“Haurra lapurtu zutela ukaezina da”

Ana Carlota Dominguez laguntzarik gabe ari da ahizparen kasua ikertzen.
Ana Carlota Dominguez laguntzarik gabe ari da ahizparen kasua ikertzen.

Duela bi urte eman zigun ezagutzera bere kasua Ana Carlota Dominguezek –2011ko azaroko Baleike aldizkaria–: ama Juana erditu berriari haurra lapurtu zioten 1963an, Donostiako Arantzazuko Ama erietxean. 2011n itxaropentsu agertu zitzaigun, ahizpa galduaren kasua argitzeko nahikoa oinarri zuelakoan. Orain haserre eta minduta dago, “inork ez duelako egia ikertu nahi”. Bere kasa ari da, eta datu berriak eta susmoak areagotu baino ez dizkioten agiriak lortu ditu. [Abenduko Baleike aldizkarian argitaratutako erreportajea; ostiral eguerditik aurrera kioskoan eskuragarri]

“Denek kale egin didate. Poliziak, fiskalak, epaileek, politiko guztiek, Elizak… Denek. Lagunduko zigutela esan ziguten, baina gezurra zen. Bakarrik utzi gaituzte”. Txostenez eta agiriz betetako karpeta bat du mahai gainean. Lapurtutako haurren beste hamaika kasutan ez bezala, berak dokumentazioa lortu du: besteak beste, erditu aurretik erizainek egunez egun bete zituzten txostenak (amaren eta umearen taupadak, kontrakzioak, tenperatura eta beste), erditu ondorengo agiria, Polloeko hilerriko agiria… Kontraesanak begi bistakoak dira, eta asko norbaitek erantzun beharreko galderak.

Erietxeko egunak

Ana Carlotaren ama Juanak haurra bazetorrela sumatu zuen 1963ko otsailaren 27an. Zumarragan bizi ziren orduan, eta, denborarik galdu gabe, Donostiarantz abiatu ziren aita Jose eta biak. Artatu bezain pronto ohartu ziren zerbait arraroa ari zela gertatzen. “Korridore luze batean aurrera eraman zuten ama, eta gela ilun batean sartu zuten, bakarrik. Iritsi eta ia berehala, aitari esan zioten “ama edo alaba” aukeratzeko, bietako bat hil egingo zela erditzean”, hasi da kontatzen Ana Carlota Dominguez, Juana eta Joseren sei seme-alabetatik hirugarrena. “Ama segituan lasaigarriekin lokartu zuten, eta ez zegoen hura bisitatzeko modurik. Moja bat egoten zen gelan atezain, gogoratzen du aitak, eta ez omen zion inori sartzen uzten. Aitak bitan baino ez zuen ikusi emaztea, bost-hamar minutuz”. Ahizpa Juana Maria zen moja hura. Erdi lo eduki zuten arren, amari gogoan gelditu zitzaion, izen berbera zuten eta.

Egun haietan erizainek amari eta umekiari hartutako datuen –tenperatura, taupadak eta abar– txostenak lortu ditu Ana Carlotak. Adituekin kontsultatu du eta denak normalak dira. Ez dago larrialdia adierazten duen ezer. Erietxean egin zituen lehen egun haien inguruan hamaika galdera sortu zaizkio Ana Carlotari: datu guztiak ondo bazeuden, zergatik esan zioten aitari ama edo alaba aukeratzeko? Non eduki zuten ama lau egunez bakartuta eta lokartuta? Nor zen moja hura?

“Egun batean erietxera joan nintzen, lagun batekin. Bera ere senide baten bila dabil. Sartu eta bertako langile beteranoenei galdetzea zen gure intentzioa. Gutxi gorabehera bagenekien non zeuden lehen erditze gelak. Hara joan ginen. Korridore baten amaieran ate batekin egin genuen topo: medikuen bulegoa jartzen zuen. Handik gertu langile bat ikusi genuen, emakume edadetu bat:

—Korridorearen amaieran, medikuen bulegoa jartzen duen ate hartan, beti hala izan al da? –galdetu nion–.

—Ez, lehen gela bat zen, biltegi modura erabiltzen zen.

Gurasoek beti esan dute ama eduki zuten gelak gehiago zuela trasteleku itxura, apalak, burdinak eta beste zeudela. Poliziaren aurrean ere hala deklaratu zuten.

Erditze geletara gerturatu ginen jarraian. Han erizain batekin egin genuen topo, hura ere adinean aurrera joandakoa:

—Laguntza behar dugu –esan nion–. Jakin nahi dut lehen erietxean ba ote zeuden erditzeko gela txikiak, pertsona batekoak. Ama non sartu zuten jakin nahian gabiltza.

—Ez, ez, inondik ere ez. Erditze gelak handiak ziren, zabalak. Bakarkakorik ez zegoen.

Ez nuen erizain hura engainatu nahi eta egia esan nion:

—Gurasoei haur bat lapurtu zioten, eta informazio bila nabil.

—Bada, gusturago lagunduko dizut–hark erantzun–.

Bere izena ere eman zidan, eta azalpen gehiago:

—Haur bat hiltzen zenean hiru koloretako orriak bete behar izaten ziren, eta haietako bat gurasoentzat zen –gure gurasoei ez zieten ezer eman–.

—Eta ezagutu al zenuen 1960-1970eko hamarkadetan hemen zebilen moja bat, ahizpa Juana Maria?

—Ezagutu? Arazo asko izan nituen berekin. Eskerrak joan egin zen, bestela neuk alde egingo nuen.

Berriketan ari ginela, mediku bat etorri zitzaion erizainari, ohe batzuk mugitu behar zirela:

—Segituan noa –erizainak medikuari–.

—Mila esker. Lasai, ez dugu zure izena aipatuko –jakinarazi nion nik–.

—Nahi baduzue, erabili. Jakin ezazue erietxea banatuta dagoela. Batzuek pentsatzen dute ezinezkoa dela eta beste batzuek pentsatu dugu gauzak gertatu direla”.

Ana Carlotak lortu dituen agirietan dauden kontraesanek sumoak areagotu baino ez dizkiote egin.
Ana Carlotak lortu dituen agirietan dauden kontraesanek susmoak areagotu baino ez dizkiote egin.

Ospitalera joan eta lau egunera3,3 kiloko neskatoaz erditu zen Juana. 1963ko martxoaren 2a zen, goizeko 11:15ak. Erditze agiria ere lortu du Ana Carlotak. Azalpenetan ez da aparteko larritasuna duen ezer aipatzen. “Kirats handia” aipatzen da, “erditzea oso luzea izan delako”, eta bentosa batekin lagundu behar izan diotela –normala, ama erdi lo zeukaten eta–. Umeari buruz horrela dio: “Respira pero tarda bastante en llorar”. Horrez gain, tanta batzuk eman zizkiotela begietan infekzioa saihesteko. Gainontzean, amaren egoerari buruzko kontu batzuk.

Respira pero tarda bastante en llorar”. Ukaezina da umea bizirik jaio zela. Arnas hartzen zuela dio txostenak. Negar egin ote zuen zalantzan jarri dio, ordea, Osakidetzak haur lapurtuen kasuetako zalantzak argitzeko jarritako mediku batek. “Nik ulertzen dut kostata baina negar egin zuela”, dio Carlotak; “bestela, gehiago zehaztuko zuen agirian, jarriko zuen umea gaizki zegoela edo zerbait. Baina ez. Bakarrik begietarako tanta batzuk eman zizkiotela”.

Erditu ondoren haurrarekin zer gertatu zen ez dakite. Ama lokartuta zeukaten, eta aitari ez zioten ikusten utzi, behin eta berriro eskatu zuen arren. “Ordu batzuetara, esan zieten haurra hil egin zela. Bizirik edo hilda, haurra ikusi nahi zuen aitak. Ezetz. Hamaika aldiz ezetz. Beraiek arduratuko zirela guztiaz. Erietxeak lorategian zuen hilerrian ehortziko zutela, eta ez zutela ezer ordaindu behar. Aitak ezetz, Zumarragara eraman nahi zuela. Azkenean, mehatxu egin zioten, Guardia Zibilari deituko ziotela. Burua makurtu eta esku hutsik bueltatu behar izan zuten etxera”.

Kontraesan susmagarriak

Ana Carlotak dauzkan erietxeko agirietan badaude zenbait kontraesan datuen artean. Esate baterako, agiri batean garbi jasotzen da erditzea martxoaren 2an izan zela, goizez, eta goizean bertan hil zela adierazten da gurutze batekin. Baina, hori kontraesanean sartzen da beste agiri batean jasotako informazioarekin: “Martxoaren 2an haurrari bi aldiz hartu zioten tenperatura. Jaio eta berehala 36,5 inguru; ondoren, arratsaldean, 37,5 –datu normala da, kontuan hartuta ipurdian hartzen zaiela–. Nola da posible hilda bazegoen? Hilotza berotu egin al zen goizetik arratsaldera?”.

Juana artatuta egon zeneko txostenetan bada beste datu nahaste deigarri bat. Bere ohea zehaztean, batzuetan 117B ageri da eta beste batzuetan 128A –kasu batean, gainean berridatzita ere bai–. Eta erditze agirian, behean, berezitasunen atalean –“particularidades”–, hau baino ez du jartzen: “E” edo “5” eta jarraian 128A. “Ez dakigu hau nola interpretatu, baina deigarria egin zaigu. Batetik, nola nahasten dituzten 117B eta 128A oheak; bestetik, erditze agirian, berezitasun modura aipatzea 128A ohea. Beste erditze agiri batzuk ikusi ditugu eta ez da ohikoa ohea aipatzea berezitasunen artean. Susmagarria bada, behintzat. Zer esan nahi du? Han zegoen emakumeari entregatu behar zitzaiola haurra? Ez dakigu, baina bada ikertzeko modukoa. Baina ez dute egin. Erditzeen liburua ere ez dute kontsultatu”.

Bada Osakidetzan lortu duen azken agiri bat, erabat harrigarria. “Harrigarria edo lotsagarria, ez dakit nola deitu. Hasteko ez du inolako sinadurarik edo zigilurik. Edonork edonoiz egindakoa izan daiteke. Agiri horrek dio gure ahizpa 1960ko martxoaren 2an jaio eta 3an hil zela. 1960an. Hau da, ama erditzera joan baino hiru urte lehenago. Arantzazuko Ama erietxea bera eraiki baino lehen… Agiria ikertzaileen esku utzi nuen eta haiek emandako azalpena are harrigarriagoa da: 63 jartzen omen du denok 60 irakurtzen dugun lekuan. Guk dakigula, behintzat, inolako kaligrafia probarik egin gabe. Hortik, Ertzaintzak ondorioztatu du haurra 1963ko martxoaren 3an izan zela. Beraz, gaur egun, hiru data dauzkagu: 1960ko martxoaren 3a, 1963ko martxoaren 2a eta 1963ko martxoaren 3a. Erotzeko modukoa”.

Ana Carlota Dominguezen agiriak

Polloeko agiria

Alaba erietxeak lorategian omen zeukan hilerrian –zalantzan dago hilerria esistitzen zenik– ehortzi zutelakoan joan ziren etxera, lur jota, Juana eta Jose. Harik eta 49 urte geroago, 2012an, Polloeko hilerrian egon zitekeela esan zieten arte. “Lehen saioan anaia bat eta biok joan ginen Polloera, baina esan ziguten guri ezin zigutela ehorzketa liburua erakutsi. Amak joan behar zuela. Bizitzako momentu latzenetako bat pasarazi zioten. Han jartzen zuenez, gure amarena zen haur baten hilotza eraman zuen ezezagun batek, kutxatxo batean. 2013ko martxoaren 8an. Hau da, jaio eta ustez hil eta sei egunera. Non eduki zuten hainbeste denbora? Zergatik ez zioten aitari erakutsi? Horrez gain, jartzen du hilerriko 3. lerroan, 11. lekuan eta bigarren zenbakian ehortzi zutela, hilobi komun batean. Besterik ez. Gaur egun, ordea, hilobi haien arrastorik ez da geratzen, justu hantxe eraiki baitzuten duela urte batzuk errausketa-labea. Gainera, inoiz hondakinak atera bazituzten, guri ez ziguten ezer jakinarazi”.

Ama Juanak eta aita Josek zalantzarik ez dute umea bizirik lapurtu zietela. Ana Carlotak zalantza gehiago ditu. “Baina gauza bat garbi dago, ukaezina da haurra lapurtu zutela, esku hutsik bueltatu baitziren, baina inork ez du ikertu nahi. Hilda lapurtu bazuten, oraindik ere higuingarriago iruditzen zait. Zertarako? Beste guraso batzuk engainatzeko?”.

