Haizeak eraman zuen hura

Haizeak eraman zuen hura –

Haizeak eraman zuen hura

Filma hartako haizeak zer eraman zuen ez dut gogoan, ezta zer ekarri zien ere. Ziur naiz zer edo zer ekarriko ziela, izan ere, haizeak eramaten duen moduan, ekarri ere egiten baitu: goxo, zakar, tarteka, bero, hotz, epel, heze, lehor… Baina ez dut gogoan.

Haizeak eraman zuen huraBadut gogoan, ordea, pasa den asteko hego-haizeak zer eraman eta zer ekarri duen. Eta gogoan dut oraindik ere bere arrastoak bistan ditudalako, bistan eta erraietan. Bitxia da, urriro jasan egin behar dut hego-haizea, orain arte nigan ez du halako zauririk utzi; halako sentsazio desatsegina bai, amorrua sortzen duena, baina besterik ez; nahikoa, halere, jakiteko hego-haizea ez zaidala gustatzen. Aurtengoak, zalantzarik gabe, lorratzak utzi ditu, sakonak.

Hego-haize zakarrak zuhaitz askoren bizia eraman du. Multzoak pena ematen badu ere, bereziki mintzen nau ikusteak 30 urte pasatxo zituzten bi intxaurrondo lerdenen sustraiak lurretik erauzita, etxeko bidean etzanda. Akabo ardien etzalekua, akabo euren gerizpeko hausnarra, akabo euren intxaurren goxotasuna. Akabo.

Hego-haize harroak ekarri du zuhaitz horien egurra, nahi eta behar ez genuen egurra, erretzen denean mina kiskaliko ez duen egurra. Hori guztia sukaldea berotu arren. Motozerra martxan jarri, sabela uzkurtu eta negar egiteko beharra, dena bat. Hurrengo egunean eskolara joateko bidea libratuko bazen, hala beharko, nahitaez. Banekien zer etorriko zen hotsaren ondoren: zerrautsa. Errautsaren aurrekoa. Harrezkero, kontsolamendu bakarra dut: iaz haiek emandako intxaurrak sukaldean. Haiei begira nagoela intxaurrondoak sentitzen ditut, eta jaten ditudala esker oneko haize-ufada epela sortzen da nire baitan, eskerrik asko jaso dudan guztiagatik.

Haizeak eraman zuen huraHaize-burrunbak oilategiko teilatua eta teilapean airean eraman zituen. Airean eraman zuen lan asko, eta dirua, oraindik ez dakit zenbat, baina ziur soberan ez zegoena, inondik ere. Airean atera zen energia, gurea, hegan, auskalo nora joateko.

Eta trukean, haize-burrunbak utzi digu abaildura, gorputz osoa hartzen dizun horietakoa; ohean, izara pean ere, pisatzen duena. Arnasa hartzen duzu nekez, behin eta berriz, eta zeure buruari galdetzen diozu nondik hasi jasotzen hegorik gabe ere hegan egin duten horiek, zatika-zatika. Buelta hartzen duzu, begiak estaltzen dituzu, baina hor jarraitzen dute, temati, deika, zuk noiz jasoko. Halako batean, otzan, onartzen duzu patua, eta bazoaz atoiaren bila, pusketak barruan sartzeko, Garbigunera eraman eta kontainerren batean zoria botatzeko. Puntu horretara heltzeko egun erdia behar izan duzu.

Haize-erauntsiak erraz eraman zuen baso-jabeengan nuen konfiantza apurra. Konfiantza ahul horren beharra bazuen, haize-kirri batekin nahikoa zuen. Tristea da esatea, halaxe da. Behin baino gehiagotan kontatu egin izan dut nolatan elur edo haizeteen ondorioz eroritako zuhaitzek –gehienetan pinuak– oztopatzen diguten bidea, eta halakoetan, badaezpada, motozerra maletegian eramaten dugun –etxetik atera behar badugu– edo goiza pasatzen dugun bideak libratzen –etxekook eta aldamenekoak–. Oraingo honetan ondokoak hartu ditu beherako bidea libratzeko lanak, eta hori ustekabea, baso-jabe bat azaldu zen. Ez, ordea, kezkatuta euren pinuek –besteak beste– bi etxe isolatu zituztelako, ez horixe. Ikusita bidetik enborrak kentzen ari zenak ez zituela moztu bi metroko neurrian, asaldatu ez zen bada! Hantxe geratu zen pinuen jabea, bere bi metroko enborrak egiten, gero egur-zaleei eskaintzeko.

Haize-erauntsiak atsekabea utzi digu bazterretan, erabatekoa. Pinuen gaitza? Ez, bada, pinu-jabeen gaitza dago hemen! Lehendik ere kexatu izan naiz mendiei, bideei eta mendian bizi garenoi ematen zaigun tratuaz, egurraz. Mesfidantza sortzen dit ikusteak baso-jabea eta egur-zalea tratuan; izan ere, jakin badakit gerora suntsiketa eta aurpegi txarrak etorriko direla. Izugarri haserretzen nau bideak garbitzeko edota konpontzeko egiten diren auzolan apurretan apenas baso-jaberik ez ikusteak. Eta, jakina, zientzia-fikzioa da espero izatea baso horien jabeak etortzea edo deitzea pinuak bidera erori direla arrazoi guztiak daudenean, bidea garbitzen laguntzera. Kexa, mesfidantza, haserrea eta zientzia-fikzioaren ostean, atsekabea baino ez zait geratzen.

Asko eraman du aurtengo hego-haizeak, eta ekarri duena ekarri izan ez balu, hobe… Halere, ekarritakoen artean hiru altxor gordeko ditut. Lehena, urriaren 21ean familian pasatu genuen eguna: denok lanean egoerari buelta eman nahian –etxeko teilatua zuzendu, ur-hodia konpondu, hondakinak jaso…–. Bigarrena, gertukoen aldetik jaso dugun babesa eta laguntzeko agertu duten prestasuna. Eta hirugarrena, Udalak egunean bertan eskainitako laguntza.

Egunak badoaz, eta gaur izan naiz gai arrangurarik gabe honetaz hitz egiteko. Atzo saiatu nintzen idazten, baina zurrunbiloak jarraitzen zuen buruan, teklatua dantzan. Gaur arte zirimola hark utzitako ajeak jotako emakumea izan naiz. Ajea eramangarriagoa egin zait altxor horiei esker neurri handi batean; baina baita gerta zitekeenerako ez dela ezer larri gertatu pentsatzeari esker ere; behintzat gu geu ez garela airean atera.

Haizeak eraman zuen hura

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude