Haur eskolen duintasunaren alde

Haur eskolen duintasunaren alde –

Haur eskolen duintasunaren aldeNafarroako 0-3 Plataformak urteak daramatza Haur Hezkuntzako Lehen Zikloak jasaten duen tratu txar sistematikoa salatzen; 2003an hasi zen kudeaketa gaiztoa kritikatzen eta horrek Nafarroako 0-3 urteko hezkuntza-komunitateak bizi duen egoera zaila eragin du.

Zikloa datu demografikoak eta hezkuntza-helburuak planifikatu eta aztertu gabe eraiki zen. Gobernuak eraikitzen zituen eskolak, eta, gero, udal bakoitzaren jardun onaren arabera kudeatzen ziren. Goxoki pozoitu bat izatera iritsi zen.

Sortutako korapilo hori desegiten, lan egiteko garaia iritsi da, 0-3 ziklorantz aurrera egin dezagun 3-6 zikloarekin koherentzian; 0-6 etapa, borondatezkoa izanik, ekitatiboa izan dadin.

Horretarako, azaroaren 5ean, Gobernua osatzen duten alderdiek lan-talde bat sortzeko konpromisoa hartu zuten, elkarrekin aurrera egin ahal izateko zikloa duintzeko, norabide berean urrats sendoak emanez.

Ziklo honetan, haurrak ratio baten baitan bizi dira eta ratio hori gehiegizkoa, ankerra, jasanezina eta arriskutsua da. Egungo ratioak, bikoiztu egiten du Europako Batzordearen Haurtzaroaren Arretarako Sareak gomendatutako haur-kopurua, haur-zerbitzuen kalitate- helburuen bidez.

Ikasgeletako masifikazio horrek ezinezkoa egiten du arreta pertsonalizatua eta kalitatezkoa ematea, eta, beraz, haurraren ongizate eta jaiotzetik dituen gaitasunen eta ahalmenen garapen eskubideari eragiten dio.

28/2007 Foru Dekretuak gutxieneko baldintza batzuk ezartzen ditu, baina ez dira nahikoak; Nafarroan, oraindik bi eskolek ez dituzte betetzen.

Haur-eskoletako profesionalek, administrazio desberdinen menpe eta gehienak zeharka kudeatuta daudenez, lan-eskubide eta soldata desberdinak dituzte, guztiak eskola publikoak izanik.

Gaur egun, zerbitzu garestia eta elitista da; jendarte-desberdintasun sakonen aurrean, doakoa ez den bitartean, haurren babesa bermatzeko neurriak hartu behar dira, haur- pobreziaren ondorio suntsitzaileen aurrean. Baremo horiek ez dira familia-eredu desberdinetara modu nabarmen eta errealean egokitzen; eta, ondorioz, desberdintasunetan sakontzen dute.

Gaur, alderdi politikoekin eta zikloa kudeatzen duten administrazioekin, Hezkuntza saila, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Toki Administrazioa eta Gizarte Eskubide sailarekin batera sortuko den lan taldean lan egiteko dugun jarrera jendarteratu nahi dugu.

Plataformarentzat oso garrantzitsua da talde horretan parte hartzea, 0-3ko errealitate zailetik abiatuta, ziklo hori erabat hezitzailea, unibertsala, doakoa, publikoa eta kudeaketa publikokoa izan dadin aurrera egiteko, eta Nafarroako berezko bi hizkuntzetan ikasteko eskubidea errespeta dadin: euskaraz eta gaztelaniaz.

Haurren eskubideen alde lan egiten eta borrokatzen jarraitzeko motibatuta gaude, eta 0-3 zikloa hezitzailea, lehentasunezkoa eta aurrekontua duena izan dadin saiatuko gara.

Epe laburrean, posible ikusten dugu, modu sinbolikoan bada ere, adin- tarte bakoitzeko haur batean ratioa jaistea, eta Covidaren ondorioz aurten izandako hezitzaile errefortzua mantentzea.

2021-2022 ikasturterako egiturazko aldaketak egiten hasteko osagaiak ditugu; beste 1.400.000 euro 2021-2022 ikasturteko aurrekontuan.

Baina aurrekontu handiagoa eman behar zaio. Orain ikusiko da ziklo honek zer-nolako borondatea eta lehentasuna duen gobernu honentzat. Akordio programatikoak, BPGren % 5 hezkuntzan inbertitzea du helburu. Hori bete ahal izateko, ziklo honetarako akordioaren helburu batetik has gaitezke: zikloaren doakotasuna eta unibertsaltasuna lortzea. Legegintzaldi honetan familien tarifek aurreko legegintzaldian bezala jarraitzen dute.

2021. urterako Hezkuntza Sailak 0-3 ziklorako duen aurrekontua 12.096.249 eurokoa da, hezkuntzako aurrekontu osoaren % 1,5a. Aurrekontu hau, 820.920.040€ izanik, BPGren % 3,9koa da.

Has gaitezen lanean. Zain gaude; lan-egutegi bat eta epe labur eta luzerako helburuak ezarri nahi ditugu.

Ekin diezaiogun lanari!

Haur eskolen duintasunaren alde

Haur eskola duinen alde

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude