‘Hango moroak gara gu’

‘Hango moroak gara gu’

Ez nator Sarriren eleberriaz, ‘moro’ idatzia nekez ikusi arren beste testuinguru batean. Liverpool-en igarotako asteburuan suertatutako bizipenaren arrastoa dakart hona. Arrainontzitik irten diren arrainak bezala, segurtasun eremua haustean datozen sorpresak.

‘Hango moroak gara gu hemen’, aitortu zidan Liverpool bizileku egin duen lagunak. Baieztapena ez da erabat zuzena, baina kontatzera noanerako gutxienekoa da konparazioaren egokitasuna. Tratuan errespetuzkoa da Liverpooleko jendea. Gutako asko moroekin (eta baita gure artean) maiz ez bezala. Baina, noizbait bada arrotz zaren/zauden sentipen deserosoa, gainontzekoei ez bezala tabernara sartzeko karneta eskatzen dizutenean edo aitzakia merke batekin kanpo uzten zaituztenean. Ordu txikitan pub batzuetan sumatzen duzu ez zaudela inori kontu eske ibiltzeko tenorean, sorry-ka ibiltzekoan baizik. Zerbait okertzen sumatzen duzu begiak gainetik kendu ez dizkizun ingeles kaskamotz lodi baten bizkarra parean duzunean. Berokiak lapurtuko genizkien bihozkada zuen harek, begizuloetatik ere zaunkaka ari zitzaigun bi hankako Bulldog-ak. Lagun bat bisitatzera etorri eta tabernan lapurretan amaitu? zer burutan sartzen da hori?

‘Hango moroak gara gu hemen’. Ez ote da aberasgarriagoa esaldia ikuspegiz aldatzea? ‘Ingelesak gara gu han’ edo ‘ingelesak hango euskaldunak dira’. Garen horren ispilu mingarria zen bertako batzuen jarrera. ‘Hara! Hara! Beraz hau da moroei sentiarazten dieguna’, pentsatu nuen nerekiko. Borreroa biktimaren paperean jarri beste erremediorik ez al dago enpatia gramo bat eskuratzeko? zenbateko nekea sortzen ote du beti susmagarri izateak? azalaren kolorea aingura izateak?

Egiaztatze bat: kebab saltzaile diren pakistandarretako ez gutxik unibertsitate ikasketak dituzte. Baliteke haiek Pakistango crème de la crème izatea, baina guri horrek bost. Eta, neure begiekin ikusi nuenez, baita ingelesei ere. Arrazismoa elkarri jartzen diogun zigor sistema mailakatua da, zeresanik ez, absurdua. Ezin dut ahaztu nola Tindouf-eko errefuxiatu zelaietako mutikoek barre egiten zieten ume negro-ei. Gu zuriok animatzen gintuzten beltzez trufatzera. Haur sahararrek ez zekiten haiek europarrentzako zorigaiztoko moro marroiak zirela; ez beltzak baino gehiago edo gutxiago, akaso alferrago ere bai. Agerikoa da basamortuan ere beti dagoela arrain txikiagorik jateko.

Until the colour of a man’s skin / Is of no more significance / than the colour of his eyes / – Me say war. (Bob Marley, War)

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra