Hauteskunde bideoak gaur egun

alderdien mosaikoaAurreiritziak zakarretara bota. Ikus-entzunezkoetan edo komunikazio politikoan interesa baduzu hemen dituzu M22an Euskal Herrian aurkeztuko diren alderdien bideoak: klasikoak, idilikoak, modernoak, digitalak, mezudunak, hutsalak…zein duzu gustuko?

Interpretazioen mundu zabalean ondoko azalpenak dira hautatutako bideoek niri iradoki dizkidatenak:

 

 

 

EAJ

BMW autoaren iragarkia izan zitekeen. Kontzeptu positiboz jantzitako spota da. Irudi erritmo ikaragarri dinamikoa du eta elementuak edukiz eta formaz askotarikoak eta anitzak dira. Arreta bereganatzen du bideoak. Azken irudiak Hoolywood estiloa du: Urkulluren beso gurutzaketak sekulako indarra ematen dio.PSE

Musika kañeroak harilkatzen du Migel Buen eta herritarren arteko proposamen mosaikoa sortuz. Bideoan, azken batean, herritarren eskakizunak dira bereak. Hautagai langilea irudikatzen du eta 10 eginbehar “zehatz” eskaini. Sinesgarritasuna bilatzen du,  bere sinadura eta plano hurbilen eskaintzen duten irudia dira proposamen horien bermea.

Bildu

Stop Motion teknikak eragiten duen liluraz baliatu dira; koloretsua eta erakargarria. Mezu metaforikoa sinplea eta indartsua da, abertzaleei bideratutakoa. Proposamen eta zehaztasunetatik ihes egiten du eta indar handiena bildu aditzean bertan jarri. Mezua? Abertzaleok bilduta gaudenean bakarrik egin diezaiokegu aurre Espainiari.

PP

Konfiantaz betetako hautagaiak behar dute izan. Stand by me abesti gozo eta atseginean uzten dute mezuaren ardura.  Hortik aparte iruzkintzeko ezer gutxi. Herritar txistukari eta hautagai irribartsu eta eztitsuek “bihotza” ukitu nahi dute.

Aralar

Ordenagailuz egindako animazio zakarra erabili dute, 90. hamarkadan egina balitz txundigarria. Itxura retro-modernoko spota? Aralarren identitate “sendoa eta ausarta” irudikatzeko asmoa du itsasontziaren irudikapenak; hatz marka ere, horren erakusle.  Amaieran haragizko hautagaiak ikustea eskertu eta guzti egiten da.

UPN

Irudikatzen den Nafarroa idilikoan telettubiren bat agertzea besterik ez da falta. Neska lirainaren etengabeko irribarreak gidatzen du bideoa. Nafarroa goraipatzen da uneoro, bertako jendea, paisaia edo elikagaiak erakutsiz. Teknikoki ere bideo ederra da, baina zoriontasun infinituaren irudi horiek edozein hautesle kritikoren harrapakin bilakatu dezakete spota.

NaBai 2011

Bozkatzera animatzen duen diskurtso dinamikoa du spotak. Uxue Barkos eta Patxi Zabaleta jaun eta jabe dira: aldaketa etor daiteke, eta egin behar dugu. Idatzizko elementuak erakargarriak suerta daitezke eta musikak badu halako indar mugiarazlea.

EB

Datu gordinek erakusten duten egoera dramatikoa irudikatzen dute. Musikak estutasun puntua du eta haserrea, edo azken aldian modan dagoen hitza, “indignazioa”, bilatzen du.  Besteen aldean mezua arrazoinala da, “pentsa ezazu” esanez amaitzen du, krisiaren inguruko gogoetarako gonbiteaz.