Hartu Valls hau

Hartu Valls hau

Hartu Valls hauJoan den astean Frantziako presidente François Hollandek bigarren agintaldi batera ez dela aurkeztuko iragarri zuen, eta horrrek bidea ireki dio Manuel Vallsi lehia politikoan sartzeko. Lehen ministro karguan dimisioa eman du aste honetan.

Urkulluren ideiei kontrajarrita, Frantzia «independente» bat aldarrikatu du (sic). «Ezkerra eztabaida da. Desberdinak gara, baina elkarrekin egon behar dugu. Frantziak ezkerra behar du». Vallsi hau entzun beharra mauka da gero. PSF barruan Valls hautagairik «eskuindarrentzat» dute; ondo irakurri duzue, PSF barruan, atera kontuak, beraz. Le Pen eta Fillonen artean aukeratu beharraz idatzi nuen pasa den astean, eta hau da “ezkerreraren” hautagaia; txantxa txarra, bistan dena.

Indarrean eta indarrez ezarri dute lan errefoma; legegaia onartzeko nahiko boto ez zituela eta, Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua erabili zuen Vallsek (“sudurraren puntan jarritakoa egingo dut” artikulua). «Errepublikak hizkuntza ofizial bakar bat du, eta ez dugu printzipio hori berriro aztertuko» esandakoa da. Korsikako eskaera nazional guztiei muzin egin zien, abertzaleak gehiengo demokratikoa gutxietsiz (bere ikuspuntutik, finean, normalena). Estatuko larrialdi egoerak luzatu ditu, eta mugimendu sozialen aurka ekiteko baliatu, lan erreformaren aurkako protestetan, esaterako. Nuit debout bezalako mugimendu bat sortu da haien agintepean. Euskal Herriari dagokionez, pentsa dezakezue nondik jotzen dion haizeak nik ezer esan gabe.
Leonard Norman Cohen  kanadar kantari, musikagile, olerkari eta idazlea pasa den azaroan zendu zen. 1988an plazaratu zuen “Take This Waltz” abesti zoragarria “I´m your man” diskoaren barruan, eta musikari askok bertsionatu dute ordutik hona. Letra, jatorriz, Federico Garcia Lorcarena da, eta abestian zehar honakoak esaten ditu:
“Hartu bals hau, hartu bals hau,
hartu bals hau bere masailezurretako mozalarekin…
Hartu bals hau, hartu bals hau,
zurea da orain, ez dago besterik”

“Hartu Valls hau, zurea da orain, ez dago besterik” entzungo dugu euskaldunok ere. Cohenen abestiaz frantziar politikoek egingo duten bertsioa gure Historiaren beste atal tamalgarri baten pasartea besterik ez da. Batean zein bestean ustezko demokraziak itotzen gaitu; bota dezagun zerri askara, zeren iruditzen hasia zait aspaldi hontan ez dagoela besterik.

Hartu Valls hau

Zer duzu buruan “Hartu Valls hau”-ri buruz

  • “Lehen askatasuna segurtasuna da”, Manuel Vallsen hitzak dira, aspaldion entzun dudan adierazpenik totalitarioena. Pertsonaiaren neurrria ondo baino ematen digun adiezpena da.

    Segurtasuna ez da askatunen arteko bat ere, ez baita askatasuna berez. Izatekotan, bitartekoa da.

    Bestela, osasuna ere askatasuna dela onartu beharko genuke, eta segurtasunaren gainetik, gainera. Hortaz, medikuei (edo Osasun ministroari, nahi bada) geure buruaren erabateko kontrola eman beharko genieke; eta ez dakit, bada, adibidez, erretzen tematuz gero, desintoxikatu arte indarrez ospitalean sartzeko ahalmena aitotu beharko genieke. Zorionez, halakorik ez da inoiz gertatuko, oso garestia izango litzateke eta.

    Segurtasunaren aitzakiak, ordea, herritarrak kontrolatzea eta negozioa egitea ahalbideratzen du. Ez da mauka txarra, inondik ere.

    Askatasunak eta eskubideak babesteko, berauek bertan behera utzi beha dira, hortaz. Errepublika babesteko Inperio ezarri beharra dago, alegia. Faxismoen oinarria ideiak endekatzea da, bihurritzea, bidegabekeria bidezkoa eta beharrezkoa dela sinestaraztea edo aitzakia behar dutenei hori esateko aitzakia ematea, behintzat; argumentarioa deritzo gaur egun.

    Baina Vallsi genialitatea onartu behar zaio: askatasunak bertan behera utzi behar badira ere, askatasunik garrantzitsuena ez omen da ukituko: segurtasuna. Bejoindegula! Arazoa da hau bezalako paradoxak izango genituzkeela: segurtasun zorrotzeko espetxe batean, inoiz izandako gizakirik askeenak biziko lirateke, askatasun bakarra izanda ere, berau garrantzitsuena baita eta presoak euren jabe zoridunak.

    Ondorio berbera atera zuen Isaak Asimovek errobotikaren hiru arauen garapena aztertzean: errobotek gizakiak giltzapetu beharko lituzkete, hain zuzen ere, gizakiak gizkiengandik babesteko, eta beti ere gizakiak babestea helburu, noski.

    Jakina, iruzurra bitartekoa helburu bihurtzea da, segurtasunak askatasunak ziurtatzeko bitarteko izan beharko lukeelako, ez beste askatasun bat.