Hautesajea: Amaiur

Hautesajea: Amaiur

Hautesajea: Amaiur

Amaiur izan da hautetsi gehien izan dituen indarra eta 2.000 boto eskasera egon da botoetan ere lehen indarra izateko. Hauteskunde hauetan lortutakoak argi uzten du Euskal Herrian gehiengo abertzale bat izateaz gain gehiengo ezkertiarra ere badela. Hala ere zailtasunak izango ditu hurrengo urteetan bere politika egiten jarraitzeko, baina kanpotik etorriko zaizikion arazoen gainetik egongo dira barrutik izan ditzakeen gaizki-ulertu eta kontraesanak gainditzea.

 

333.000 boto jaso eta 7 parlamentario lortzea, lehen aldiz historian 4 Hego Euskal Herriko lau lurraldeak hartzen dituen talde parlamentarioa lortzea (ikusteke, noski) eta, gainera, izandako ixiltasun eta boikotaren gainetik egiteak bere hautesleek “bere” ikusten ez duten hauteskunde batzuetan historikoa da. Baina Amaiur sortu berria den koalizio parlamentario bat da, 4 alderdien artean osatutakoa, jatorri ezberdinetakoa eta ibilbide oso ezberdinekoa. Barne kontraesanak egongo dira, noski, eta horien kudeaketa egitea izango da garrantzitsuena, kanpora begira Madrilen politika egiteko modu berri bat asmatzen duten bitartean. Artikulu honetan Madrilen egin beharreko lana bukaeran aipatuko dut, lehenago kide bakoitzak dituen erronken inguruan hitz egin nahi baditut. Artikulua luze geratuko delakoan nago, baina saiatuko naiz eskematikoa izaten.

Aralar
Aralar da iristen azkena eta, beraz, Bildu osatzen duten alderdiekin lan gutxien egin duena. Gernikako Akordioa edo Aieteko Adierazpena babesten batera egon dira, baina beste gauza batzuetan aurkari izan dira orain gutxi arte, hauteskundeetaz gain. Aralarrek, beraz, modu esistentzialean hartu behar ditu izandako emaitzak.

Argia zen Ezker Abertzaleak “Zutik Euskal Herria” dokumentua plazaratu zuenean Aralarrek zuen espazio politikoa gutxinaka txikiagotzen joango zela. Bilduk lortutako emaitzek tarte oso txikia ematen zioten Aralarri maniobratu ahal izateko: EAEn zinegotzi batzuk, bi alkatetza eta diputatu bakarra lortu zuten; Nafarroan NaBai2011 barruan lortutako emaitzak garrantzitsuak baziren ere, GeroaBai ez dute hustu, beraz bere benetako pisua zein den ikusteke dago.

Ez dut uste erraza izango zenik Amaiurren barruan egoteko hautua. Alde batetik kanpoan geratu diren batzuen (bai GeroBai babestu dutenak bai Aintzane Ezenarro bezala aurka egin dutenak) beldurra argia zen: Amaiurren sartuz gero Aralarrek papera gutxitua ikusiko du. Nolabait barne korronte bat izango zen, baina ez komunikabide askoren oniritzia jaso duen eta Gasteizen 4 parlamentario dituen indarra.
Bestetik Amaiurren sartzea proposatu zutenek (baita irabazi ere) argi ikusten zuten kanpoan 2 urte geratzen zirela gehienez, Patxi Lopezek gobernua utzi eta hurrengo hauteskundeetan emaitzak ez ziren berdinak izango eta berriro ere indar txiki gisa agertuko lirateke, geroz eta sostengu handiagoa duen Ezker Abertzaleak parte hartzen duen koliazioen aurrean.

Erabakia beraz, Aralarrek esaten zuen bezala, zirt edo zart egitea zen. Ezker Abertzalea, EA eta Alternatibarekin batera “bloke historikoa” sortzea edo oraindik planteamendu propioa helarazteko gai den indar txikia. Nire ustez, zorionez, lehenengoak irabazi du.

Aralarrek, baina, ez du erakarri uste zitekeen indarra. Amaiurrek ez ditu lortu Bilduk+Aralarrek izandako botoak. Ebidentea da Bildu bakarrik aurkeztuta botoak ere galduko zituela, baina Aralarren aportazioa kuantitatiboa ez da izan sekulakoa.

