Hasanieraz Gernika Um-Dreiga esaten da

Hasanieraz Gernika Um-Dreiga esaten da –

*Hasaniera: sahararren hizkuntza

Gernikaren bonbardaketaren urteurrenean ez gara soilik Gernikako bonbardaketaz oroitzen. Burura datozkigu Euskal Herrian barna suntsitutako etxe eta bizitza guztiak, eta errauts haietatik ernaberritu zen herri honen historia garaikidea; eta noski, gogoratzen gara munduko zoko ezberdinetako herriez, askok izan baitute, tamalez, haien Gernika. Sahararrena Um-Dreiga da.

Hasanieraz Gernika Um-Dreiga esaten da
Moulud Yeslem

Espainiak 1975ean Mendebaldeko Sahara Marokori eta Mauritaniari oparitzean saharar gehienek erbesterako bidea hartu zuten, Aljeriaruntz. Zenbait daturen arabera, 100.000 lagun inguru ziren. Inbasioa aurrez abisatu gabe egin zen, eta jendeak ahal zuenarekin eta ahal bezala egin zuen ospa etxetik.  Basamortuan taldetxoak elkartuz joan ziren, eta, Um-Dreigan kasu, 3.000-4.000 lagun bildu ziren kanpamentu batean.

Hasanieraz Gernika Um-Dreiga esaten da

1976ko otsailaren 18an hegazkin bat pasa zen. Ez zuen ezer jaurti. Ikuskapen hegazkin bat zen. Kanpaleku gainetik pasa eta etorri zen tokitik itzuli zen.

Otsailaren 19an iritsi ziren hegazkinak beste mota batekoak ziren, napalm eta fosforo zuriz leporaino betetakoak. Frantziak Marokori emandakoak, Mirage izenekoak omen. Herritar zibilak sarraskitu zituzten otsailaren 19aren eta 21aren artean.

Eta basamortuaren erdian, Gernikatik milaka kilometrotara, su eta ke infernu haren erdian, euskaldun bat zegoen. Saharar beltzaran artean emakume zuri eta begi-urdin bat. Erizaina. Goierrikoa, ormaiztegiarra. Gurutze, edo Fatimetu. Gure ama.

Eta gure amak esaten du exodoak eta gerrak gauza asko barnebiltzen dituztela, tartean kaosa. Han ez zegoen erroldapen agiririk, askok dokumentazioa hartzeko astirik ere ez zuten izango etxetik ateratzerakoan, eta ezinezkoa zen egunero iristen zen jendea kontatzea. Eta beraz, ez dago hildakoen zerrendarik. Are gehiago, ez ziren gai izan marokoarrek zenbait jende hil zuten jakiteko, ezin baitziren beti hilotzak kontatu. Egunak pasa zituzten gorpu zatiak poltsetan sartzen.

Zoritxarrez Picassok ez zuen honen berririk izango, eta ez zuen margotu historiara pasako zen artelanik. Moulud Yeslem izeneko artista saharar batek harri batzuk pintatu ditu basamortuaren erdian. Basamortuan zaila da oihartzuna lortzea, horretarako bailara bat behar baita, eta lautada amaiezinak zeharkatzen dituen haizeak harri horien garrasia eramaten du berekin.

Sarraskitik urte batzuetara Marokok mundu harresi militar erraldoienetakoa eraiki zuen, eta Um-Dreiga haiek kontrolatzen duten partean geratu zen, mendebaldean; alde horretan geratu dira ere familiei inoiz itzuli ez zaizkien 40 gorpu inguru.

Um-Dreigan zegoen jendea bonbardeatu zuten bezala eragin zuten triskantza Geltan, Amgalan, eta beste hamaika tokitan. Orduan 120.000-150.000 biztanle eskas zeuzkan herri bateko milaka eta milaka lagun hil zituen gobernu marokoarrak, Frantziaren eta Espainiaren oniritziarekin. Ez zen bi armaden arteko talka bat izan, Armada marokoarrak zibil saharren aurka egindako sarraski ikaragarri bat baizik.

Hori genozidio bat da, eta genozidioek ez dute preskribatzen. Ez nazioarteko zuzenbidean, are gutxiago herri baten memorian. Um-Dreigan eta Gernikan haien seme-alabak azken unerarte besarkatu zituzten amei, betiko argia.

Hasanieraz Gernika Um-Dreiga esaten da

Hasanieraz Gernika Um-Dreiga esaten da

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

4 pentsamendu “Hasanieraz Gernika Um-Dreiga esaten da”-ri buruz

  • Cinez hunquigarria!
    Gora saharar herria!

  • Garazi Hach Embarrk 2020-04-28 13:47

    Aupa Beñat, Sahararrontzako Buel-la. Gora gure bi herriak bro.

  • Benat Castorene 2020-04-28 19:10

    Estatu handi horiek munstro hotzak dira Afrikan hemen bezala eta maiz elgar laguntzen dute beren krimenak egiteko.
    Beraz burasoak Goierrira babestu eta zu hemen sortu doaika.
    Zerbait ikasi edo atxiki duzu haranieratik? Zer esan nahi du Um-dreiga izen misteriotsu horrek?
    Barkazazu sortzetikako ene kuriotasuna

  • Kaixo Beñat:
    “Um-Dreiga”-k esan nahi duena da “saihetsean orban zuri bat daukana”. Bertako menditxoari egiten dio erreferentzia, hondar duna baten eraginez mendiaren zati bat zuria ikusten baita. Bereziki animali ezberdinek dauzkaten orbanak definitzeko erabiltzen den hitza da.
    Frantziar estatuak guzti honetan daukan erantzunkizuna argituko da egunen batean.
    Ondo izan