Hamasei urte gartzelan

Hamasei urte gartzelan –

Hamasei urte gartzelan

Ez bat, ez bi. Hamasei urte egin zituen kartzelan Karlos Gorrindo Gernikarrak, ETAkide jardun izanaren ondorioz. 1980an atxilotu eta 1996an askatu zuten. Literatur lan autobiografiko gordina, biziki interesgarria osatu du Gorrindok. Esango nuke, orrialderik orrialde, guztietan txertatu duela hausnarketa edota gertakari interesgarriren bat. Bere buruaz jardun du luze, zabal eta sakon, baina baita burkideez ere, kide zuen erakundeaz, presoen elkarbizitzaz, abokatuekiko harremanaz, kartzelako bizimodu zurrun eta astunaz, etsaiaren presio eta zigorrez… Eta uneoro, “amildegian behera ez erortzeko” lanak. Bere egia eman du argitara Gorrindok, ausart bezain eskuzabal. Narrazio erakargarri eta mamitsu askoa osatu du horrela. Ni neu, hasi eta buka harrapatu nau.
Gure herriaz kezka duen ororentzat gomendagarria oso.

Arratsean saioko elkarrizketa hemen:
eitb.eus/irratia/funanbulistaren-beldurraz-karlos-gorrindo

Hamasei urte gartzelan

Oinezkoa

6 pentsamendu “Hamasei urte gartzelan”-ri buruz

  • Liburu hau azkar irakurri nuen, arratsalde baten. Korritzen duen liburu bat da ongi idatzia dagoelako. Ohar batzuk hartu nituen, beti edo gehienetan egin ohi dudan bezala, eta ahaztu nuen.
    Sentsazio triste samarra utzi zidalako ahaztu dudala uste dut. Tristura saihestera jotzen dugu. Zergatik sentsazio hori? Gaztetasunean, guardia zibil eta polizia espainiarren errepresio basatiari aurre egiteko, Euskal Herri askea eta euskalduna lortzearren erabaki gogor-heroikoa hartu zuen, eta hamasei urtez sufrimendu luzea eraman behar izan du gorputz-garunean; bere poztasun eta gorabehera animiko eta emozionalekin, baina sofrikarioa.
    Kazetaritza egin zuen kartzelan, euskara hobetu zuen; hots, ez zuen denbora alferrik galdu, baina, hamasei urtez, oso besteren mendean ibili beharra izan zuen liburu autobiografiko-literariotik juzgatzera: presoen kolektiboa, abokatuak, erakundea…
    Hona lagin batzuk.
    1. Langraizeko kartzelan gestoretako ordezkari batekin izandako elkarrizketa 90eko hamarkadaren erdialdera:
    “-Zer moduz hemen, Juankar, Euskal Herrian?
    -Espainiako enbaxadan, egia esateko -erantzun nion pozik.
    -Zer moduz damutuekin?
    -Hemen ez dago damuturik, erakundea utzi duten lagunak baino.
    -Traidoreak orduan.
    -Traidoreak? Hemen denok gara traidore, erakundetik bertatik hasita lehendabizikoz.
    -Ez dizut ulertzen, Juankar. -Urduri sumatu nuen nire hitzak entzunda.
    -Gure jatorrizko printzipioei traizio egin zion lehena erakundea izan zen. Hau da, KAS alternatiba inposatu egiten zen hasieran. Negoziatu gero, hurrengo fase batean. KAS alternatiba lortzeko ezinbesteko estrategia indar metaketa zen. Estrategia hau bazterrera lagata, eta indarren atomizazioa aukeratu zuen erakundeak helburuak lortzeko. Eta zer gertatu da? Ba estrategia hori abian jarrita, KAS alternatiba komuneko zulotik jaurtikita, egun erakundea bera bilakatu dela helburu. Bada, orduan, bere buruari traizio handiagorik egin dionik?
    -Zuek eutsi gogor hor barruan. Aholku edo agindu, ez nekien zelan interpretatu berba haiek. Zuen borrokak iraunaraziko du kalekoa.
    -Bada, onak gaide, hortaz -erantzun nion etsita. (254 or.)

    2. Herrera de la Manchako espetxean, lehenago egondako Puerto de Santa Mariakoan egindako gose-greben atarramentuarekin-eta deskontent, izandako lehen errebelamendu pertsonala honela kontatzen du:
    “Pozak eta alegrantziak alde batera utzi behar izan nituen, baina, hurrengo egunean. Norberaren sinesmenaren kontra egiteak kontzientziari egin ahal zitzaion ukaziorik handienaren sentsazioarekin esan nion ezetz Herrerako kolektiboak erabakitako borroka prozesuari. Sentimenduak gailendu zitzaizkidan beste ezeren gainetik erabaki hura hartzeko. Amorrua sentitzen nuen, deskonfiantza, inposizioa ordura arte borrokarik egitea zer zen ez zekitenen aldetik. Sentimenduek agindu zidaten borrokarik ez egiteko, pentsamendu ideologikoaren eta kontzientziaren gainetik” (130 or.)

    Pentsamenduak eta sentimendu horretxek bultzatu zuen askatasunik eta itxaropen politikorik gabeko egoera hartatik urruntzera. Ez da damutu, jakina!

  • EZ ditu 16 urte kartzelan egin espainian ez ezkerreko manifestari bat hil duen ultraeskuindar preso-ohi batek, edo milioiak sakeleraturik ehundaka langile kale gorrian utzi zituen eskrupulurik gabeko enpresari preso-ohiak, etab…

  • Lehengoan liburutegi batean ikusi nuen, baina azkenean beste baten aukera egin nuen. Laster erosiko dut, badut eta gogoa hasi eta buka egiten den liburu bat irakurtzeko.

  • Liburue ona. Merezidu dau.
    Kontakizun gogorra hasi eta amaittu.
    Beste kasu batzuetan be ikusi izan doguzanak ageri dire bertan, berbarako, kartzela zapaldu be egin barik, barruen hainbat urte egin dabezenari baldintzarik gogorrenetan be eusteko exijiduten deutsen komisario lotsa gitxikoak.
    Ezin dot ez ulertu eta ez jasan.

  • Jone Zulaika 2020-08-01 12:09

    ETAko presoen errealitatea.
    Kontakizun zintzoa.
    Batzuk eta besteen mitifikazio, manipulazio eta gezurren gainetik kartzeletan gertatu dena ulertzeko aproposa.
    Sobietarren garaian bezala zaila izan da, ezkerrekoa eta abertzalea izanda, “egia ofizialetik” kanpo idaztea. Sobietarren garaiko testigantza kritiko eta zintzoak eskertu eta baloratzen ditugun moduan, gurean ere beharrezkoak dira.
    Akats txiki bat. Komisario Politikoen izen propio batzuk agertzen diren bezala, ETAko militante batzuenak ere horrela agertu behar ziren gertatutakoak hobeto ulertzeko. Laluna, Iñaki de Juana dela, Lauterdi, Txikierdi dela, Lakasta, Latasa dela…
    Iraultzaileak???

  • Beltzari 2012an eginiko elkarrizketa hau ere, gaurkotasun handikoa da. https://www.argia.eus/argia-astekaria/2336/emilio-lopez-adan-beltza
    “ETAk ez du helbururik lortu. Alta, autodeterminazioa, lurraldetasuna eta amnistia gure helburuak dira betiere. Batasunak helburuak salbatu ditu, nolabait. Bira egin du eta indarra kapitalizatu ere –sostengu elektoral handiarekin– ezker abertzalearen helburuei jarraipena emateko, delirio politiko-militarretik aldentzeko gauza izan da. Baina, zer politika egiteko? Politika sozialdemokrata. Beraz, ez du politika modu berria ekarri, fruituak erreformatzaileak dira, kontrairaultzaileak, mugimenduaren sorreraren eta sortzaileen kontrakoak. Asmo onak ez ditut ukatuko, baina politika sozialdemokrata Batasuneko garai beltzaren ondorioa da. Agindu eta agintzen dutenek jarrera piramidala eta autoritarioa ezarri dute eta horren erantzuleak dira. Geratu zaigun problema handia da.”