Hauteskundeak: arlotearen parabola

Bitartean, gizadiaren historiako filantropo handienak honakoa galdetzen du: “Zertarako balio du ordenagailuak edukitzeak jendeak jatekorik ez duenean eta disenteriaz hiltzen denean?” (…) horren da handia humanitatearen –karitatearen- katamaloa, esplotazio ekonomikoaren aurpegia osorik estaltzen duela. (Žižek, Violence: six sideways reflections, 2009).

Kontaketako filantropoa Bill Gates da. Hala kontatzen du Žižek-ek. Horren da gezurtia haren mezu miserikordiosoa, ezen bera baita –Bill Gates-, hirugarren munduan deslokalizaturiko ekoizpen-ereduarekin, esplotatu-esplotatzaile dikotomia mantentzen duena. Jende horrek gosea pasa dezan ahalbidetzen duena.

Txiroenganako miserikordiaren argumentua burgesa da, izatez, gezurtia. Adierazten eta onartzen baita, inplizituki, txiroek ezinbestean existitu beharra dutela aberatsak aberats izaten jarraitu eta ondoren laguntzeko, ezberdintasunak eragiten dituen mekanismoa eraldatzen saiatu beharrean. Nahiko aldrebesa dirudi azalpenak, baina –borondatezko- miserikordiaren eta eskuzabaltasunaren aldekoak, paradoxikoki, eskuindarrak izan ohi dira, teorian. Peter Sloterdijk-ek eta Leopoldo Abadía-k, egin dituzte publiko miserikordiaren beharraren aldarriak, besteak beste.

Berdin jazotzen da finantza-erakundeetako sukurtsaletan, supermerkatuetan eta halakoetan jarri ohi dituzten pintxoekin; arloteek bertan lo egin ez dezaten, traba gisa. Pintxo horien existentziaren aurka egiteak, inplizituki, esan nahi baitu arloteek kalean (pintxoak dauden tokian, alegia) egin beharko luketela lo, aterpetxe batetan beharrean, esaterako.

Paradoxikoa da bi kontaketen funtsa: bi teoria horiek onartzeak ez baitu aurkakoa ukatzea exijitzen. Hau da: miserikordiak izaera burgesa duela onartu arren (esplotatu-esplotatzaile dinamika ahalbidetzen duen statu-quo-aren jarraipena iraunkortzen baitu), kalean behera zoazela arlote bati txanpon bat emateak hobetu egingo du arlotea beraren egoera materiala; aterpetxe publikorik egon ezean, banku-sukurtsaletik pintxoak kentzeak ere handitu egingo duen moduan, arlotearen ongizate-maila (edo txikitu, gaizkizate-maila).

Bada, bozekin ere antzera gertatzen da. Instituzionalismoak egungo gauzen egoeraren akatsak sustraitik erauziko ez dituen arren, gizaki (eta bizidun, orokorrean) askoren egoera hobetu/txartu ahal da bertan (Estatu-erakundeetan) agintzen duten aktoreen arabera. Ez bozkatzea, zu zeu (interesak, mundua interpretatzeko modua etab.) ordezkatzen ez zaituen aukerarik ez dagoelako, indibidualismo makurra da. Ondo eman boza, beraz, desiragarriagoa eta estimulagarriagoa baita arloteentzat etxebizitza-eskubidea exijitzea eta betetzea aterpetxe publiko batean zopa katilu bat eskuan dutela, banketxe-sukurtsaletan, kartoi arteko hotzaren aurka borrokan (vodka lagun) dabiltzala baino.

(Kontua hemen zera da: bozkatzearen logika ere aplika ahal zaiola indibidualismo makurraren izaerari. Saramagoren Seeing eleberrian agertzen den gisan, abstentzio ia orokorra baita Estatua hankaz gora jartzea lortzen duena; Estatuari zilegitasuna erauzten diona. Honako irakaspena atera daiteke zuzenean irakurri ez dudan liburu hortatik: Ezer ez egitea, batzuetan, egin daitekeen gauzarik iraultzaileena da. Ze ostia, bi teoriak dira baliotsuak; egin ezazue, beraz, nahi duzuena).

(Jatorrizkoa ZirriBorroak blogean)

arlotearen parabola, hauteskundeak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude