Hamalaugarren jardunaldiko apunteak

  • Reyno de Navarrako merkatua. Lehen Sadar zenak, historiagatik bakarrik, zelai zaila izan beharko luke. Kanpoko taldeek izerdi handiak bota beharko lituzkete handik punturen bat ateratzeagatik, baina denboraldi honetan errazegi ateratzen dituzte puntuak. Aurten irabazi baino gehiago galdu du etxean. Eta talde gorritxoak zerbait egin nahi izanez gero, alderantziz behar luke. Etxean puntuak erregalatzeari deitu golik sartzen diotenean nekez irabazten duela, horri gehitu bere jokalaririk onenak ez direla kalitatezko jokoa egiten ari, eta horri gehitu azken minutuetan eta euren hutsengatik golak jasotzen dituztela… Reyno de Navarra gaztelu bat izatetik baino gertuago dago merkatu bat izatetik: puntuak merke salerosten dira.
  • Muniain. Athleticek, aurten, gaizki jokatzen duenean ere nekez jasotzen du golik. Beste urte batzuetan ez bezala, gainera, aurkariak ahul topatzen dituenean, errematatu egiten ditu. Baina horretaz gainera, aurkarien defentsetan mamuaren izua eragiten duen txikitxo bat dauka. Muniain azaldu zen, eta lehen baloian gola eman zion San Joseri. Bigarrena kontra batean etorri zen. Munainek Athletic honetan asko balio du. Eta ondo zaindu behar du Caparrosek. Zalegoak ondo mimatu behar duen bezala.
  • Lehen txarrak zirenak. Futbolak, bizitzak bezala, buelta handiak ematen ditu. Gertatzen da talde batean oso ona iruditu eta zurean oso jokalari txarraren traza guztiak hartzea, eta alderantziz, zure taldean txarra izan eta zure neurriko beste batean oso jokalari onaren itxura izatea. Arrazoiak mila izan daitezke: entrenatzailea, jokalariaren psikologia… Aduriz izan daiteke horren froga. Athleticen ez zirudien beste munduko ezer, baina Mallorcan 7 gol daramatza eta taldeko ikurra da. Osasunakoek ondo zekiten gainera.
  • Neguko merkatua. Laster zabalduko da denboraldi erdian fitxaketak egiteko aukera. Valentziak ekarri du lehena Errusiako ligatik. Real Madril ere, Peperen lesioaren ostean, defentsa bat bilatzekotan da. Taldeek etsi-etsian jotzen dute merkatu horretara mirari bat bilatuko dutelakoan, eta sarritan soluziorik ez eta bi arazo topatzen dituzte. Beti irrikaz izaten gara ordea zer fitxatuko duen nork.
  • Faltak. Errekurtso taktiko bat gehiago bilakatu direla ematen du, jokoaren salbuespena baino. Zaragoza eta Athletic eta Osasuna eta Mallorcaren aurkako partidak faltaz josita egon ziren. Jakinik joko trabatua egiten dela (batez ere kalitate gutxi duten taldeen partidetan) harrigarria da zeinen etekin gutxi ateratzen dieten baloi geldituko jokaldiei taldeek. Kornerrak eta faltak erdigolak zirela esaten zen lehen. Egun arriskua sortzetik urrun egoten dira partida askotan. Zergatik?

Osasuna eta Mallorcaren arteko partida

Irudia | Osasuna eta Mallorcaren arteko partida | Ezezaguna | LGPL