Hasier Larretxea: “Nik idazle bezala dardara dut beharrezko”

Hasier Larretxea (Arraiotz, 1982) herri kiroletan erreferentea den leinutik datorren arren, zoriontsu izateko nahiak ez zion familia tradizioarekin jarraitzen utzi. Distantzia hartzeko joan zen Madrilera duela zortzi urte. Kezka eta katramilei aurre egin ondoren, iraganarekin bakean egoteko parada eman dion ibilbide pertsonalaren fruitua da ‘Larremotzetik’, narratiba poetikotik edaten duen autobiografia.

 

Larretxea1

Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono. Argazkiak: Kepa Matxain @kmatxain

 

Askatu al zara?
Guztiz. Bete-betean gainera. Nabaria da hustuketa ariketa sakona dagoela liburuan. Modu inkonzientean egin dut idazketa prozesua. Ondoren landu behar izan dut testua nahi nuen tonua bilatze aldera. Literatura niretzat ez da denbora pasa hutsa. Nik idazle bezala dardara dut beharrezko.

 

“(…) jatorria berreskuratzeko behar bat irudikatzen du, egileak faltan botatzen dituen edo iraganean utzitako bizipen eta gertaeren berreskuratze poetikoa ulertzeko modua” Jose Luis Padrón.
Poesiatik hurbil da liburua, poesian kausitu nahi nuelako askatasun hori. Aurkitu nintzen une batean zeinetan amak irakurri behar zuen liburua, horretarako izenak kendu eta landu nuen pixka bat. Damu izan bainintzen zenbait testu bortitzegiak zirelako, eta beste era batean azaldu baizitezkeen. Kasu honetan narraziogintzak eman dit poesiak eskaini ezin zidan espaziogunea. Egia da narrazioetan elipsirako joera handia dagoela, baina nik behar nuen liburu hau azaldu behar nituenak azaltzeko, poesian guttiegi erranen bainuke.

 

Nola kontatzen da hitzekin, hitzek azaldu ezin dezaketen hori?
Liburuak badu paisaia bat eta hitzek kontatzen ez duten horren gibelekoak dira niri asko interesatzen zaizkidanak; hutsuneak, arrakalak, hitzen arteko isiluneak gehienbat. Hitzarekin iradoki, baina ez osotasunean erakutsi, baizik eta gorde irakurleak ulermen ariketa egin dezan.

 

“Inpresioa ematen du subjektuak bere burua idazle gisa afirmatzeko jotzen duela estilo horretara; susmoa dut, haatik, ilundu, lausotu egiten dela horrela irakurketa, inoizka hitzen hondoan dagoena ikustea galerazteraino” Ibon Egaña.Larretxea2
Bai, horrekin izan ditut segurtasun ezak. Gertatzen da letretan; poeta narraziogintzara hurbiltzen denean ematen du intromisio gisa egiten duela ariketa hori. Orokorrean ari naiz, ez kritika horri buruz kasu honetan. Esaten dut nire buruan izan ditudalako galdemodu hauek: “Zergatik ari zara honetan zure ibilbidea kotatuagoa baldin bada poesiagintzan?” Indartsuak dira elipsiak eta indartsua da poetaren eitea. Norbaitek igarri dezake, hainbat kritikarik esan bezala, gibelaren esentzian dagoen lanbro hori. Agian errezagoa izan arren lautasuna.

 

“Literatura memoria da Hasier Larretxearentzat, iragana bizirik mantentzeko ahalegina” Jose Luis Padrón.
Oso modu naturalean sortzen zait liburu bat egiteko ideia. Amatxi Leonitarekin mantendutako solasaldiak iturburua izan dira. Gehienbat Madrilera bizitzera joan eta gero banuen beharra bere solasak eta euskararen moldeak aditzeko; baserri inguruko istorioak, ohitura, sinesmenak, eliza kontuak… Motibatzen hasi nintzen eta modu pareleloan hasi nintzen testu metaforikoagoak eta modu poetikoago baten idatzitako memoria testuak idazten. Presente nituen hainbat poeten memoria liburuak.

 

Horren ildora, burura datorkit ‘Azken bala’ zure poesia liburuaz ondokoa idatzi zuela Beñat Sarasolak: “Edizio elebiduna izate honek eta poema liburuaren idazkera eta tonuak joan den mendeko 50-60ko hamarkadetako poesia liburuak ekartzen dituzte gogora: Gabriel Aresti, Blas de Otero, Gabriel Celaya…”
Oso interesgarria izan zen Beñatek esandakoa, izan ere, liburu horri esker gero ezagutu nituen Gabriel Celaya edota Blas de Oteroren lanak. Ondoren, zenbait liburu eta antologia oparitu zizkidaten! Kar, kar, kar. Egia da, sustrai hori banuela eta liburu hori hor kokatzen da, poesia sozialean. Aitor dut 24 urterekin joan nintzela Madrilera, irakurketak egiten nituela, baina oso modu libre eta inozoan argitaratu nuela liburu hori.

 

Beraz, ‘Azken bala’ argitaratzea hautu ausarta izan zen.
Bai, ausarta izan zen baina bideratzen jakin nuen, errezago izan zitekeelako bideratzen ez jakitea. Idatzi nuen, Madrilera joan eta sakon-sakonetik etorri zitzaidalako horrelako haserraldi ttipi bat. Igor Estankonak ere aipatzen du, ez nintzela nire baitan kausitzen. Liburu hori oso metaforikoa da; badaude herri honetan pairatutako zartadurak baita barne zartadurak ere tartean. Nire literatur ibilbidea oso autodidakta izan da. Gizarte Zientzietan ikasia naiz, eta buru gaixotasunak dituzten pertsonekin lan egiten dut, literaturaz beste oso arlo desberdin batean. Eta literatura izan da gehien bat gordeleku bezala eta aitarekiko babesleku bezala erabili dudana. Erran dezaket, agian nire kontra egitea den arren, idazke garaikideen lana maite dudala. AEBtakoak, Europar ekialdekoak… Uste dut dagoeneko banagoela unean jakiteko liburu denda batean sartu eta nobedadeen ataletan zein poeta ezezagun edo horrelako batek betearazi dezakeen nire irakurle sen hori.

 

Kuriositatez, zer irakurtzen ari zara orain?
Orain El libro de los susurros irakurtzen ari naiz. Oso poetikoa eta oso gogorra da. Poeten artean Olga Novo galiziarra erakargarria suertatzen zait, oso indartsua da. Literaturan emakumeak gailentzen direla esango nuke. Chus Pato galiziarra ere gustatzen zait; esperimentazioaren bidea hartzen du, zinemagintza, poesia… proposamen oso ausarta da, ezohikoa guztiz, ‘Ni’-a puskatuz, idazketaren moldeak… oso interesgarria da. Eta Ixiar Rozasen Beltzuria irakurtzeko gogo handia daukat.

 

Galderen ostean sortzen diren isiltasunak. Isiltasun horrek nik testu hau idaztea behar du.
(Ixiar Rozas, ‘Beltzuria’, 2014)
.
Guztiz. Ezezagun sentitu behar nuen hau idatzi ahal izateko. Madrilen konplexurik gabe bizi izan naiz. Agian, nire baitakoak oxigenizatu behar nituen eta espazio horrek eskaini zidan.

 

Familian, bakoitzak bere larruan daramatza denboraren iragaitearen zauriak, gehienetan ikusezin(en)ak direnak
(‘Larremotzetik’, 2014).

Nire umetako urteak oso zoriontsuak izan ziren eta oso zoriontsua nerabezaroan aitarekin Baztanen; lehenengo egurrezko aizkorekin eta gero egiazko aizkora ttipiekin, egurrezko harriekin… Homosexualitatearen printzak argitzen joan ziren heinean, gogorragoa izan zen familiaren baitan gehienbat. Oso elkarrizketa garrantzitsua sortu zuen liburuak aita-seme gisa izandako prozesuaz, hau da, semearen ibilbidea errespetatzearena nahiz eta urteetan kostatu. Garoa liburu-dendako aurkezpenean ausartu zen esatera ez ninduela ikusten herri kirolari gisa, nahiz eta bere buruak agintzen zion erakutsi behar zizkidala bere jakintza guzti horiek. Amak ordea, zortzi urte nituela inolako konplexu gabe erosi zidan panpintxoa ohiko denda batean, nire harridurarako eta nire zorionerako. Hamasei urterekin hurbildu zitzaidan “eta zu zer, zer gertatzen da hemen?” galdetzera.

 

Superazioa pentsamendurik hoberena da. Bizitzarekiko armarik hoberena. Beldurrei aitzin egin ez banie ez nintzela Madrilen biziko, erantzuten diot amari
(‘Larremotzetik’, 2014)
.
Madrilerako jauzi hori oharkabean egin nuen, beharbada ikusten nuelako nire atalaiara heldua nintzela eta hustu nintzen hein batean, betegarriak behar nituen eta anonimo sentitu.

 

Anonimo sentitzeko beharrak ez al du talka egiten zure autobiografia plazaratzearekin?
Arrazoi osoa daukazu eta beitu ez dut sekula hori pentsatu. Azken finean galdera jakin batzuei erantzuna emateko beharrak mugitu nau.

 

Irakurri elkarrizketa osoa GAZTEZULO.com-en

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.