Erantzun eske, minduta

2011n kasuaren berri eman zigunean –2011ko azaroko Baleike aldizkarian– itxaropentsu zegoen Ana Carlota. Ustez, haurren lapurretak azken muturreraino ikertzearen aldekoa zen giroa, eta erakundeek konpromisoa hartu zuten publikoki. “Kalparsoro fiskal nagusiak behin eta berriro esan du baliabide guztiak jarri dituela ikerketak aurrera eramateko, baina ohartu gara aurpegira barre egiten ari zaizkigula. Gure kasuaren berri eman nienean, ikerketa egin behar zuten poliziek esan ziguten ia dena ikertua neukala, informazio asko eman niela. Emaitzak lortuko zituztela pentsatu genuen. Zain egon ginen. Halako batean, 2012an, esan ziguten kasua behin-behinean ixtea erabaki zuela epaileak, datu berriak agertu arte ez zegoela aurrera egiterik. Ezin nuen sinetsi. Ez zuten ezer egin. Ama artatu zuten lau medikuen izenak lortu zituzten, besterik ez, eta laurak hilda daude”.

Hori ikusirik, berriro bere kasa ikertzeari ekin zioten Ana Carlotak eta ama Juanak. Baita datu berriak lortu ere. “Ama artatu zuten hiru erizain edo emaginen izenak lortu genituen. Eta, onena, gutxienez haietako bat bizirik dago. Eta ez hori bakarrik. Badakigu non bizi den”. Emakume haren lekukotzak ikerketa argitzen lagunduko zuelakoan, Ertzaintzarengana jo zuen Ana Carlotak. “Zarauzko polizia etxera joan nintzen. Idatzi bat egin nuen, eskuz, esanez datu berriak neuzkala eta ikertzaileekin bildu nahi nuela. Eskatu behar izan nien idatzizko orriari sarrera ofiziala emateko, zigilatzeko, alegia. Ikusirik ez zirela nirekin harremanetan jartzen, idatzizko mezua bidali nuen ikerlariek lehendik emana zidaten telefono zenbaki batera. Urtebete pasa da. Oraindik zain nago”.

Gipuzkoako fiskalarekin ere saiatu zen. “2013ko urtarrilaren 25ean deitu nuen. Behin eta berriro saiatu behar izan nuen eta azkenean idazkariarekin hitz egitea lortu nuen. Handik pare bat egunera deitzeko esan zidan. Azkenean erantzuna izan zen agenda beteta zuela, ez zuela ni hartzeko astirik. Kito”.

Haserre dago Ana Carlota. Duela bi urte laguntzeko prest agertu zirenek bizkarra eman dietela sentitzen du. Eta mina darien hitzak dauzka haientzat: “Ikertzaileei esan nahi diet ea ez al dien lotsarik ematen bi etxekoandrek egin behar izana beraien lana; Kalparsorori, ea noiz arte gutxietsi behar gaituen; lapurtutako haurren globoa hustu egin dela diotenei, gure kasuak airez beteta jarraitzen duela esan nahi diet; eta garbi gera dadila: oraingoz, zorionez, gure gurasoak buruz eta osasunez oso ondo daude, eta inork ez dezala iradoki seme-alabok ari garela gure gurasoak manipulatzen eta nahasten kontu zaharrekin; gaur egungo lehendakariari galdetu nahi diot zer pentsatzen duen honetaz guztiaz; lehengoak garbi esan zuen antolatutako sare bat egon zela, baina Urkullu jaunaren iritzia ez dugu ezagutzen. EAJk oso ondo hartu gintuen duela pare bat urte, baina orain desagertu egin da; beste politikoak ere berdin. Guk dagoeneko ez dugu ezer espero inorengandik. Gure kabuz ikertzen jarraituko dugu, ahal dugun neurrian, egunen batean egia jakingo den esperantzarekin. Gurasoek diote: bizirik badago, non dago? Nik diot: hilda badago, non dago? Nora eraman behar dizkiogu loreak?”.

[Testua eta argazkiak: Gorka Zabaleta. 2013ko abenduko Baleiken argitaratutako erreportajea.]