Hau zergatik izango da desberdina?

Hamabost egunean ia ahaztu zaizkigu “iraunkor, egiaztagarri, orokorra” berbak. Baina ez dira ahaztekoak.

Hamar su-etenetik gora eman ditu ETAk 51 urtean. Partzialak batzuk, denboran mugatuak, sektoreka… 1981ean etorri zen lehen su-etena, urtebeteko menia iragarri zuen, baina 1982ko abuztua arte luzatu zuen.

Oraingo honetan, baina, koiuntura politikoari eta agiriari berari begiraturik, hiru dira arrazoi nagusiak hau desberdina dela pentsatzeko.

1-Ezker abertzalearen barne eztabaidatik datorkio eskaria ETAri. Arnaldo Otegik berak esan du azkena: “Behin eta berriro esango dugu: Zutik Euskal Herria adierazpenak dioen bezala, nazio askapeneko prozesuaren erronkek gaur egun antolakuntza tresna berriak eskatzen dituzte. Argi esateko: egungo garaiek aro politiko-militarra behin betiko gainditzea exijitzen dute eta horiek ordezkatzea antolakuntza, batasun eta borroka soilik demokratikoa onartuko dituen estrategia batekin”.

2-Nazioarteak egiaztatuko du. Inoiz izan duen presentzia handiena dauka euskal gatazkan nazioarteak. Noiz jarri dira gaur bezala Bakearen lau Nobel Saridun Euskal Herrira begira? Su-etena “iraunkorra” eta “benetan egiaztagarria” aldarrikatzeko eskatu zioten Bruselako adierazpenaren sinatzaileek ETAri, eta hala egin du.

3-Aldebakarrekoa da. Ez du hitzez hitz su-etena aldebakarrekoa dela esaten ETAk, baina de facto hala da. Ez du meniarako baldintzarik jartzen ETAk.

Urtarrilaren 8a, beste su-eten batzuen aurrekari

Azken su-etenaren agiria urtarrilaren 8an dago sinatua, hain justu 1989an, Aljerrreko negoziazioak hasi ziren egunaren urteurrenean. 1989ko urtarrilaren 8an bi asteko su-etena eman zuen ETAk, bere aldetik, eta Gobernua eta ETA bildu ziren bi hilabeteetan su-etena izan zen bi parteen aldetik, Gobernuak ere ez baitzuen atxiloketarik egin. Apirilean negoziazioek aterabiderik ez zutela eta, ETAk su-etena hautsi zuen.

Iraupen laburreko su-etena eman zuen ETAk 1992an, eta 1996ko ekainaren 23an, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente izendatzearekin batera astebeteko menia eman zuen ETAk.

1998an su-eten iraunkorra iragarri zuen ETAk “mugarik gabeko su-eten orokorra”, baldintzarik gabe. Herri Batasunak EAk eta EAJko sinaturiko Lizarra-Garaziko akordioaren testuinguruan (geroago EB batu zitzaien). ETAk eta Espainiako Gobernuak Suitzan hitz egin zuten, baina aterabiderik ez zuen izan prozesu hark. Hurrengo urteko azaroan ETAk su-etena hautsiko zuela iragarri zuen.

2006an Euskal Herriarentzat prozesu demokratiko berria abiatu zuen ETAk eta martxoaren 22an su-etena iragarri zuen.Aurretik 2005eko ekainean iragarri zuen PPko eta PSOEko hautetsien kontrako atentatuak etengo zituela. Alderdien n egoziazio mahaiak Loiolan bildu ziren, ETAk eta Espainiako Gobernuak akordioa sinatu zuten Oslon. Baina ETAk su-etena hautsia zela iragarri aurretik, atentatua egin zuen Barajasko T4 terminalean. Elkarrizketa guztiak bertan bukatu ziren. ETAk 2007ko ekainaren 4an jakinarazi zuen su-etena hautsiko zuela.

ETAren iragarpenaz esan zena gogoratu nahi duzu? Hemen irakur dezakezu informazio ia osoa.

Su-etena adierazi zenetik 15 egun igaro dira

Irudia | Su-etena adierazi zenetik 15 egun igaro dira | ETA | LGPL
ETA, su-etena, U8

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude