Hatza

Joan den asteartean, Gaizka Arangurenek arrapostua eman zion Euskalerria Irratian nik Berrian idatzitako zutabe bati (irakurle interesatuak Hasier Etxeberriaren sarrera honetan aurkituko ditu lotura guziak). Gaizkarena, jakina, erantzun egokia iduritu zitzaidan, neurrikoa: ez da gai honetaz aritu garen lehendabiziko aldia, ezta segur aski hondarrekoa ere, eta hori ongi da, haren ikuspuntua interesgarria izaten baita beti.

nafarroa-osoa

Ez hain aspaldian, Idurre Eskisabelek ohartarazi zidan beharbada Nafarroa Osoa edo nafar estatua defendatzen dutenen ikuspuntuak eta nireak ez dabiltzala hain urrun elkarrengandik; are gehiago, ez ote ziren baterragarriak izaten ahal erran zidan. Ez dakit hala den. Nolanahi den ere, egia da Gaizkarekin mintzatu naizenetan adostasunerako eremu zabala kausitu izan dudala, baina bistan da zenbait puntutan ez dugula bat egiten. Euskal Herri osorako (edo, haren hitzetan, Nafarroa osorako) baliagarri izan litekeen iruditeri kolektibo bat du kezka Gaizkak, Iruñeko jendea, Bilbokoa eta Maulekoa –konparaziorako– biltzeko indarra lukeen imaginario bat. Ados. Galdera da, ordea, ea imaginario hori osatzea gaurko historialarien lana ote den, eta ea zeregin horretan nafar estatuaren defendatzaileek egin dutena egokia den.

Gaizkak aipatzen dituen adibideak (El Cid, Jeanne d’Arc, Charlemagne, errege-erregina katolikoak) arrunt nazionalak dira, arrunt 19. mendekoak. Baina egin dezagun galde: El Cid edo Jeanne d’Arc konpartitzen duten bi ezezagun zertaz mintzatzen dira tren batean (ez baldin badira hilketa bana prestatzen ari)? Kultura mailaren eta gogoaren arabera, telebistaz eta musikaz, literaturaz edo eguraldiaz, eta bai, baliteke historiaz ere mintzatzea. Baina, irakurle informatuak baldin badira, litekeena da El Ciden mitifikazioaz mintzatzea, eta beharbada begiratu eszeptiko bat botako diote La Pucelleren istorioari. Badira oraindik mito nazionalak eraikitzen eta historia edertzen tematzen diren historialariak (RAHekoak horren lekuko), baina ez dira hoberenak, eta ez genituzke eredugarritzat hartu beharko. Nire ustez, bergtzalde, ez da hori historialariaren funtzioa. Hatza begian sartu dudala aipatu du Gaizkak bere erantzunean: bada, hain zuzen ere, hori da (akaso ez hori bakarrik, baina hori ere bai), historialariaren betebeharra; alegia, zalantzaren bat adieraztea, gure arbasoekin lotzen gaituen lerro zuzena aurkitu uste dugularik.

Nire huts bat aitortuko dut: nafar estatuaren zaleen taldea uste baino konplexuagoa da, edo ez da bederen nik garai batean uste nuen bezain monolitikoa. Ezagutzen dudan heinean, Gaizkak beti adierazi du historia ikertuz gure imaginarioa hornitu nahi zuela. Mitoak sortzea zilegi dela. Nabarraldeko eta horren ildoko bertze batzuek, ordea, egia historikoa azaleratzen ari direla erran izan dute behin baino gehiagotan (Mikel Soraurenen artikulu baten titulua iltzaturik gelditu zitzaidan memorian: “La verdad os hará libres”). Egoera ongi ulertu badut, Gaizkari diskurtso historiko hori interesatzen zaio herria mugiarazteko balio duen heinean, ez benetako, gezurrezko edo erdipurdiko historia argitara ateratzen duen neurrian. Eta horretan ez gaude ados. Historiaren gainean dudan ikuspuntua ez da hain instrumentala. Niri historia inporta egiten zait, eta intelektualki asetzen nauen diskurtso bat behar dut.

Nire ustez, euskal estatuaren teoria ez da defendatzen ahal, ez du euskarririk, fantasia hutsa da. Egia da Nafarroak bere independentzia atxiki izan balu, euskal estatu baten ernamuina izan zitekeela; baina ez da euskaldunen estatua inoiz izan: euskaldun batzuen erresuma izan zen, eta nafar errege batzuen pean euskaldun franko bizi izan ziren zenbait garaitan. Ez aipatzeko ustezko estatu horren inguruan egin den idealizazioa. Alde horretatik, historialaren funtzioaren gaineko eztabaida teorikoa alde batera utzita, emaitza praktikoak ez dira, nire iduriko, egokiak izan.

Eta, akitzeko, ongi da gogoraraztea mugaz honaindikoa Nafarroa Garaia dela, baina, oraingoz, Nafarroa Osoaren parte direla jakiteko Lapurdiko, Nafarroako Behereko eta Zuberoako jendeak alde honetako erdara ikasi beharko dute. Hortaz, Nafarroa Osoa defendatzen dutenak gure iruditeria osatzen ari dira, El conquis etxeko mitoak sortzen ari den bezalaxe: ikurrina jartze hutsa –Patagonian edo Amaiurren– nahikoa balitz bezala. Akaso, batuko gaituzten iruditeria eta mitoak sortu baino lehen, batzen gaituen hizkuntza ikasi beharko lukete zenbait historialarik. Zilegi baita erdaraz ere argitaratzea, baina hain zilegi ez dena da, nire ustez, euskaldun guziok behar-beharrezkoa dugun kultura produktu bat ehuneko ehun erdara batean egitea.

Euskal Herria, euskara, Hatza, historia, Kultura
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

13 pentsamendu “Hatza”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2013-01-17 18:15

    Erabat ados. Baina galdera bat, Santi: justifikatu ote daiteke euskal nazio-proiektu bat (eta estatu nazional berri baten eraikuntza) bakar-bakarrik hizkuntzan oinarrituz? Zerorrek “batzen gaituen hizkuntza” aipatu duzu, baina hizkuntza horrek ez gaitu batzen aspalditik: aurreneko abertzaleek garbi ikusi zuten euskarak ezin zuela ERABAT euskal naziotasuna definitu, zeren a) eliteek eta hirigune hazienetako biztanleek ez dute euskaraz egiten; b) “euskararen herri” delakoaren barnean, eremu zabal batean galdua; c) are gehiago, eskualde batzuetan ez da euskararen arrastorik, toponimo apur batzutatik kanpo. Horrexegatik, XIX. mendeko lehenengo nazionalistek “Jaungoikoa eta lege zaharrak” zituzten euskal naziotasunaren oinarritzat; legeak, instituzioak eta tradizioak, alegia. Aranarentzat, denok dakigun bezala, euskaraz jakitea baino askoz inportanteagoa zen euskal etorki garbikoa izatea….

  • “Cerrar el sepulcro del Cid con siete candados” edo, hoha hemen Joaquin Costa erreformatzaileak emandako aholku zuhurra orain ehun urte pasatxo. “Escuela, despensa y siete candados para el sepulcro del Cid” esaldia ere egozten zaio. Bistan da ez diotela kasu handirik egin…

  • “Bidali” behar baino lehenago sakatu dut, barkatu. Gaizka Arangurenek agian aintzat hartu ez duen kontu bat Costaren esaera famatuak nabarmentzen du, Espainiaren iruditeria zaharmindu horrek ez dituela espainiar guztiak batzen, alegia; aitzitik, kontu horiek Ebroz haraindian ere alergia larria eragiten diote oro har aiurru ezkertiarreko jende frankori. Ez dira historialariak, kazetariak baizik, baina orain gutxi Escolar aita-semeek liburu bat atera zuten Gaztelaren historiaren mitoak egurtzeko asmoz. Egia esan, ez dut irakurri, prentsako iruzkin batzuk ez bada, baina izenburua aski adierazgarria da: “La nación inventada”. Ez dakit kasualidadea ote den escolartarrak Burgos aldekoak izatea. Izan ere, mito horiek funtzionalak izateari utzi diotenez neurri batean, nazionalismo espainirra etsi-etsian dabil bestelako erreferente prestigiodunak iraganean bilatzen, posible baldin bada “kutsu demokratikoa” daukaten mitoak. Erronka zaila, benetan. “Mito nagusia” II Errepublika litzateke, noski, baina borbondar bat estatuburu daukan egitura batek erabili ezin duenez -eta espainiar inteligentsiaren zati handi batek barne-muinetan frankista izaten jarraitzen du, gainera-, ba horra hor Cadizko konstituzioaren ospakizunak iaz. Emaitzak, hala ere, oso eskasak izan dira, eta zurrunbilo akademiko-instituzionalean bizi direnak izan ezik, esango nuke erabateko axolagabeziaz eta jakin-min ezaz hartuak izan direla. Dena dela, Espainiaren historia bestela kontatzeko saiakerak ez dira falta izan, Américo Castro-rena, kasu. Trantsizioaren garaian hain modan zegoen “Nuevo Mester de Juglaría” folk-taldearen jarduna bide horretatik zihoan, hain zuzen, nolabait esateko “gaztelartasuna” Espainiako farfaila inperialez libratzea. Frantzian, berriz, ez dakit nola doazen gauzak, baina ez dut uste Orleansko Dontzellak zimiko handirik erango dionik inori gaur egun: Sarkozyk Frantziar Nortasunaren Ministerio bat edo halako zerbait sortu nahi baldin bazuen, zerbaitengatik izango da. XX. mendearen bigarren erdian askoz mito indartsuagoa izan da nazien aukarko Erresistentzia, nahiz eta gutxi ez izan okupatzaileekin bat egin zuten frantziarrak dexente izan zirela azaleratu dutenak. Hortaz, euskal iruditeri bat erakitzeko, euskal “Cid”ak hilobiko lozorrotik ateratzea ez dakit bat bide egokiena den inongo euskal estatu-proiekturik justifikatzeko. Gogoan daukat Zaldi Eroaren tira gogoangarri bat, Pedro Nafarroako Marexalaren hilobia topatu zutenekoa: gizajoak, armadura eta guzti, “Utzi bakean!” eskatzen du eskeletoek daukaten minezko irribarre ikaragarri horrekin… Uste dut hori egitea Espainiako eta Frantzia bezalako estatu arrandiusek jorratutako ildoari jarraitzea litzatekeela, eta ildo agortu xamartuari gainera, baina tira…

  • Amonamantangorrik galdetu du: justifikatu ote daiteke euskal nazio-proiektu bat (eta estatu nazional berri baten eraikuntza) bakar-bakarrik hizkuntzan oinarrituz?
    Nire ustez, ez bakar-bakarrik hizkuntzan oinarriturik, baina hizkuntza iruditzen zaigu askori ardatz nagusia. Barregarria iruditzen zaigun bezala, erdarazko “Euskal” Herria, eta iruzur konpletoa, abertzale-euskaltzale askoren erdarazko jario etengabea.
    Edonola ere, Santik beste batzuetan aditzera eman duen bezala, edota Martxelok oso ondo adierazi gisa, Estatu propioa eraikitzeko arrazoirik sendoena, eta definitiboa, honakoa da: sudur puntan jartzen zaigulako.

  • Frantzian dauden herritar guztiak Frantziarren parte sentitzen al dira? Akaso Frantsesa bakarrik Frantzian hitzegiten da? Orduan? Nafarroa Euskal Estatua izan zen eta hori historioa da, beste gazu bat da nola eraiki edo zertan eraiki nahi degun Euskal estatua eta ze izena eukiko du.Niri berdin zait Nafarroa deitzea, Euskal Herria (agian Nafar erkidegokoak izen hori bere eremurako nahiko zuketelako, edo Euskaldunak Euskal Herria nahiago dutelako), Euskal Lurralde batuak edo amona mantangorri deitzen bada.
    Estatua nahi det eta Euskalduna, eta posible da.
    Israelek Hebreoa ia ezerrezetik berpiztu zuen eta Israelen denok dakite Hbreoz egiten, agintzen dutenek benetan Euskararen ezagupena zabaldu nahi bazuten herritarren artean (edo herritarren gehiengoaren artean), posible izan dute egin azkeneko 35 urtetan. Bakarrik Euskara dohainik izanda eta funtzionario izateko euskera jakitea derrigorrezkoa izango balitz, hemen gehienak Euskara jakingo zuketen.
    Ez dakit ze lur errebindikatzen duten zuk aipatutako Nafar abertzaleak, baina norbaitekin batzeko besteak nahi izatea behar dezu, eta hori posible da bakarrik (posible baina zaila) Euskara kontserbatzen den eremutan, Nafarroako erdal eremuetan gutxi baina euskara dago, eta iparradean oso zabaldua, burgos edo Aragoien aldiz ez. Beraz Aragoikoak ez dute nahiko inoiz gurekin egon eta ni Nafarra sentitzen naizela ez dut inoiz batu nahi izango Euskara ikasi nahi ez dutenekin gure herriaren hizkuntza izan dadin(erkidego edo eremutaz ari nahiz). Beraz beraiek ez badute gurekin egon nahi eta hemengo askotxo (Nafar/Euskaldun asko barne) ere nahiko ez zutenez, batuketa hori ezinezkoa egiten da. Gauz bat da izan garena, beste bat garena eta beste bat izango garena, baina Nafar estatuarena independentzia lortzeko beste estrategia izan litzateke. Euskal Herria eremu kulturala da baina Nafarroa konkistatutako estatua, eta konkistan egindakoa,printzipioz ez da preskibatzen. Batzuen eta besteen artean Arazoak hoiek badira, ez det uste gainditu ezinezko gauzak direnik.

  • Gauza askotan arrazoi du Leonek, kasu idealizazioaren aferan, baina Arangurenek erantzun bezala sustatun, ez dut ulertzen non oinarritzen duen “ez da euskaldunen estatua inoiz izan” iritzia.
    Izan ere, galdera litzateke: zer faktore historiko-politiko-juridiko-etnikok ekartzen du VIII. mendean Iruñako Erresuma sortzea? eta sortzen den eremu zabalerarekin sortzea? Zergatik heltzen da heltzen den eremuetara? Ez al dira akaso justu euskaldunak bizi ziren lurraldeak? (Bizkaia mendebaldea, Burgos iparraldea edo Anso eta Hecho barne?) Zer dela eta antolatzen dira garai horretako euskaldunak jauntxo bat errege egiteko? Ez al zuten kontzientzia, behar, bizipen komunik izango bapatean Eneko Aritza lurralde oso guzti horretan errege gisa (gudalburu edo jauntxo edo dana dalakoa) agertzeko? Ez dut uste baskoi ejerzito bat ibiliko zenik Bilbo, Jaca edo Gasteiz menperatzen.. beraz nola ulertu erresuma horren sorrera ez bada euskaldunon estatu gisa? franko, visigodo zein musulmanengandik babes kolektiborako tresna gisa ez bada, nola bestela? zergatik bestela, Iñaki Sagredoren liburuetan ikusten den bezala, Nafarroako gaztelu sistema osoa, Malmasinen, Untzuetapikon, Bureban, Biasterin.. tontorretatik eraikitako babes sistema izan zen, kanpoko erasoetatik babesteko baliagarria baina ez bertako herritarrak menderatzeko erabilgarria? Ez dut uste beste erantzun lojikorik topatu daitekeenik euskaldunen lurraldean hain justu, ez harago ez gutxiago, erresuma baten sorrera gertatzeko. Inork ikusiko balu beste sorrera-ildorik apur bat argudiatu beharko luke, izan ere, benetan zaila VIII. mendean edozein jauntxok bere soldaduekin muga zehatz horiek zituen lurraldeak menderatu eta kontrolatzea bertan erresuma bat eraikitzeko.. zergatik ez urrunago? zergatik ez gutxiago? eta behin hori menderatuta, ez ote zuen lurralde hori militarki okupatuta mantendu beharko? ez du ematen horrela zenik, beraz euskaldunon autodefentsa kolektiborako eraikuntza juridiko-politiko-militarra izan zela da tesi sinesgarriena..

    • Oxandabaratz 2013-01-22 12:34

      Ados egon ninteke parte bateak zuk esandakoarekin, Anacleto, baina gauza bat hori da (hasieran euskaldunen autodefentsa kolektiborako egitura ppolitiko-militarra izana, IX mendean), eta beste bat sortu zenetik desagertu zen arte bere xedea “euskaldunak ordezkatzea” izan zenik. Hori abtsurdo bat da (izan ere Behe Erdi Aroan kasta nobiliarioak asko indartuko ziren, eta azken finean zerabilten “ideologiak” ez zuten zerikusirik euren gobernatuekin (distantzia asko zabalduko zen goi eta behe klaseen artean); eta hau Europa osoan gertatzen da; adibidez lituaniar noblezia eslaviartu egingo zen, Greziaar noblezia parte bat turkiartu, errumaniarren parte bat magiartu eta hala). Estatu-nazionalak Erdi Aroan antzeztea ez da zuzena, eta are gutxiago Erdi Aroko Estatuen izenak gaur egungo identitateak erabat baldintzatzen dituztela nahi izatea.

    • Egia esan, ez dakigu zer-dela eta sortu zen Iruñeko Erresuma IX. mendean: haren lehen dinastiaz benetan dakiguna orri batean kabitzen da arazo handirik gabe. Dena dela, ez du ematen Eneko Ariztak gobernatzen zuen lurraldea oso zabala zenik: gutxi asko, Iruñerria eta Zangozako merindadea. Orokorrean, XI. mendea baino lehen euskal lurralde gehienak ilunpetan daude, ez baitago apenas inolako informaziorik, eta geroago ere nahiko urria da. Araba, adibidez, X. mendean Gaztela aldera lerraturik azaltzen da batzuetan -Fernan Gonzalez konte famatuak, adibidez, Gaztela eta Arabako konte bezala aurkezten du bere burua agirietan. Eta ez legoke gaizki zera gogoan hartzea, garai hartan Gaztelan ere euskal eremu zabalak bazeudela. Gero Araba bera eta Bizkaia Iruñeko erregeengana lerraturik ikusten ditugu, edo hobeto esan, bertako jauntxoek men egiten diete eta ordainean pribilegioak eta abarrak jasotzen dituzte. Garai hartan, boretesuen artean behintzat, boterearen oinarri “harremana” zen hitzaren zentzu hertsian: hartu-emana. Azken batean, erregeen euren boterea oso mugatua zen, ez zegoen “estaturik” guk ulertzen dugun eran. Bestalde, nahiko normala iruditzen zait erregeek gazteluak eta gotorlekuak han-hemen eraiki izana, lurraldeak babesteko… eta bertakoak hobeto kontrolatzeko. Gauza bat da une jakin bateko gertakizunek izan dituzten ondorioak epe luzera, baina unean bertan agian ez ziren hain esanguratsuak izan. Nekazari edo artzain bati (biztanleriaren % 90tik gora X-XI. mendeetan, orduan ez baitzegoen apenas hiribildurik), Gaztelako Fernandok edo Iruñea-Najerako Antsok gobernatu, ba segurunuera berdin zitzaion. Bildotsak eta gari-anegak bien izenean berdin kentzen zizkioten.

  • Oxandabaratz, ni ba ados nago esaten duzun guztiarekin, sorrera aipatzen dudalako Erresuma euskaldunen defentsarako egitura politiko-militar-juridiko gisa aipatzean, ez atzetik etorritako garapen guztia. Edo agian jarraitu zuen izaten autodefentsa kolektiborako tresna, baina adibidez foruek gerora Nafarroako Erresumatik kanpoko lurraldeetan edo Erresumaren ondorengo gizaldeetan (nahiz eta beste forma juridiko baten pean izan, nahiz eta soberania totala ez izan) jokatu zuten bezala. Autodefentsa kolektibo konzientea edo inkonzientea, eta errege eta klase zehatz batzuren interesen zerbitzura, hori eztabaida agian amaiezina da.
    Zalantzarik ez dudana da izan Erresuma, izan foruak, euskaldunok antolakuntza juridiko-politiko kolektibo propiorik izan ez bagenu XIX. mendera arte, klase zehatz batzuren interesen menpe betiere, ez ginen gaur egun hizkuntza honetan eztabaidatzen arituko.
    Menditarra, aipatzen dituzun asko ere ukaezinak dira. Orain, eta argudio nagusia defendatu nahiz, eta jakinik ez dagoela daturik, garai ilunak zirela eta abar.. bisigodoek eta frankoek ez zuten Euskal Herria deitzen dugunaren inguruko lurraldeak era jarraituan dominatzerik izan, beraz autodefentsa antolaketa kolektiboren bat bazegoen. Agian antolaketa kolektiboak, pluralean? Ziurrena. Baina kontua da ea nola Iruña inguruko jauntxo batzuk lortu zuten Erresuma bat eraikitzea eta zergatik hain justu, gutxi-gorabehera euskararen eragin eremuaren inguruan. Jauntxoen arteko hartuemanak? Jakina, beti bezala. Baina zergatik jarri ziren ados justu inguru horretako jauntxoak ados eta ez adibidez haratagokoak? (kantabria mendebaldekoak, asturianoak, pirinio erditik ekialderagokoak, landetakoak..). Ba agian kidetasun, hurbiltasun bat zutelako, agian kontzientziarik ez, baina bai hurbiltasun etniko bat. Hau da euskararen eremua eta bere eragina. Eta jakina da, arazoak daudenean hurbilenekoarekin batzen zarela zure burua eta zure ingurukoena babesteko. Antolaketa kolektiboa (jauntxo bidez edo batzar bidez edo nahi duzun bezala) babes kolektiborako. Eta horrek gero Erresuma forma hartuko zuen. Hemen badira azpian hainbat gai oso labainkorrak (eta ez bakarrik identitate politikoa zer izan zitekeen garai hartan, naziotasunik ba ote zen edo hizkuntzak nolabaiteko kidetasunik ematen zuen, baita ere autoritateen eraikuntza – berdina ote zen VIII. mendeko gudalburu bat eta XV.mendeko jauntxo oñaztar bat bere “menpekoekiko” harremanean? berdin eraiki ote zen bere boterea?, baita ere antolaketa politikoen jatorria, baita ere zer izan zitekeen Erresuma bat IX. mendean eta zein egitura zituen bere erresuma kontrolatzeko eta arauak betearazteko, baita ere zein ote zen artzainaren eta jauntxoaren arteko jauzia garai hartan…).

    Gazteluen inguruan, ez da berdina gaztelua leku batean edo bestean eraikitzea bere funtzioa aztertzeko. Eta nafarrek gehienetan muinoetan eraikitzen bazituzten, mugak babesteko sistema bezala ulertzen zituztelako da, ez lurralde gehiago irabazten joateko, ez muga barneko biztanlegoa kontrolatzeko (nahiz eta hori beti emango zen). Izan ere, bigarren hau balitz funtsa ez zituzten muinoetan egingo (Bilboko Malmasinen, Arakaldoko Untzuetapikon edo Arteaga gaineko SanMigelzaharren bezala), haranean baizik. Beraz nafarren tontorretako eraikuntza militarrak kanpoko inbasioetatik babesteko zirela pentsatzea nahiko gauza lojikoa iruditzen zait. Gaztelarrak Bureban agertu, eta suaren bidez bi ordutan Iruñean horren berri izan.
    Gutxi gorabehera Aragorn, hobbitak eta Gandalf Helm´s-eko harresian inguraturik daudenean, Rohaneko zaldunak abisatzeko erabiltzen duten sistema berbera 😉

    • Oxandabaratz 2013-01-23 11:42

      Anacleto, ados nago zurekin. Ñabardura bat bakarrik esango nuke; nik Behe Erdi Araoko eta Goi Erdi Aroko antolaketa sozialak bereizterakoan (ez dut kategoria hau absolutizatu nahi, noski) esan nahi nuena da Goi Erdi Aroan (Iruñeko Erresuma Aro hhorretan sortzen da), oraindik badagoela, halako “leinu” sentimendu handiago bat, halako komunitate-solidaritate handiago bat leinu bakoitzaren kideen artean, oraindik ez zen mailaketa sozial hainhandia emango (noski, leinuko kideen artean esan nahi dut, ekonnomia esklabista handia zegoen, baina esklabuak “atzerritarrak” izaten ohi ziren). hau gertatzen zen Gpoi Erdi Aroa inbasioez edota “herrien migrazioez” (eta garai horretan eherriak osorik”migratzen” zuen beste toki batean ezartzeko, kanpamendu eta guzti, praktikan konkista bat zen), josia dago, ekponomia gehienbat arpilaketa ekonomia da, beraz antolaketa sozialak kutsu militarra du. Hori dela eta, estratifikazioa askoz ere “demokratikoagoa” zen (komatxoen artean noski), mobilitate soziala handiagoa zen, abilidade militarrak zituena zen buru edota “noble”; eta noble horiek leinuarekiko hurbilago daude hurrengo aroan baino.

      Beh erdi aroan erakundetzea hasten da. Erakundetze horrek Europa guzitian, obleen kastaren segmentazioa ddakar, beraz suposatzen da Nafarroako Erresuman ere bai (euskaldunak ez gara askotan guk nahi bezain ezberdinak). Gudak gero eta gutxiago dira, beraz klase militarrak “nobleek” herrairan bizkar bizi behar dute “armak zaintzen” dituzten bitartean. Beraz, “noble” hauen eta herriaren arteko distantziamendua ematen da eta hasierako “lenu solidaritatea” edota “solidaritate etnikoa” (zein gutxi gustatzen zaidan hitz hau!) ere desagertuz doa. Beraz, suposagarria da Nafarroan ere antzeko prozesu bat eman izana.

      Eskerrik asko!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude