Hauek al dira hezkuntza sistemak dituen arazoak?

Hauek al dira hezkuntza sistemak dituen arazoak? –

Espainiar Estatuko Hezkuntza Ministerioak azterketa espezifiko eta baztertzaile bat proposatu du Hezkuntza Fakultateetara sartzeko, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaz gain. Madrilgo gobernuak dioenez, Haur eta Lehen hezkuntzako graduetarako eta Irakasleen Prestakuntzako Masterrerako (Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, LHko eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasle izateko) sarbidea gogortu nahi du.

Hauek al dira hezkuntza sistemak dituen arazoak?

Harrigarria da irakasle izan nahi dutenei bi ebaluazio-proba egitea, unibertsitatean ikasteko aukera ere izan aurretik. Badirudi hezkuntzako arazo nagusia irakasleen formakuntza ezean eta ikasleen sarbidean dagoela. Oraingoan ere, hezkuntzan egiturazkoak diren arazoei aurre ez egin eta irakasleengan jartzen dugu arreta, langileak hezkuntzaren gabezia guztien erantzule bagina bezala.

Susmagarria da hezkuntza komunitatetik etengabe adierazten ditugun arazoak konpontzeko neurririk ez hartzea, esaterako, hezkuntza publikoan inbertsio falta, eskola-segregazioa, pribatizazio dinamikak, inklusiorako baliabide falta, gehiegizko lan karga burokratikoa, ratio handiegiak… Hezkuntza sistemak behar dituen arazoei aurre egiteko egiturazko neurriak hartu, baliabide gehiago ipini eta langileen lan-baldintzak hobetu beharrean, BPGaren %6 inbertsiotik horren urrun egonda, fokua desbideratu da eta irakasleen kaltetan inork aipatu ez duen arazo bat konpontzeko erabakiak hartu dira. Are gehiago, langileek bi urte daramatzagu pandemia egoeran lan-zama handiak jasaten, hezkuntza prozesuari eusten eta ez dagozkigun zereginak betetzen; irakasleen lanari aitortza eta prestigioa emateko ekarpenik ez du egin eta pandemia egoeran egindako lan eta esfortzuari muzin egin zaio. Agerian geratu da hezkuntza sistemako irakasleon prestakuntza eta prestutasuna gabeziak baino indarguneak direla.

Meritokraziaren eta bikaintasunaren izenean banakako ebaluazio metodoak inposatu nahi dizkigute Madriletik, unibertsitatean ikasketak hasi aurretik irakasle ona nor izan daitekeen erabakitzen dutenak. Hezkuntza garapen pertsonaletik urruti irudikatzen du gobernu honek unibertsitatean sortuko dituen ikaspostuak lan eremuan izango diren lanpostuen pare eta neurrira diseinatu nahi baditu.

STEILASen uste dugu proposamena ez dela batere egokia. Irakasle ona izatea ez da azterketa baztertzaileak gainditzea; aitzitik, ebaluatu, sailkatu eta ikasle «onenei» unibertsitatera sartzeko aukera ematea gizarte-darwinismoko neurri hutsa iruditzen zaigu, ikasleen arteko aniztasuna suntsituko duena eta aukera-berdintasunaren printzipioa ere kolokan jartzen duena. Ez dezagun ahaztu hautatzeko eta ebaluatzeko tresnek egoera sozioekonomiko baxuenean daudenen aukerak murrizteko besterik ez dutela balio.

Edonola ez gara guztiz ezkorrak bere burua progresistatzat daukan gobernu honek egiten dituen proposamen guztiekiko. STEILASen beti egon gara lan praktikoa eta egunerokoan oinarrituriko etengabeko formakuntza indartzearen alde, baldin eta erreala eta kalitatezkoa bada. Onartuko ez genukeena, ordea, zera da: praktikaldiaren aitzakiarekin lanpostuen prekarizazioa bultzatzea. Praktikaldiak ezin ditu egun existitzen diren, eta egunez egun gehiago murrizten diren, lanpostuak bete. Lanbide Heziketan dugun sistema dualak argi utzi du horrelako praktikaldiek dituzten ondorioak; batetik lan baldintzak prekarizatzea eta bestetik enpresarentzat nahierara egokitutako hezkuntza sortzea.

Ez da kasualitatea eskubide sozialak suntsitzearekin batera hezkuntzan merezimendu indibidualizatuaren eta bikaintasunaren erretorika gailentzea, etengabeko ahalegin indibiduala eskatzen duena eta hezkuntza-komunitatearen onura kolektiboan ia eragin onik ez duena.

Bertan proposatzen den karrera profesionalak ere arrisku hori izan dezake, pizgarrien bidez sarituko den hierarkia meritokratikoa elikatuz. Meritokrazia hori irakasleen lana ebaluatuz bideratuko litzatekeela dirudi, ebaluazioaren emaitzak soldata-osagarriekin lotuz, unibertsitatean egiten den bezala. Gure lanean ebaluazioak eta ikastetxeetako hezkuntza proiektuekin lotutako formazio jarraiak eguneroko ogia dira, inplizituki dauden jarduerak eta prozesuak dira. Bikaintasun hori bilatze aldera, lankideen eta ikastetxeen arteko lehiakortasuna sustatzea ez da batere egokia hezkuntza munduan. Horrek duen ibilbidea oso zalantzagarria da, motibatu eta lagundu beharrean presio handiagoa ekar baitezake hezkuntza-lanaren gainean. Gure lana ez da zenbaki objektibo hutsez neurtu daitekeena zuzenean, ekitateari, inklusioari eta jatorri-desberdintasunen orekatze lanarekin zuzenean lotuta baitago, hau da, gizarte-logika bati lotuta baitago. Guretzat ez dago bikaintasunik eskola komunitate guztientzat ez bada eskuragarria.

EAEn hezkuntza itun berri baten atarian gauden honetan, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu ez dezala Madrilgo gobernuaren bidea jarraitu eta gure hezkuntza sistemaren benetako arazo nagusia den hezkuntza zerbitzuaren pribatizazio eta eskola-segregazio dinamika eteteko neurriak har ditzala, euskal eskola publikoaren aldeko apustu sendoa eginez.

Nagore Iturrioz Lopez eta Ainhoa Astigarraga Blanco

Steilas sindikatuko bozeramaileak

Hauek al dira hezkuntza sistemak dituen arazoak? Hauek al dira hezkuntza sistemak dituen arazoak? Hauek al dira hezkuntza sistemak dituen arazoak? Hauek al dira hezkuntza sistemak dituen arazoak?

STEILAS

Zer duzu buruan “Hauek al dira hezkuntza sistemak dituen arazoak?”-ri buruz

  • Hezkuntzaren hobekuntza prozesu horretan leku danetan itoginak ikusten dituzue, zuen gremioak ezik, jakina!!!! Bada, jakin ezazu, guraso asko hainbat irakasleen prestakuntza eskasa eta inplikazio ezarekin oso arduraturik gaudela
    Beraz, ez zaitezte horren korporatiboak izan, eta analisi orokorra egizue.