Hartz aro, Piriniotan (Andde Sainte-Marie)

Hartz aro

Honako idatzia enbata.info ataritik ekarrri dugu hona, Andde Sainte-Marieren eskutik. Hartz aro

 

Azken hamarkadetan mendiaren erabilpena aldatu da. Lehen animale basatien eta artzainen eremua zena, orai eremu partekatua bilakatu da: artzainez gain, erresalbu natural, ibiltari edo elur estazioek beretua dute. Desagertuxea zen hartzaren berriz sartzeak kalapita asko piztu du. 

Uztailaren 1an Okzitaniako Tolosan Pirineotako Mendialde Komitea biltzen zen hartzaren politikaz ikusmolde bat emaiteko. Eskualde kontseilari gisa eta mendia eta artzaingoaren delegazioaren jabe izanez, niri tokatu zait Akitania Berriaren izenean ikusmolde bat plazaratzea bilkura hortan.

Hiru hipotesia aurkeztuak, eztabaidatuak eta bozkatuak izan ziren. Lehenak gomendatzen zuen Pirineo mendialde guzian 6 hartz ama sartzea, bigarrenak aholkatzen zuen nihun ez hartz bakar bat ere sartzea eta hirugarren aukerak lehenesten zuen soilik bi hartz ama libratzea Aspe eta Ossau ibarretan.

Pirineotako Mendialde Komite horrek aholku bat soilik eman behar zion egun hortan Pariseko ingurumen ministeritzari, konpetentzia osoa arlo hortan berea soilik delako Europako legediaren arabera.

Jakin behar da gai hau betidanik aski polemikatsua izan dela Biarno aldean, funtsean Pirineo mendialde guzian bezala. Alta jakin behar da ere bereziki Biarno aldean arras egoera kritikoan direla ere 2004 urteaz geroztik, alabainan urte hortan baitzuen azken hartz ama erahil ihiztari batek. Geroztik hinki hanka bi hartz arra aski zahartuak ibilki dira han gaindi Ossau Aspe ibarretarik auzoko departamenduko Aran ibarrerainoko eremu aski zabal batean. Baldintza horietan ulertuko duzue aski errexki arrisku haundia badela denbora aski laburra barne hartzak betikotz desagertzea Pirineoko alde hortan.

Ikusmoldeak aldatzen ari Hartz aro

Hartz aroHainbat barne eztabaidaren ondotik eta tokietako hainbat eragileekin hitz egin ta gero, uztailaren leheneko bilkura hortan, Eskualdearen izenean, ohorezki eta konbentzimenduz beterik hirugarren eskema eta bi hartz amen sartzearen aldeko postura defenditu dut.

Funtsean postura horrek ez du deus harrigarririk edo iraultzailerik bere oinarrian 1994tik ez baita aldatu. Postura hori garai hartan Biarnoko eragile guziek, izan IPHB (Institut Patrimonial du Haut Béarn), laborari sindikatu guziek, ihiztariek eta ingurumenaren aldekoek bere egiten zuten. Engaiamendu hori eragile berdinek azpimarratu zuten berriz 2003 eta 2004an ere, lehenetsiz hartzaren biziraupena arriskuan zelako froga baieztatua bazen beharko zela populakuntza arraberritu molde batez edo bestez.

Gaur egun, aipatu arrazoinengatik, argi da espeziea arrisku larrian dela. Debate luze, bizi eta duin baten ondotik bozketak berdintasun osoa eman zuen hirugarren hipotesiaren aldekoen eta kontrakoen artean. Jakin badakit Biarno aldean gaur egun badirela hartzaren kontrako amorratuak. Alta egoera eta ikusmoldeak aldatzen ari direla ere gauza agerikoa da, bereziki Aspe ibarrean. Bio-ainitztasunaren konzeptuak bide egin du azken urteetan, bai herritar bai laborari eta artzain munduan. Funtsean Aspe ibarreko hartzaren eremuko 27 artzain soiletarik 17k ere Akitania Berriaren ikusmoldearen aldeko mozioa izenpetua dute eta jakinaraziko dute publikoki udan zehar.

Ohizko posturetarik haratago, hitzak, hartzak bezala (!) behar du libratu eta askatu ibar biarnes horietan. Mendeku eta mehatxuetarik haratago, bakotxak aurkitu behar luke moldea bere ikusmoldea libreki emaiteko aukera.

Alabainan azken urteetan hartzarekin egiten da etxe batean garbiketarekin egiten dena batzutan: presaka errautsa eta zikina tapiza edo armairuaren azpirat bota gordetu nahian. Ordua etorria da gai korapilatsu hortan, bakotxak besteari entzuteko eta gisa hortan ulermena eta kontsentsu maila garatzeko. Ordua etorria da plangintza adostu bat martxan emaiteko bioainitztasun orekatu bat eta artzaingoaren geroa elkarbizitzan eta parekotasunean bultzatzeko, mendi politika ausart batean oinarriturik.

Mendiko ekonomia zabala Hartz aro

Aburu eta erreflexio hauek aintzin baldintza baitezpadakoak dira mendiguneetako laborantza eta artzaingo politika publikoak aktibatzeko, gisa hortan eta baldintza hauek betez soilik baita bultzatuko mendiko ekonomia bere dimentsio zabalenean.

Mendiguneko politika publiko horrek segurtatu beharko du ere hartzaren problematika eta artzaingoarena osoki kondutan hartuak izanen direla, bata bestearen osagarritasunean eta ez oposizioan.

Europa hegoaldeko beste hainbat mendiguneetan frogatu bada hartza eta artzaingoaren arteko elkarbizitza ahal bezain orekatua, zergatik demontre ez litzateke possible Pirineo alde huntan ?

Maila aski xumean, erran ditaike hartzaren salbatzeak froga lezakeela ahal dela lan egin interes ezberdinak dituztenen artean, irabazle- irabazle aterabideak aurkituz humanoa eta beste hainbat mendietako kabale salbaien artean, zoini geroz eta leku gutiago uzten dion gure bizimolde “modernoak”…

Gai huntan ere azken hitza Pariseko gobernuari tokatzen zaio. Bere ardurak hartu behar ditu. Erabaki politikoa sentsu noblean begi bixtakoa… inposatzen da. Momentu egokia da.

Europa hegoaldeko
beste hainbat mendiguneetan frogatu bada
hartza eta artzaingoaren arteko elkarbizitza
ahal bezain orekatua,
zergatik demontre ez litzateke posible
Pirineo alde huntan?

Hartz aro

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Hartz aro, Piriniotan (Andde Sainte-Marie)”-ri buruz

  • Eskopeta Nazionala 2016-09-27 09:38

    Hartza Euskal Herrian? Baita zera ere! Gero otsoa sartu nahi izango duzue! Eta katamotza, eta beste hamaika piztia ezgauza.
    Euskal Herria eskopeteruon paradisua da (eta artaldea ikustera asteburuan igotzen diren abeltzainena).