Hainbat burutazio abdikazioaz

Duela urte batzuk jakin nuen, iturri ezin fidagarriago batetik, Ekuatore Gineako diktadoreak nola eskuratzen zuen estatubatuarren babesa: orduan 100USD inguru balio zuen petrolio upela 18USDtan saltzen AEBko konpainiei. Horri eskerrak, bere aurkako azken estatu kolpe ahalegina —Thatcher anderearen seme mertzenarioa tartean zebilena—, garatzen hasi zurretik geldi arazi zuten eta parte hartzaile guztiak atxilotu, artean Kamerunen zeudela, Ginean sartu ere egin baino lehen. CIAren laguna izatea gauza ederra da. Orduan ulertu nuen zergatik eta nola gonbidatu zuten Madrilera Obiang Ngema ginear estatuburua 2006an, zergatik eta nola erregeak berak egin zion harrera, zergatik eta nola eman zioten Gorteetan hitzaldia egiteko aukera. Petrolioak mugitzen du mundua, eta ez bakarrik autoen motorrak mugi arazten dituen heinean. Aitzin solas modura azaldu ditut datu hauek, Espainian azken aldian izan diren hainbat gertakari lotzeko saioa egin nahi dudalako. Iraganaldi urruneko puzzleak datu urriz asmatzen saiatu ohi naizen modu berean, orainaldi iluneko puzzlea, datu urri eta hainbat zantzuren laguntzaz osatzen saiatuko naiz, aldez aurretik iragarriz, abiapuntuaren mugak ikusita, emaitza egiazkoa denik ezin dudala aldarrikatu. Egiantzekoa gehienez.

2013ko maiatzaren 4an, Espainiako telebista publikoak adierazi zuen Juan Carlos erregeak ez zuela dimititzeko asmorik eta langabezia borrokatzeko estatu itun handi baten antolaketan ziharduela . Errege etxeko eskandaluen eraginez, espainiarrek monarkiaren inguruan zuten iritzia hondoa jota zebilen garaian gertatu zen. Urtea apenas gaindituta, Juan Carlos erregeak abdikazioa iragartzen du 2014ko ekainaren 2an. Zer gertatu da bitarte horretan? Erantzuten saiatzeko boterearen bi ezaugarri nagusi aintzat hartuta jardungo dugu: Botereak gezurra esan ohi du; eta botereak, prestidigitadoreak bezala, keinu nabarmenak egin ohi ditu gure arreta bertan ipini dezagun, beste aldetik gure muturraren aurrean baina guk sumatu gabe bestelako lanak egiteko.

KOROA

Espekulazio eta zantzuetan hasi aurretik eman diezaiogun begiratu bat zalantzarik gabeko datu eta frogei.

Erregeak ez zuen dirurik errege jarri zutenean. Erregeak 2.000 miloi euro inguruko ondarea du gaur egun. Erregeak lagun asko ditu nazioartean eta kontratu garrantzitsuak lortzen lagundu du han eta hemen. Erregearen lagun minenak arabiar monarkietako agintariak dira. Arabiar monarkia horiek munduko herrialde korruptoenen artean daude, nazioarteko sailkapenen arabera. Herrialde hauen ondoren, erregearen esku onaren bidez egindako tratu kopuruan hurrena, Mexico topatzen dugu, golkoko herrialde arabiarrak baino okerragoa oraindik, aipatu korrupzio rankinetan. Erregeak bere lagun arabiarrei bisita egin zien juxtu abdikazioa iragarri aurrez. Europar hauteskundeetan, monarkiaren aurkako indarren gorakada gertatu zen. Abdikazioak ez du aurrekaririk, ez dago aurre ikusia legedian eta beraz lege berriak egitera behartzen du. Lege berri horiek eta errege ohiaren babesa ez daude erabakita oraindik eta eztabaidan dihardute hau idazteko garaian. Erregea errege den artean legez haraindiko estatusa du Espainiako legean, ez dago gainerako hiritarrak bezala legeen menpe.

Gatozen orain bertsio ofizialera: Zarzuelako bozeramaileen arabera, erregeak abenduan oraindik abdikazio asmorik ez zuen arren, urtarrilean iritzia aldatu zuen. Ez da zergatiaren berri ematen, baina bai zerekin ez duen loturarik: Ez du bere osasun egoerarekin loturarik , ez du azken hauteskundeetako emaitzarekin loturarik eta ez du PSOEn Rubalcabak dimititu ondoren etor daitekeen balizko iraultzarekin loturarik.

Eta orain pieza hauek guztiak ahal den ondoen ezkontzeko saioa, orain arte esandakoak aintzat hartuta. Oinarri oinarrian, erregearen bikaintasun komertzialaren inguruko misterioa: Zer dela eta irekitzen ditu erregeak hainbeste ate? Kanpetxanoa delako? Txisteak kontatzen graziosoa delako? Txisteak ondo kontatzen dituen morroi jatorrari baxoerdia ordaintzen diozu agian, baina 6.000 miloi euroko kontratuak … ez dakit, ba, oso ona izan behar da txistea. Gaitasun komertzial bikain horiek zertan datzaten inork ez du egundaino argitu. Aitzitik, historiaurrean indoeuropar mitologiak asmaturiko erregetzaren maiestate majikoaren edizio berri bat eskaintzen zaigu. Lehenago erregeak eguraldi ona eta uzta oparoak eragiten zituen bezalaxe, gaur egun ate guztiak irekitzen dizkie Espainiako enpresei negozio bikainak egin ditzaten. Agian erregetzaren maiestate majikoa izango da, zeren esplikatu, oraindik inork ez du esplikatu nola lortzen duen. Erregeak herrialde korruzptoenetako ateak irekitzen baditu, ez besteak, ez da oso maltzurra izan behar beste zerbait pentsatzeko. Korrupzioaren erresuman dirua da giltza; diruz goxatzen dira gogoak, diruz egiten dira adiskideak. Gero bai, lagunartean txisteak kontatzen dira eta nortasun katxondoa erakusten da, baina aurrena adiskideak egin behar dira, eta hori, beti bide beretik egin ohi da korruptoen artean. Petrolioaren istorioa berriro gogora ekarriz, arabiar erregeek Juan Carlosi xoxik ez zuen garaian eman zioten laguntza petroliotan kobratu dutela esango nuke. Agian Espainiak aurrena (CAMPSA estatu monopolioa zen garaian, Juan Carlosen erregetzaren hasieran) eta oligopolioko oinordekoek hurrena, urteak daramatzate petrolioa besteek baino garestiago ordaintzen arabiar adiskide horiei. Nork daki zein preziotan erosten den petrolioa eta zergatik erosten zaion hainbeste honi eta hainbeste hari? Non argitaratzen dira datu horiek? Zaila al litzateke propinatxo bat eranstea upelaren prezioari gero adiskide artean banatzeko? Zati bat errege berarentzat eta beste zati bat herrialde petroliodun horretako printze, jeke, ministro edo den denarentzat. Eta gero, bidai beraren itzulera: Mesedearen ordainetan, adiskideak bidea zabaltzen du Espainiak tankeak, AVEak, eolikoak, edo herri lanak erosteko lehiaketak irabaz ditzan. Eta erregeari esker izan denez, beste komisioa erregearentzat. ·31 eskutik!

Frogarik gabeko hipotesi honek puzzlearen pieza asko ondo ezkontzen laguntzen du ordea. Espainiar industriaren arrakasta sonatuenak Espainia petrolioz hornitzen duten herrialdeetan gertatzea esate baterako. Saudi Arabia eta Mexico dira adibide nabarmenenak. Maltzurkerian sakonduz, “por qué no te callas” sonatuak hain erantzun epela jasoaz oroitzen naiz, batzuk honekin minduko diren arren, baina esan bezala ez nabil egia aldarrikatzen, ondo ezkontzen diren piezak juntatzen baino. Eta ondo ezkontzeak ez du esan nahi puzzlea horrela ondo osatzen denik derrigor.

Hipotesia aintzat hartuz gero, ongi ulertzen da koroak izan dezakeen izuikara, status quo espainiarrean gerta daitekeen edozein iraultza zantzuren aurrean. Hauteskundeetan indar errepublikazaleek egin duten gorakada; hauen artean, indar berri “ez kontrolatu” batzuk egotea; gorakada hori hurrengo udal hauteskundeetan sendotu eta bipartidismoa amaitzea; horrekin batera trantsizioan koroa blindatzeko egindako ituna zartatzea; eta egoeraren ondorioz, aldaketa honen erritmoa bizkortzea, PSOEren barnean militantziak eragindako balizko “estatu kolpeaz”. Krisiaren eraginak berehalakoan xamurtuko ez direnez, koroak gogoeta egin du zenbat eta beranduago erreakzionatu, okerrago dela, eta gauzak oraindik erdizka egon arren, presaka eta korrika antolatu da abdikazioa, hain presaka eta korrika, errege ohia blindatzeko lege organikoa bera ere prestatzen hasi gabe harrapatu dituela gobernua eta parlamentariak. Errege zaharrak alde egin behar du lehen bailehen, bere fama zeharo higatuta dagoelako, testuinguru ekonomiko eta sozialak puska batean hori konpontzen ez duelako lagunduko,- prentsa osoa helburu horretan lanean jarri arren-, eta abdikazioa delako monarkiari eusteko geratzen den azken balibidea. Errege berria, behar da, gaztea, ederra, eta zikinkerietan birjina. Eta agudo egin beharra dago dena. Ustegabean iragarrita ere, egun parea nahikoa izan da koroaren zilegitasuna era zabalean auzitan jartzeko gizartean, mobilizazioek erakutsi legez. Atera kontuak errege zaharraren hilabete pare bateko gaixoaldiak zer antolatzeko denbora emango zuen. Seguru Zarzuelan aterata dituztela aspaldian kontu horiek. Errege zaharra amortizatu egin behar da, baina negozioek bizirik diraute eta sozioak lasaitzera joan beharra dago, presaka eta korrika baita ere. Zaharrak egindako tratu ustelek bere horretan jarraituko dutela segurtatzera, AVEaren kontratua ez dezaten erdi bidean bertan behera utzi beste bati emateko. Bisita hau hauteskundeak baino astebete aurretik izanak ez du hipotesiaren egiantzekotasuna batere kaltetzen. Horretarako daude inteligentzia zerbitzuak eta iritzi publikoa aztertzen duten enpresak. Zalantzarik ez dut Zarzuelan, hauteskundeen emaitzen proiekzio fidagarriak hauteskundeak izan aurrez jasotzen dituztela, hilabete pare bat aitzinetik hasita astero, astero. Saudiar sozioak lasaitzeko eta despeditzeko bisita askoz lehenago egin zezakeen erregeak, erabakia hain aurrez hartuta izan balu. Izan ere, erregearekin batera joan zen sekitoaz irakurtzen dudanean—hainbat ministro eta hogeitamar enpresa handiko ordezkari—, ezin dut ahaztu nola 2009an, gurekin bazkaltzekoa zen Gineako ekonomia ministroak deitu zigun hegazkinetik, diktadoreak azken unean berarekin bidai ofizialean joan behar zuela esan ziola eta, inori abisatu gabe eta maletarik gabe abiatu behar izan zuela esateko. Gustura ikusiko nuke zirrikitu batetik, sekitoa antolatzeko izan ziren eromenak. Lepoa egingo nuke Marx anaien filmak baino parregarriagoa izan zela, batere ez dakidan arren.

Interes sare trinkoa eta korapilatsua osatu behar izan da hainbeste urtetan zehar (Mexicon dagoenaren laburpena hemen aurki daiteke) . Emandako hitzak eta agindutako irabaziak ezin dira bertan behera utzi, Espainiako enpresa handien kontratuak kinka larrian jarri gabe. Horregatik erregeak hain maite duen lan zikinean jarraitu behar du. Ez da bere ondarea zaintzeagatik besterik gabe, hori ere baden arren. Horregatik estatu arrazoi bihurtzen da errege ohia blindatzea, legearen menpetik at mantentzea, horretarako Konstituzio beraren gainetik jausi egin behar bada ere. Herriak lupapean begiratuko duen errege berria birjin gorde eta errege zaharrari zernahi ez legezko egiteko baimena luzatu. Eta bidebatez, Espainaiko erresumarekin negozio zikinak dituzten guztiei erakutsi dena kontrolpean dagoela eta lasai egon daitezkeela. Espainiar konpainia handien negozio kopuru erraldoiak ustelkeria horren gainean eraikita daude neurri handi batean. Irudikagaitza da etor daitekeen katastrofe ekonomikoa gazteluaren oinarriak desegin eta dena goitik behera eraisten bada.

Jokaldia borobiltzeko, ez harritu presaka eta korrika koroari buruzko erreferenduma antolatzen badute urtea amaitu aurretik, gero beste berrogei urtetan eskuak libre izateko. Errege berriak jendaurrean ematen duen itxurak, Espainiako selekzioak Brasilen lortzen duen emaitzak, eta azken buruan, iritzi publikoa neurtzeko erabiltzen diren ezkutuko inkesten emaitzek erabakiko dute egiten den ala ez. Honetan ere, batere jakin gabe, lepoa egingo nuke aukera hori aztergai dagoela mahairen baten gainean oraintxe bertan.

JUAN INAZIO HARTSUAGA

 

Hainbat

Zer duzu buruan “Hainbat burutazio abdikazioaz”-ri buruz

  • Errezeloa daukat, urte amaierako erreferendum hori aurrera joango balitz, Felipe VI erregearen aldeko bozka gailenduko zela. Orain dela hiru asteko hauteskundeei erreparatzen badiogu, PP, PSOE eta UyPD alderdi politikoen bozkek Espainiar Estatuko probintzi ia guztietan bozken %50a lortzen dute. Egia esan, Hego Euskal Herriko eta Kataluinako probintzietan izan ezik, beste guztietan lortzen dute kopuru hori. Kontu honen inguruan, azterketa bat idatzi dut nire blogean, eta bozken banaketa honen inguruan hainbat mapa egin ditut. Hemen duzue, ikusi nahi baduzue, albistearen lotura: http://geoazterketak.wordpress.com/2014/06/11/analisis-espacial-apoyo-abdicacion-rey/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude