Hamabosgarren jardunaldiko apunteak

  • Irabazten denean. Athletic bolada onean ari da. Caparrosek antolaketa taktikoarekin asmatu duela dirudi, jokalariek konfidantza irabazi dute, errotazioekin taldeak ez du gorabehera handirik, anbizioa erakusten ari dira berdegunean eta ez dute akatsik egiten atzean azken urtetan egin ohi zutenez. Nahikoa izan zituen talde zurigorriak 10 minutu bi gol aurretik jartzeko. Lehen ordu erdi ona jokatu zuen gainera taldeak. Hurrengo jardunaldian Mallorca du aurkari: Europako postuetarako lehian dago Manzanoren taldea.
  • Galtzen denean.  Osasuna sendotasuna galtzen ari da partidaz partida. Jokalariak konfidantza gabe daude, Masouden aldean hutsune handia dago, defentsa oso fragila da eta gol asko ari da jasotzen, gorritxoek gola egiteko arazo handiak dituzte (Aranda eta Pandiani ez badaude asko nabaritzen dute ) eta behin partida maldan gora jarri zaienean ez dute indarrik hau iraultzeko. 10 minututan bi gol jaso zituen eta partida guztian oso arrisku gutxi erakutsi zuen. Behera begira kezkatzen hasi nahi ez badu, Camachok asmatu beharra dauka.
  • Asmatzen denean. Santiago Segurola kazetariari irakurri nionez, Pellegrini lan ona egiten ari zen Real Madrilen. Jendearen iritziak besterik zioen garai hartan, baina denbora arrazoia ematen ari zaio Segurolari. Bartzelonarengandik bi puntura besterik ez dago, eta baztertuta zituen jokalariak berreskuratzen ari da (Van der Vaart). Peperen lesioak nola eragingo duen ikusteko dagoen arren, denboraldi amaierarako talde arriskutsua izango da. Pellegriniri “El ingeniero” deitzen diote, eta zerbaitegatik izango da.
  • Zu baino txarragoak daudenean. Talde asko maila galtzeko merituak egiten ari dira. Eta hala eta guztiz ere, hiru besterik ez dira jaitsiko. Xerez, Malaga eta Zaragoza jaisteko postuetan daude, baina ez daude askoz egoera hobean Almeria, Racing, Atletico Madril, Tenerife eta Espanyol.
  • Harrobiak emaitzak ematen dituenean. Egunen batean, Caparrosek Athleticen egin duena baloratzen denean, harrobitik atera dituen jokalari guztiak zerrendatu beharko dira. Duela hiru urte eta taldea jaisteko zorian egon zenean, talde zurigorriaren politika auzitan jarri zen. Ez omen zegoen harrobiko jokalariekin gehiago egiterik. Caparros kontrakoa erakusten ari da. Eta taldeak ilusioa helarazten du. Bartzelona handiak ere, Mundialito Kopan, harrobiko zortzi jokalari zituen berdegunean.

Athleticen garaipena Osasunaren aurka

Irudia | Athleticen garaipena Osasunaren aurka | Ezezaguna | LGPL