Harrizko Halfabeto Hau

Harrizko Halfabeto Hau

Curriculumean, ikasketak eta tituluak eta ikastaroak biltzen dituzten betiko atalekin batera, nik sail berezi bat daukat, nitaz erran dituzten gustuko esaldiekin. Bai, egozentriko samarra da nire curriculumeko atal hori, baina, nire defentsarako, arras motza dela erranen dut. Hor dago, errate baterako, “intelektualki mediokrea den Iruñeko historialari hori” (Erlantz Urtasunek errana aspaldiko artikulu batean) edo, bertze adibide bat aipatze aldera, “kezkagarria, benetan, Berriak xelebrekeria horiek argitaratzea” (Interneteko blog batean nire garai bateko zutabeei buruz idatzia).

Harrizko Halfabeto HauAdibideak biderkatzen ahalko nituzkeela idaztera nindoan, baina ez, atal horrek biltzen duen zerrenda ez da, zoritxarrez, luzeegia. Nire esaldi gogokoena, halere, ahozko tradizioari dagokio: ni ez nintzen haren lekuko izan, baina protagonistak haren berri eman zidan. Parisen nintzela –non nintzen ez du axola, baina artikulu honi glamur pixka bat emate aldera aipatzen dut–, han ezagutu nuen lagun batek eztabaida bat izan omen zuen egoitzako bertze ikasle batzuekin –tesia zela-eta, bi hilabete pasatu nituen Parisko ikasle egoitza batean: bai, horrek balizko glamur guzia lurrera botatzen du–. Nonbait, eztabaidan nire laguna ausartu zen erratera berak gustu ona zuela zinema kontuetan, eta arrapostua berehala etorri zitzaion: “Nola izanen duzu, bada, gustu ona, Santiagori –bai, Santiago deitu zidaten– gustatzen zaizkion filmak gustatzen zaizkizu eta”.

Erantzun egokia, zeren, gustuak arrunt kontu pertsonala diren arren, beti komeni izaten baita gustu oneko erreferentzia bat izaten zineman zer balioetsi eta zer ez erabakitzeko. Niretako, adibidez, franko argigarriak izaten dira Begoña del Tesoren komentarioak, eta aspaldi du haren fana naizela. Lehenagotik ere haren iruzkinak irratian gustuko izaten nituen, baina zaletu, Berriako elkarrizketa bati esker zaletu nintzen: bertan, kazetariak, kritikariak Armendarizen gainean egindako komentario baten harira –edo hala uste dut, buruz ari bainaiz–, erran zion etxean Tasio hogei aldiz zuela ikusia; “horrela gelditu zaizu aurpegia”, erantzun zion Del Tesok maitekiro. Eta, zer nahi duzue, jendea biltzeko tenorean, fobiak baino hoberik ez da mundu honetan.

Erran bezala, erantzun zorrotz bezain goxo hartaz geroztik Begoña del Tesoren zale amorratua naiz, eta duela guti berretsi ahal izan dut ez nintzela tronpatu. Berriki –Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Astean, hain zuzen ere– zera idatzi zuen Diario Vascon Euskal Harriaren ABDak filmaren emanaldiari buruz: “Euskal Harriaren ABDak ez ikustea hil artio damutuko zaizuen akatsa litzateke; ez ezazue egin, arren, otoi, faborez”.

 

Euskal Harriaren ABDak

Jendeak Donostiako Victoria Eugenia bete egin zuen, baina baliteke irakurleen artean akats hori egin duenik izatea –are gehiago, baliteke Euskal Harriaren ABDak zer demontre den ere, eta, beraz, akats hori egiten ahal zenik ere ez dakienik izatea–. Horiendako, labur-labur: 26 film laburrez osaturiko film luzea da; parte hartzaile bakoitzak alfabetoko letra bat hartu, eta, euskal kulturaren elementu batetik abiatuta, fantasiazko, beldurrezko edo zientzia-fikziozko film bat –4 minutukoa, gehienez ere– egin du. Nik ere parte hartu dut filmean –Eneko Olazabalekin eta Jaume Gelabertekin batera: E letraz arduratu ginen–, eta, Diario Vascoko kritika haren ondotik, guretako Begoña del Teso ez da Begoña del Teso, gure jainkosa baizik.

Kritika guziak, ordea, ez dira hain beroak izan. “Emaitza ez da batere ona, baina horrek ez du axola, lagun artean ikusi beharreko lan narras baten aurrean baikaude”, idatzi zuen Beñat Eizagirrek Berrian. Eta Gaizka Izagirreri proiektua, “balorazio justu eta zehatz bat egiterako orduan, eskas xamarra” iduritu zitzaion Argiako bere blogean. Biek, Eizagirrek eta Izagirrek, filma garagardo bat eskuan ikustea gomendatzen dute –akaso alkoholak ikuslearen sufrimendua arindu dezan–.

Filmean parte hartu dudan neurrian, ezin diet kritika horiei erantzun –itsusia litzateke–, baina ikerketa txiki bat egin dut, eta han-hemenka iruzkin interesgarri batzuk aurkitu ditut; eta hona ekartzea erabaki dut, maiz kritika batzuk berehala desagertzen baitira saretik, web-orri batzuk arrunt aldakorrak baitira, edo, kritika horiek paperean publikatuak badira, zailak dira eskuratzen.

Adibidez, Dread Central web-orri espezializatuak komentario hau dakar –edo zekarren duela astebete–, Ann Birchwood batek sinatua –eta orain nik euskaratua–:

“Bere osotasunean hartuta, euskaldun gogotsu batzuek egindako lan honek ez gaitu asetzen, baina baditu ustekabe atsegin batzuk, banaz bertzeko mailaren gaineko atal batzuk eta perlaren bat. Hauek hobeki preziatzeko, hobe da bakarka ikusten baditugu, eta ez, parte hartzaileek eginiko eginahalak gorabehera, porrot egindako proiektu baten parte gisa”

(“As a whole, this work produced by a bunch of enthusiastic Basques cannot be considered a success, but it does contain some nice surprises, a couple of pieces which are above average, and the odd gem. These are best appreciated when viewed separately, not as part of a film which, whatever the effort and gusto our Basque film buffs may have put into it, is clearly a failure”)

Beraz, Ann Birchwooden iritziz, filma, oro har, txarra da, baina labur batzuk onak dira, –are gehiago, baten bat arrunt ona da, perla bat–, eta horiek salbatu beharko genituzke. Ni, egia aitortzeko, ez nago ados horrekin; Birchwoodek, nire ustez, ez du filmaren helburua edo espiritua ulertu.

Deadline izeneko aldizkari batean –papereko aldizkari batean: ni harpideduna naiz, eta sorpresa ederra hartu nuen iruzkin hau aurkitu nuelarik– Jakob Löwenstein batek hau zioen:

“Begi-bistakoa da egileen asmoa ez zela maisulan bat sortzea, eta filma manifestu bat gisa ulertu behar da: kultura txiki batean, arras baliabide eskasekin, zer egin daitekeen erakutsi nahi izan dute. Mamu bat dabil Euskal Herrian”

(“Es ist selbstverständlich, dass die Teilnehmer es nie darauf abgesehen hatten, ein Meisterwerk zu schaffen. Wenn man diesen Streifen gut verstehen will, dann sollte man ihn vielmehr als ein Manifest betrachten, mit dem man aufzuzeigen versucht hat, was man machen kann auch in einer Minderheitskultur wie der baskischen und mit extrem geringeren Mitteln. Ein Gespenst geht um im Baskenland”)

Aukeran, militanteegia iduritu zait kritika hau: Euskal Herrian ez dabil mamurik –edo baldin badabil, ez du Euskal Harriaren ABDak martxan jarri–. Gehien ase nauen kritika Slant Magazine aldizkari digitalean ikusi dut. George Drygrass-ek sinatzen du, eta zera dio: “bere traketsean, Euskal Harriaren ABDak bide berri bat ireki nahi izan du euskal zineman” (“in its admittedly clumsy way, The ABCs of the Basque Country –titulua, bidenabarkoan erranda, ez dute ongi ulertu– is trying to open new paths in Basque cinema”).

Baina, bat atxikitzekotan, gure jainkosaren kritika atxikiko nuke: “Euskal Harriaren ABDak ez ikustea hil artio damutuko zaizuen akatsa litzateke; ez ezazue egin, arren, otoi, faborez”. Egun hauetan, Euskal Herrian barna ari dira –ari gara– filma erakusten. Aukera baduzu, ez ezazu aukera galdu eta joan zaitez ikustera. Bertzenaz, hil artio damutuko zaizu.

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

8 pentsamendu “Harrizko Halfabeto Hau”-ri buruz

  • Erlantz Urtasunek nitaz zerbait txarra esan izan balu, nik ere currculumean jarriko nuen, harrotasunez. Ze inbidia ematen didazun!

  • Proiektu interesgarria, talentua baliabide tekniko eta ekonomikoak baino garrantzitsuagoa dela erakusten duena, zalantzarik gabe. “E” filmakoek lan bikaina egin duzue, Santi, baina zalantzarik gabe artikuluan dioen “perla” hori martzianitoak lurra inbaditzen duteneko labur hori da, Iparraldeko (ez dakit zein herrialdetako) gazte batzuk egina.

  • Ignatius Bigfactory (ala Bigwood ote?) 2015-12-03 10:48

    Ados Tsunamirekin perlaren kontuarekin. Harrigarri du izena, baina izan zitekeen Haluzinagarri edo harribitxi. Ts-a ere ez da makala, noski!

    • Zerbaitegatik aukeratu dut “Tsunami” ezizena! “Ttarttalo” ere izan zitekeen

  • edo Jokoa.

  • Morbo hutsak bultzatuta galdetzen dut: zer gertatzen da ba Erlantz Urtasunekin?

  • Nire inglesa eskasa da, baina esango nuke « is clearly a failure», «porrot egindako» baino «nabarmen porrot egindako» gehiago dela… Gradazio kontua.

    • Santi Leoné 2015-12-09 06:05

      Erlantz Urtasunena historia luzea da; itzulpenari dagokionez, ados zure zuzenketarekin.