Bestetik Nafarroan, GeroaBairi buruzko artikuluan aipatu nuen bezala, ez du lortu bere jarraitzaile guztiek Amaiur bozkatzea. Bertako eztabaidan argi uzten zen bezala, urteetan “rollo txar” asko sortu dira HB eta Aralarren artean, eta hori nabaritzen da oraindik elkartzeko aukeratan. Ziurrenik bi aldetatik egongo dira gaizki-ikusiak, eta horiek garaitzea da, beraz, prioritateetako bat. Nahi bada, Aralar eta Batasunak “relato compartido” horietako bat egin beharko dute, euren buruaren inguruan.

Aralarrek bere bidea ondo markatzen badu, indar garrantzitsua izan daiteke Gasteizko Parlamentuan, orain gauzak ondo egin eta etorkizuneko Amaiur (edo Bildu) koalizioan ere indar hori ordezkatzea eskatu. Barne negoziazioetan inor ez bada itotzen, Ezenarroren beldurra ere albo batera gera daiteke. Aralarrek bere parte-hartzea, prioritateak eta diskurtsoa finduz gero sintonia handia lor daiteke kideen artean. Horretarako, noski, NaBai2011 bezalako proiektuaren etorkizuna zein den argitu behar du. Eta horretan ere erabaki zailak hartu beharko dituzte, noski.

Bildu
Badakit Bildu ez dela aurkeztu, baina garrantzitsua da Bilduko hiru kideek izan duten papera bereizita aztertu aurretik, elkarrekin dutena ere mahai-gainean jartzea.

5 hilabete betetzen ziren hauteskunde egunean Bilduk aurrekoak irabazi zituenetik. Denbora horretan eraso ugari jaso ditu, batez ere Noticias Taldetik. PNVrekin zuen konfrontazioan, bere artikuluan aipatu nuen bezala, ezin zaio milimetro bateko tartea ere utzi.

Hala ere emaitzak borobilak izan dira. Ez du botorik galdu, Gipuzkoan gehitu du eta, garrantzitsuagoa dena, Donostian ere Odon garaitzea lortu dute. Honek egindako kudeaketaren lehen erreferendumtzat har daiteke, irakurketak irakurketa.

Hala ere ez da guztia txeke zuria. Hurrengo urtean ere demostratu beharko du zer egiteko gai den, eta bere bozkatzaileen talde handi batek “aldaketa” bidean dela antzeman behr du. Bestela horiek galduko ditu, zaila izango delako 3. aldiz “politika egiteko beste modu bat” saltzea.

Alternatiba
Alternatiba da Amaiurreko talderik txikiena eta, aldi berean, hazteko aukera gehien ematen dituena. Alde abertzalea nahiko betea duen arren, ezkerreko aldetik oraindik gauza asko egin eta boto asko gehitzeko aukera du Bildu edo Amaiurek. Eurentzako tamalez ordezkaririk gabe geratu dira Amaiurren 10 horien artean. Ziurrenik aurreikuspena izango zuten, baina horrek ere kontraesanak sor ditzake jende askoren artean.

Diskurtso ona egiten badu, bere nortasuna indartzen badu eta Bilduren barruan zein Amaiurren baitan eragiteko gaitasuna baldin badu botoak igotzeaz gain erreferentzialtasuna irabaziko du eta, horrek, indar banaketaren baitan ere eragina izango du etorkizunean.

Alternatiba da, nolabait, “suminduen” eta indarra hartu duten Equo bezalako alderdientzat Amaiurrek erabili behar duen zubia.

Eusko Alkartasuna
Eusko Alkartasunak izaera galdu duelako sentsazioa dut. Geroz eta aukera gutxiago bere diskurtsoa emateko, bere bozeramale diren askok Bilduren izenean edo Amaiurren izenean hitz egin dute azken aldi honetan. Hurrengo hilabete edo urteetan EAk bere burua berrasmatu beharko du, indar gehiago atera eta bere kideen izaera indartu beharko du. Hamaikabat!en esziosioarekin galdutako indar instituzionala berreskuratu beharko du, dituen kideekin proposamenak aurrera eramanez eta Bilduren indar guztia Ezker Abertzaleko jendearen gainean utzi gabe. Erronka handia dute, baita ekarpen handia ere.

Ezker Abertzalea (eta Sortu)
Ezker Abertzaleak egindako barne eztabaidan bere alde egon zitezkeen gehienak eraman dituela geroz eta argiago dago. Ez dakit betirako den, edo “konfidantzazko mailegu” bat den. Izan ere Amaiurren parte handiena osatzen duen Ezker Abertzaleari batzuek “ERC efektua” deitzen zaiona gertatu ahal zaio: momentu batean indar handia izan, baina jendearen konfidantza alferrik galdu eta ondoren beherakadan jartzea.

Momentuz bere indarrak ondo eraman ditu egindako biraketa estrategikoan. Kanpainan zehar egon dira “irredentoen” ahots batzuk abstentzioa eskatu dutenak. Beti daude dudak pentsamolde honek, traidoreak leku guztietan ikusten duenak, izango duen indarraren inguruan. Baina denobrak badirudi arrazoia eman diola Ezker Abertzalearen estrategia berriari, eta hori azaltzkeo datu batzuk ere badaude: orokorrean Ezker Abertzaleak sostengu handia izan duen herrietan Amaiurrek ez du izan Bilduk edo bere garaian HBk zuena baino gutxiago, gehiago baizik. Beraz ez da boto gehiegi joan abstentziora bereziki “erradikalenak” bizi daitezkeen lekuetan. Bigarren datu esanguratsu bat da Espainiar Estatuan kartzelan dauden preso politikoen %91ak bozka eskubidea eraibili duela. %9 horren artean bozka eskubidea legez kendua dutenak daude. Hau da, presoen artean bozketa ia-ia osoa izan da. Abstentziora joaten ez bada, kolektibo honek Amaiur bozkatu duela aurresan daiteke. Arazo hori gaindituta, hurrengo hilabeteetan bere jende fidela baino, konfidantza eman diotenak ez galtzeko ahalegin berezia egin beharko du.

Bestetik ildo instituzionalean ez galtzeko bideak ere ireki beharko ditu. Orain gobernuan dago leku askotan, baina horrek ez du kendu behar orain arte egindako bidea. Bestela indarra galduko du ere bere fidelen artean. Hau nik baino askoz hobe azaldu zuen Katu Arkonadak Garan idatzitako artikuluan. Bertan esandako gehienarekin ados nagoenez, ez dut gehiago sakonduko ideia horretan.

Ezker Abertzaleak “saltzeko” duen gai nagusia “Prozesu Demokratikoa” deitu dutena da. Guztien artean egin behar dela aldarrikatu arren, bere gainean hartzen du zamarik handiena. Nazioartkeo sinisgarritasuna irabazi du, baita Euskal Herriko gehiengoarena ere, baina oraindik “etsaiak arerio” bilakatu beharko ditu eta PPren gobernu berria Prozesu horretan sartu beharko du. Horretarako herri sektoreak aktibatu eta indarrak biltzen jarraitu beharko du. Azken urte honetan metatutako guztiak garrantzia du, baina sektore berriak erakartzea nahitaezkoa da. Termometro ona izango da presoen eskubideen alde Urtarrilaren 7an egingo den manifestaldia, denbora berri honetan mobilizazioak ere lekua duela erakusteko. Gainera Rajoyren gobernuak aurkituko duen lehen gatazka larria izango da.

Prozesua usteltzea zailagoa da, orain, Arnaldo Otegik dioen bezala denbora bere alde dagoelako. Baina horrek ez du esan nahi PPk presa eduki behar duenik. Egia da geroz eta beranduago heldu, orduan eta indar ghieago bilduko dituela Ezker Abertzaleak bere proiektuetan, baita Bildu eta Amaiurren inguruan ere. Baina horretarako denbora zure alde jartzeaz gain, indarra egin eta nerbioak ez galtzeko bideak jarri beharko dira. Gerra psikologikoa da orain datorrena, inoiz etorriko ez diren mugimenduen esperoarena. Baliteke ere alde batetik lasaitzen den bitartean (demagun Sorturen legalizazioa) beste batzuetatik kontrakoa egingo dela (preso batzuen egoera konplikatzea, exenpluzko epaiketak egin…). Guzti hori bere alde jartzea Ezker Abertzalearen lana da, Gernikako Akordioan dituen bidailagunekin batera, noski.

