Hauteskunde bezperako lanak

Ez nago Udalerako zerrendetan. Ez nago Aldundirako zerrendetan. Ez didate deitu eta ez dut haietan azaltzeko ahaleginik egin. Ez daukat gaur egun politikan aritzeko eskatzen den diskurtsoa. Ez daukat ere alderdi gehienek (edo denek?) eskatzen duten baldintzarik gabeko atxikimendua. Ez eta kanpainako irudietan agertzeko espero den ximurrik gabeko irudia ere.

Beraz, parte hartzeko dudan aukera bozkatzea edo abstenitzea da.

Hemeretzi urte betetzear nengoela bizi ahal izan nituen lehenengo hauteskundeak eta, orduan, adin horrekin bozkatu ezin zen arren, ondo gogoratzen dut zer zegoen aurretik eta zer etorri zen ondoren. Botoa ematen hasi naizenetik, askotan sentitu dut hautatutakoek sortarazten zidaten auzo-lotsa eta gero eta mesfidantza gehiago daukat ezarritako sistemaz. Garai honetara iritsita, hasten naiz pentsatzen beste era batera egin beharko genukeela, beste modu bat egongo dela, beste zerbait jarri beharko dugula martxan. Zerbait eraginkorra eta justua. Eta ahaleginak egiten ditut aukerak irudikatzeko. Baina berandu egin zaidala ohartzen naiz, hamalau egun besterik ez dira gelditzen eta jada ez dago astirik.

hautatzearen zama by arasanse

Beraz, berriro ere bozkatzea erabakiko dut. Alderdiek argitaratu dituzten programak irakurriko ditut nire lehentasunak noraino aipatzen dituzten ikusteko, konfiantza pixka bat ematen didaten pertsonak bilatuko ditut zerrendetan, talde bakoitzaren orain arteko ibilbidea errepasatuko dut, debateren bat entzungo dut… eta maiatzaren 22an botoa emango dut, hurrengo egunetik sistema hobeago bat nola ezartzen asmatzeko konpromiso sendoarekin. 😉

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

3 pentsamendu “Hauteskunde bezperako lanak”-ri buruz

  • Nabigazio mundu honetan saltseatzen nenbilela, hara!! antiguotar baten twiterra??? eta hauteskundeen inguruko hausnarketa. Nork esan dizu zerrendetan sartzeko ximurrak kalteko direnik? denetarik beharko dugu ezta? ta auzo lotsa diozunean behingoagatik elkarri zuzen begira, bilduta, norabide berean bozka emango dugulakoan nago aspaldiko partez. Esango nuke hamarkada bat damakidala une historiko honen esperoan.

    Ta hauteskundeak alde batera utzita. “una mujer sin hombres es como un pez sin bicicleta” irakurri dizut. Ariketa modura, osatuko al zenuke beste esamolde hau “un hombre sin mujeres es…..)
    Ondo bizi

    • “una mujer sin hombres es como un pez sin bicicleta” birtuiteatu nion exprairi eta berak marikazetariri eta azken horrek blog honetatik ekarria zuen. Graziosoa eta zirikatzailea iruditu zitzaidan espresioa, eta errepikatu nuen. Pintada hemen ikus dezakezu.
      Dena den, zure proposamenari erantzuna emateko bi bururatu zaizkit:
      “un hombre sin mujeres es como un pájaro sin rama”
      “un hombre sin mujeres es como un elefante sin avioneta”
      Baina azpimarratu nahi bazenu emakume behar eza, hauxe da zurea: “nola antiojorik gabeko kroasana, hala emakumerik gabeko gizona”
      Ondo izan

  • Egunero kroasana gosaltzeko -nire bizio ezkutuena- eta antiojurik gabekoak zirenik erreparatu gabe.Ño, hori dun hori esaera zaharren etorria. Milesker eta aurrerantzean gosaltzerako orduan, tentuz egin beharko diot hozka kroasanari kristalekin ez ebakitzeko. Ondo bizi.