(H)a(r)ri ginen, (H)a(r)ri gara

(H)a(r)ri ginen, (H)a(r)ri gara –

Emarauna aldizkarirako Maider Galardik idatzi eta Klitto! agerkari feministatik jasotako testua.

Ez ginen berun artean jaio, baina nire ama ahizpaz erditu zen egunean gurutzatu genuen ospitalean Miguel Angel Blancoren gorpu oraindik erdi hilotza. Ez ginen hazi kale grisetan, baina urtarrileko manifestazioekin betetzen genituen urteak (amaren altzoan edo lepo gainean, ahizparen eskutik ondoren, kuadrillako lagunekin konturatu orduko). Ez ginen usteldu espetxean 30 urtez, baina beti izan genuen poliziaren begirada zorrotza belarri atzean. Ez ginen sasira joan, baina amak negar egiten zuen mobilizazio batera joaten ginen bakoitzean, eta gure kuadrilako batek urtean behin zita zuen kanposantuan amaren lehengusu zinegotzia hil zutela gogoraratzeko. Izan zitekeen kuadrilako beste bat hilerrian, bizia galdutako gudari bati omenaldia egiten, eta hildakoaren arreba alboan, urteroko txalaparta-agurra-lore sorta-euskogudariak erritu errutina bihurtua urtebetez gehiagoz bizitzen. Ez ginen ezkutuko zitetara joan, ez genuen bizkartzainen itzalik izan arrastaka, baina ezagutu ditugu Puertora autobusean bidaia eternalak egiten dituzten ama horien nekeen zimurrak. Ezagun dugu semea hil zutenetik burua altxa ezinda azokara doan amaren gorpuzkera. Sumatzen dira zamak. Harri ginen, eta ari ginen, horra gure genealogia.

Ama horrek ezagun zuen Guardia Zibilaren burrunba hotsa goizaldeko 5:00etan. Besteak ireki zuen postontzia, eta jaso zuen harentzat ez zen bala bat. Alaba txikia histeriak jota esnatu zen poliziaren laser gorria kopetan zuela, eta, erdian jarrita, esan zien haren amak: ¡A mi hija no la tocais!”. Batek eta besteak hartu zituzten neurri pentsaezinak inor segika ez zutela segurtatzeko. Yoyes hil zuten. Arreba batek urteak eman zituen haren anaia non zegoen jakin gabe, edo, agian bazekien, eta isilpean gorde zuen denbora luzean bere segurtasuna bermatzeko. Hango haren arreba bisita gabe gelditu zen azkenekoan esan zuelako ez zuela bularretakoa kenduko segurtasun arkua pasatzeko, eta beste hari alderdi politiko batetik deitu zioten errentagarritasuna ateratzeko. Alabari haginak hazi zitzaizkion, andereñoari esan zion ezin zituela egin etxeko lanak asteburu horretan, eta hazi zen, hazi zitzaizkion bularrak, jaitsi zitzaion hilerokoa, eta ez zion aitari bisita egin nahi. Itsasuko andre horrek etxe barruan sikatzen zituen galtzontziloak, inoiz gizonekin bizi ez, eta etxean gordeta 3 zituela inor konturatu ez zedin. Beste andre bat azaldu zen ETAren behin betiko su etena iragartzen aurpegia estalita, eta beste hark konpresak eskatu behar dizkio gizonezko funtzionarioari hilabetero. Maixabel Iparragirreren ahotsak iragarri zuen erakundearen amaiera. Harri ziren, ari ziren.

Eta ari du Aieten, ari du Baionan. Ari du Ajuriaenean, ari du Luhuson. Ari gara Baionan eta ari gara 10.000 lagun Parisen. Ari gara Valladolideko espetxera martxan, ari gara bisitan eta ari gara herrian, sindikatuan, alderdian. Ari gara elkarbizitza ariketetan. Ari gara Genevan eta ari gara Arnagan. Baina harri gara. Nun daude emakume horiek bake konferentzietan, hedabideetan? Harri diren egunkari azalak, harri diren prentsaurrekoak, harri diren errekonozimenduak, omenaldiak, elkarrizketa bat. Eta harri bat gehiago: “Bakea heldu da Euskal Herrira”. Eta beste bat: “Egun historikoa”. Eta oso ez-patriarkala aizue; 84 gonbidatu Arnagan, eta horietatik soilik 27 emakume. Eta mugimendu feministako kide bakarra. Baina Yoyes, Maixabel Lasa, Sara Majarenas, Idoia Lopez de Riaño, Oihane Errazkin, Maixol Iparragirre. Ari ziren, ari gara. Eta hala ere, eta gainera. Harri gara.

Eta trajedun gizon horiek ustezko lasaitasun egoera berriagatik topa egiten ari diren bitartean, guri, emakume gazteoi, genealogia horren zama erori zaigu gainera, harri baten moduan. Sumatu ditugu zimurrak, sumatu gorpuzkera nekatuak. Balak, laserrak, beldurrak, bidaiak, isiltasuna, lore sortak, negarrak, ausardiak, begiradak, bularrekoak, harriak dira. Eta hala ere, eta gainera, ari gara. Hau ez da gure bakea.

(H)a(r)ri ginen, (H)a(r)ri gara

 

(H)a(r)ri ginen, (H)a(r)ri gara  (H)a(r)ri ginen, (H)a(r)ri gara (H)a(r)ri ginen, (H)a(r)ri gara (H)a(r)ri ginen, (H)a(r)ri gara
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude