Harreman interesatuen alde

Harreman interesatuen alde –

Oier Gorosabelek Info7ko “Talaiatik” irratsaiorako sortutako testua.

Oso deigarriak egin zaizkit beti giza mikroharremanak. Nire 46 urteetan, gainera, jada fase batzuk igarotzeko aukera izan dut, eta horrek bata bestearekin alderatzeko aukera eman dit: haurtzaroan norbere lekua bilatzeko aldia; nerabezaroan lagun kopuruak garrantzi handia duenekoa; gaztaroan kopuruari barik, afinitateari gehiago erreparatzen diozunekoa… Hortik aurrera faseak bereiztea zailagoa egiten zait, denborak ematen duen ikuspegi hori falta zaidalako eta, neurri batean, oraindik bizitzen ari naizen aroa delako. Bereizi ez, baina epe honetako hitz gako batzuk botatzera ausartuko nintzateke: bakardadea eta zinismoa, adibidez.

Bakardadea, norberak aukeratutakoa denean, zoriontsua izaten da; batez ere nahi duzunean lagunak aurkitu ditzakezunean. Horixe da nire kasua, zorionez. Zinismoarena, ostera, ez nuke esango nik neuk aukeratutakoa denik, ez bada ezen, testuinguruak eta egoerak horra eraman nautela. Bizitzaren legea, nahi baduzue. Azken urteetan, nire harremanen artean gero eta gehiago dira interes hutsean oinarritzen direnak, batez ere espeleologiaren munduan; esango nuke, baina, bizitzaren beste arloetan ere gauza bertsua gertatzen dela. Horregatik pentsatu dut hemen kontatzea, eta ahal badut zuen iritzia jasotzea.

Duela hamabost bat urte hasi nintzen espeleologian. Laster ikasi nuen lurpeko munduan ezin dela bakarrik funtzionatu: ez esplorazioa, ez ikerketa, ezta gutxiago ere salbamendu maniobrak ezin dira egin, talde baten barruan ez bada. Zentzu horretan, zure bizitza eta ikertzen ari zarenaren emaitza taldekideen menpe dago, zure menpe dagoen bezain beste. Testuinguru horretan tokatu zitzaidan pertsonalki jasan ezin nuen jendearekin batera aritu beharra. Oso deigarria egin zitzaidan; ni neu, berez, atsegin ez dudan jendearengandik aldentzeko zalea izan naiz beti; “zu zure aldetik, ni neuretik”. Lurpean, hori ez zen posible. Kontrara: poztekoa zen pertsona horren laguntza izatea, bestela egin ezingo zenukeen lana aurrera ateratzeko. Uste dut zinismoarena kontraesan horri aurre egiteko modu bat izan zela.

Harreman interesatuen aldeUrte batzuetara konturatu naiz zein den harreman modu berri honen gakoa: bioi interesatzen zaizkigun gaietara mugatzea, arazoak ekidinez eta gure helburuak beteaz. Nire espeleologia taldearen barruan bi-hiru pertsonekin sumatu nuen estrainekotz horrelako sinbiosi xelebrea: kalean tragoak hartzen ezin nituen jasan, adibidez; baina kobazuloan ondo funtzionatzen genuen. Erreskate taldeen arteko kolaborazioetan ere bai (nire kasuan, zehatzago esanda, poliziekin): kalean harrika ibili arren, lurpean argi dugu denoi interesatzen zaigula elkarlanean aritzea. Geologia ikustaldietan, biologia laginketetan, arkeologia baheketetan berdin: diziplina hauek lan ordu luze eta batzuetan astunak ekarri ohi dituzte, askotan ezagutzen ez dugun jendearekin, edo kimika pertsonalik gabekoekin; baina han interesarengatik gaudenez, ez dugu gure bizitza pertsonalez hitz egiten (ez zaigulako ardura); eta isiltasuna ere erosoa izan daitekeela ikasi dugu. Zinismoa? Oportunismoa? Azken finean, ideologia edo sentimenduen gainetik helburu praktikoak lehenestea.

Harreman interesatuen alde
harremanak
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude