Hau ez da Olentzerorentzako gutuna

Mzk0Mg==

Demagun Espainiako herri batean Suediako goi mailako abokatu bat hirigintzako zinegotzia dela. Demagun herri horretan bertan Danimarkako kultura ministro ohi bat kulturako zinegotzia dela. Demagun, gainera, Alemaniako eskualde bateko lehendakari ohia alkatea dela. Demagun hirurek euren herrialdeetako jatorrizko hizkuntzaz gain ingelesa dakitela. Demagun euren bileretan, herritarren aurreko ekitaldietan eta bestelako jendaurreko jardunetan ingelesa baino ez dutela erabiltzen. Ba al daki inork zenbateko zalaparta sortuko litzatekeen herritarren artean, prentsan eta, hedaduraz, Espainia osoan? Zergatik baina? Horietako bakoitza nor bere arloan profesional bikaina bada, non dago arazoa?

Logikak dio arazoak asko izango liratekeela: batzuk gaztelaniaz eta beste batzuk ingelesez aritzearen poderioz, herritarren eta hautetsien arteko harremanak interpretari bidez gauzatu beharko lirateke; gaztelaniazko idatzi guztiak ingelesera itzuli beharko lirateke; ekitaldi publikoetan ingelesa erabili edo, bestela, menderatzen ez duten hizkuntza batean idatzitakoa irakurri beharko lukete, ingelesez mintzatzen diren herritarrak pribilegiodunak izango lirateke… Azken batean, bideragarria izango al litzateke udal hori? Kalitatezko zerbitzua emango al lukete hautetsiek? Herritarrentzat zer izango litzateke udala, arrotzagoa edo gertukoagoa?

Sarrera horretan adierazitakoa alegiazko adibide bat baino gehiago da: udal hauteskundeen ostean udalerri euskaldun batzuetan gertatu denaren karikatura da. Zoritxarrez, Hego Euskal Herriko hautes zerrenda guztiak ezin izango dira bete hautagai euskaldunekin. Posible ote da udalerri euskaldunetako zerrendetakoak behintzat euskaldunak izatea? Gure ustez, posible ez ezik ezinbestekoa ere bada.

Izan ere, etor gaitezen errealitatera eta jar ditzagun gauzak bere tokian: euskaraz funtzionatu nahi duen administrazio batean ez-euskaldunak jartzea ogi zuria egin nahi eta irin beltza erabiltzea bezala da. Izan litezke euskaltzaleak (nork ez du ezagutzen erdaldun euskaltzalerik?), izan litezke euskararen aldekoak, izan litezke jatorrak, izan litezke oso profesional onak bere arloan… Suediarra, danimarkarra eta alemaniarra bezain onak izan litezke gauza askotan. Edo hobeak.

Baina gabeziak izango dituzte oinarrizko kontuetan: ezin izango diete zerbitzu egokirik eman herritarrei. Zerbitzua eta hizkuntza banaezina delako: udalak ez duelako ematen zerbitzurik hizkuntzarik ez duenik, eta zerbitzua ezin litekeelako egokia izan herritarrak aukeratu ez duen hizkuntza batean.

Eguneroko funtzionamenduaz harago, badira traba gehiago: hautetsi ez-euskaldunek ez liokete euskarari prestigiorik emango, ez lukete nahikoa legitimitaterik izango euskararen normalizazioan neurri aurrerakoiak hartzeko, ez lirateke eredugarriak izango… Hitz bitan, euskararen normalizazioan traba izango lirateke. Administrazioaren aurrean euskaraz bizitzea errealitate izatetik aldarrikapen izatera pasako litzateke berriro. Atzera, karramarroak bezala.

Baten batzuek euskararen gainean “oinarrizko kontsentsuak” hizpide dituzten honetan, garrantzitsua iruditzen zaigu honako hau gogoratzea: EAEko Euskararen Legea onartu zutenean Euskararen Legearen 8.3 artikuluak honako hau zioen: “Udalaren gizarte-hizkuntzazko egoera dela eta, herritarren eskubideen kaltetango gerta ez dedinean, herri-agintariek, Toki-Arduralaritzaren alorrean, euskara bakarrik erabili ahal izango dute”. Alderdi askok egin zuten bat ideia horrekin. Hor daude hemerotekak. Gai izango dira garai hartako “kontsentsua” hautes zerrendetan islatzeko?

Hau ez da Olentzerorentzako gutuna. Hauek ez dira zintzoak izatearen truke Olentzerori eskatzen dizkiogun opariak. Hau normaltasun karga handia duen eskaera bat da: herri euskaldunetan hautagai euskaldunak. Jakin badakigu toki jakin batzuetan Hego Euskal Herriko alderdi guztiek eskaera hori bere egin eta hautagai euskaldunak nahita hautatu dituztela. Logikaren eta “kontsentsuaren” izenean, zergatik ez egin gauza bera gutxienez UEMAko udalerri guztietan?

Jon Bollar

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen lehendakaria, UEMAren Zuzendaritza Batzordearen izenean.

Irudia | Ogi zuria ala beltza? | orse | Creative Commons By SA

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.