 

Orokorrean, beraz, bakoitzak dituen barne tentsioak gainditu beharko ditu, eta kide bakoitzak besteekin izan ditzakeenak, hazten jarraitzeko. Izan ere ez dut uste Amaiurrek jada zapaia jo duenik. Oraindik ere hazteko aukera dago, eta EAEko lehen indarra izateko. Horretarako aktore guztiek ondo egin beharko dituzte gauzak kanpora begira, noski, eta Gipuzkoa izango da horren erakusgarri nagusia, baita Ezker Abertzaleak sinisgarritasunaren batailan egiten dituen hurrengo ekimenak ere. Bidea, hala ere, besteek baino malkar gutxiago du, egoera politiko berrian besteak baino kokapen hobearekin hasi delako… azken finean sektore honek sortu du egoera berria.

Hautesajea: Amaiur
Alternatiba, Amaiur, Aralar, bildu, EA, ezker abertzalea, hautesajea

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...

10 pentsamendu “Hautesajea: Amaiur”-ri buruz

  • Geroa bairen arrakastaren jatorria ez dago soilik azken urteetan ezker abertzale eta beste sektore batzuen artean sortu diren kalapitetan. Abertzaletasuna eta Nafarroa, horra hor gakoa. Eta bestela, erreparatu non duen Geroa baik indar gehien (Iruñeaz gain). Toki horiek al dira aipatzen diren iskanbilen eszenatoki nagusiak, ala?
    Nafarroaz (eta Euskal Herriaz) bestela pentsatzen hasi beharko dugulakoan nago ni, inoiz batasunik lortuko badugu.

  • Amonamantangorri 2011-12-01 03:33

    Bejondeikela Galder.

    Ezker Soberanistako koalizioak ez duela oraindik bere sabaia iritsi, ikusten dudanean sinestuko dut. Hurrengo hauteskundeetan sabai hori milaka botu batzuetan gainditzen baldin badu, neronek behintzat, egun historiko bat ospatzeko parranda historikoa eginen dut.

    Nire irudikoz, gaur gaurkoz, indar politikoen mapa ez da asko aldatu. Alegia, Bilduren indar-batzeak arrakasta eduki du; koalizioako alderdien zaleek, orohar, gogo onez eman diote botua Bilduri eta Amaiurri. Hori bakarrik, sekulako lorpena izan da. Hala ere, oraingoz, sektore hori ez da igo. Direnak dira, izan ere, aspalditxotik daude hor.

    Jendeak saritu edo zigortu eginen du Madrilen, udaletan, Gipuzkoako Diputazioan, batzar nagusietan eta Nafarroako parlamentuan egindako lana, eta lan hori oso egoera zailean eginen da. Hasierako entusiasmoari eutsi, instituzioak kudeatu, barne-liskarrak lasaitu, egin litezkeen hutsen barkamena edo konprensioa lortu jendartean,… Erronka asko dira.

  • Beaetaeneko 2011-12-01 11:04

    Nafarra izanik,bi gauza kezkatzen naute Amaiurren inguruan.1)Iruñako emaitzak,ez oso onak modu xuabe batean esate arren,argi dago kasu honetan ez dutela sapairik jo.Gogoratu EHk bigarren indarra izan zela 1999ko bozketan HBk bezala.Analisi zabalago bat eskatzen duela uste dut,nola Hego Euskal Herriko hiriburu autoritarioetan:Bilbo eta Iruñan,Bildu-Amaiurren emaitzak ez diren espero zirenak izan.(Galder animatzen zera analisi hori egitera?).
    Keskatzen nauen bigarren gauza erribera da,abertzaletasuna errotuta ez dagoela nabaria da,beraz ezkertiar izaera indartu beharko da bozak irabazteko,argi dago ere hemen ez dutela sapairik jo.

  • Beataeneko: Euskal Herritarroken garaian ez baitziren ez Nabai ez eta Geroabai ere existitzen.
    Ezker abertzaleak hegemonia nahia baztertu beharko du (gaur egungo) Nafarroan, guztion mesedetan. Baita bere (gure) mesedetan ere.

  • Beaetaneko: Bai, atal hori kanpoan geratu zait. Emaitzak ez dira pentsatu bezain onak Iruñean, baina oraindik okerragoak dira Bilbon. PNVren artikuluan ere ez nuen aipatu alderdi honek duen “bilbozentrizatzea” eta oraingoan ez dut berez aipatu “gipuzkoazentrismoan” erortzeko dagoen arazoa.

    Nire ustez artikulu guztiak bukatzean Epilogo bat idatzi beharko dut, egondako proposamen eta irakurketa orokorrekin.

  • Orbis Tertius 2011-12-01 15:06

    Galder:

    Nire ustez, Amaiur bere sabaitik nahiko hurbil ikusten dut.Aralar gehitu eta gero, ez dago nondik hartu botoemaile berririk. EAJko zaleak gogoz joan dira bozka ematera Espainiako hauteskunde orokorretara eta EAJri eman diote konfiantza, Amaiurren aldeko olatuari begiratu gabe.Epe laburrera, EAJtik jende gutxi hurbilduko da Amaiurrera. Epe luzera, Batek daki…

    Aldiz, Espainiako hauteskundeetan PP edo PSOEren alde eta autonomikoetan PNVren alde bozkatzen dutenak badaude. EAJ-ak gora egingo du hauteskunde autonomikoetan baldin eta hautagai egokia aukeratzen badu eta akats nabarmenik egiten ez badu. Berdin dio Amaiurren hautagaia Arnaldo Otegi edo Nelson Mandela izan, EAJ-k irabaziko du, nire uste apalean.

    Dantzaldia hastear da eta EAJ dantzalekuaren erdian dago dantzakidearen zain. Amaiur edo Bildu edo dena delakoak hautes-emaitza oso ona lortuko du hurrengo hauteskundeetan baiña ikasi behar du “agarrao” dantzatzen laguna zapaldu gabe.

  • Amonamantangorri 2011-12-01 18:21

    Jaurlaritzak hauteskunde ondoko bi egunetan egin eta atzo argitaratutako inkestaren arabera, boto emaileen %97k ez luke botoa aldatuko behin emaitzak ezagutu eta gero. Abstentzionisten artean, %17 bakarrik damutu da botoa ez eman izanaz.

    http://www.gara.net/agiriak/20111201_sondeo.pdf

    Dirudienez, Amaiurrek ez badu sabaia jo, ez zaio asko falta.
    Gero, jakina, koalizioak etxeko lanak hain ongi egin eta gero, azkenean baliteke Irun eta Cascanteko psozialistak eta Bilbo eta Getxoko jeltzaleak saldoka ezkerreko subiranismora bihurtzea, Pablo Tarsokoa Damaskora bidean bezala. Amestea debalde omen da…

  • Beaetaeneko 2011-12-01 22:05

    Ez dut uste Amaiurrek sapairik jo duenik poterea lortu duen lekuetan bere lana ongi egiten badu eta oraingoz bere kontraesanekin bada ere ongi dabil boto gehiago lor ditzake eta lehen esan dudan bezala Nafarroan,Bizkaian eta Araban badu nondik atera.Badirudi zenbait jende urduritzen ari dela.

  • agarraua laguna zapaldu gabe iteko amaiurreko abanderauek autokritika geio in ber die.
    azken 30 urte hauetan noa karajorantz zuen nortia analizatu ber die

  • Peru Dulantz 2011-12-02 11:35

    Aurreko hauteskundeak Estatuko Legebiltzarra ukeratzeko izan ziren, eta gainera, hedabideetan, oraingoan asmatu dute Amaiur ixiltzen, Bildurekin ez bezala. Nik uste dut emaitza horiek nabarmenki hobetu litezkeela geure esparruko hauteskunde batzuetan, zaltantzarik gabe, gainera kontuan hartuta Teleberrietan ez dutela aitzakiarik izango, adibidez, UPyDri baino leku murritzagoa emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude