztiena da eta gainera ez dago jeferik, asanbladan erabakitzen da), ekonomia solidarioa (kooperatiba ezberdinen arteko elkarlana eta elkartasuna). Helburua kooperatiba hauen artean behar guztiak ase ahala izatea litzeke, sistema kapitalistatik at bizi ahal izateko. Azkenean, guztiok botere “berdina” dugun gizarte batean (eta aberastu ezin daitekeena) behar batzuk existititzeak ez luke beste batzuen anbizio desenfrenaturik piztuko eta arrakasta ez litzateke neurtuko izandako irabazien arabera. Baizik eta komunitateak bere beharrak asetzeko duen ahalmenean.
      Garrantzitsuena, gaia mahai gainean dagoela da. Debateak eta hazkundearen logikari amaiera ematearen borondateak, gauzak polikiago egitea ekarri beharko luke eta hori positiboa delakoan nago. Trantsizio guztiak bezala, koxka pila bat egongo dira bidean, Guztioi dagokigu irtenbideak bilatzea.

    • Diasporatik 2013-05-04 17:33

      Lehendabizi zorionak Iker blog berri honegatik.

      NI ere zurekin bat nator, Sloow, limiteak jartzea ez baita bat ere erreza. Zer da behar duguna bakarrik kontsumitzea (edo irabaztea)? Denok izango dugu ideiaren bat bakoitzarentzat zer den behar beharrezko eta seguruena denok limite ezberdina dugu. Baina, zergatik limite bat bakarrik jarri? Esan nahi dut, zergatik limite hori denontzako izan behar da berdina? Are gehiago, bakoitzaren limite hori denborarekin aldatu egin daiteke, gizakien jokaera normaltzat hartzen badugu gure bizi kondizioak hobetzeko grina.

      Aurrekoarekin esan nahi dudana da, ez dagoela limite objektiborik behar beharrezkoa zer den ezartzeko, bakoitzat interes eta behar ezberdinak baititugu. Orduan, zergatik denbora galdu limite teoriko horiek zeintzuk izango diren arrazoitzen? Nire ustez, benetan garrantzitsuena dena zera da: mundu honen errekurtsoak ez direla infinituak eta gastu energetikoa ezin dela infinituraino hasi kontuan edukitzea.

      Hori argi edukitzea maratoi batean izen ematea bezalakoa da. Aurrean 42.195 metro ditugu, hobe dugu lehenengo kilometroetan ez itotzen kontzentratzea, amaierara iritsiko garen edo ez pentsatzea baino.

  • Bai, badakit urrats txiki bat emateak urratsa ez emateak baino hurbilago uzten gaituela helburutik. Baina hain hain urruti uzten gaitu hala ere…
    Zuk aipatutako mekanismoek oso kuota eskasa dute (eta uste dut hala izango dutela) gizartearen egitura sozioekonomikoan. Beraz, keinu huts izateaz harago esperantza gutxi dut sistema eraginkor bat munta daitekeenik horrela.
    kontsumo taldeen kontua datorkit gogora. Oso keinu polita da, sosteniblea… baina gizarte bat ezin da egituratu horrelako sisteman.

  • Iker Sumendiaga 2013-04-26 12:38

    Beno, gizarte oso bat ezin bada egituratu horrela, behintzat saia gaitezke, printzipioz, sare independiente bat osatu eta gure bizirautea bermatzea ezta? Gero gerokoak…
    Jarri dudan bideoan Turiel-ek dioen bezala deshazkundera kondenatuak gaude. Ez dago beste irtenbiderik. Baina hori bi modutara egin daiteke: derrigortuta (kapitalismoa kolpasora iristen denean) edo era progresiboan.
    Era progresiboak zure iritziz ez du eraginkortasunik. Nik ez dakit izan dezakeenik, oraingoz. Baina argi ikusten dut kolapsora iristen garenean, jende askok esango duela: Begira, hauek hau aurreikusi zuten eta errekurtsoen gabeziak ez die (hainbeste) eragin. Asozianismoa beste irtenbiderik ez da izango.
    Agian “ingenuo”-egia izango naiz.