Hau po, po, po, poza!

images1.jpg

Lehen ere hitz eginda gaude hemen ISTURITZETIK TOLOSAN BARRU liburu gogoangarriaz, seguru asko nik sekula eta gehien maite izan dudan liburuaz. Ume pitoa nintzelako, aitak liburu hori irakurtzea debekatu zidalako, gerora askok abestu zituztelako hango letrak… Kontua da, libururen bati aitortzen badiot nigan lurrikararik sortu izana, Joxanton Artzeren lehen poema liburu horrexi aitortzen dioidala. Ohartzen naiz, oraindik ere, nire 12-13 urteetan, nola kitzikatzen ninduten hango hitzek eta nola bilakatu zen niretzat jostailu itzel liburutarako sortua zen zerbait. Esango nuke nire artezaletasunetik asko ere handixe datorrela edo, bederen, liburu harekin indartu zela. Nolabait. Edizio original zarratatu bat daukat oraindik, urrea lez gordetzen dudana. Gaur, ordea, Pamielako Pello Elzaburuk esku artera igorri dit edizio faksimilea, datorren asteazkenean aurkeztuko dena. Eta sentitu dut egundoko poza, inon aurkitzerik ez zegoen liburu hau aukeran jarriko delako. Eta jarri naiz, aldi berean, triste, halako liburua ez baita gauza bera izango gaurko begietatik ikusita, berrogei urte geroago… Ala bai? Nolanahi ere, maisulan batek denborarekin duen harremanaz hitz egingo digu. Hori segur da.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)