Hazi

Hazi –

Hazi

Inor baino lasterrago ibili da Nafarroako Podemos-Ahal dugu. Bere zerrenda proposamena aurkeztu zuen atzo Mikel Buil haren buruak. Lehen 10 postuetan 7 emakume daudela azpimarratu du gaur prentsak. Nonbait, inor ez da ohartu lehen 5etarik 3 gizonezkoak direla. “Podemos crece-Hezia hazia” eman dio izena Builek bere zerrendari. Ez dakigu ongi zer erran nahi duen “Hezia hazia” horrek, baina eskertzen da hitzez hitzezko itzulpenari uko egin izana, eufoniaren bila hizkuntzarekin jostatu izana. Hazi nahia erakutsi nahi du Nafarroan Podemosek. Ez dakit, bada. Estatu mailan, bederen, jaitsiera galanta iragartzen zien atzo berean inkesta batek. Udal hauteskundeetarako zazpi hilabete baizik falta ez den honetan, bertzalde, elkarri kolpeka dabiltza Podemoszaleak Madrilen. Nafarroan ere izan dugu ezkerraren pultsio kainitaren berri: hemen, Laura Perezen taldearekiko hausturak hankamotz utzi du alderdia. ”Hezia hazia”, hala ere, Mikel Builek. Hobe hala balitz. Auskalo zertan hezi diren Podemoskoak 4 urte hauetan. Hazi, ordea, nekez.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko azaroaren 14koa]

Hazi

Iruñekoa, malgré moi, idazlea,iritzi-emailea.