Hain gara adeitsuak!

Hain gara adeitsuak!
Egunero bezala, beheko tabernara abiatu dira hamaikak aldera goizeko bigarren kafea hartzera ohiko lankideak elkarrekin, azken hamabost urteetako ohiturari helduz.
Tabernakoek ere bertan diraute urteotan guztiotan, lantegi erraldoiaren aurreko bazter honetan, ehunka eta ehunka balizko bezero bertatik bertara.
Euskaraz ari ziren lankideon artean hitz eta putz, ohi duten bezala, tabernan sartu direnean baina halako batean, betiko tabernariak ¿Qué va a ser? galdetu die espainiera batuan betiko bezero euskaldunoi, adeitsu baina irmo, eta lankideotako batek gozo-gozo erantzun: “dos cafés con leche y un cortado” espainiera batuan ere, adeitsuak eta erdaldunen hizkuntza aukera librearekiko errespetuzaleak baikara oso euskaldun gehienak “haiek gurekin ere halaxe jokatzea gustatuko litzaiguke eta”.
Lankideok jakin badakite, tabernakoak lan eta bizi, betidanik bizi direla Euskal Herriko hiriburu delako honetan, baina euskaraz zipitzik ere ez dakitela. Kafesnea, ebakia, edo beltza zer diren ikasteko ahalegin txikiena ere ez dutela egin (nahi), bezero gehienak euskaldunak (euskara+dunak) bezain fidelak dituzten arren. Eta badakite, gertatu izan zaielako, euskaraz eskatzen hasten denari azkar moztuko diotela, ¿cafés cuántos? eraginkor batez, adibidez.
Tabernariak jakin badaki-eta, askotan egiaztatu ahal izan duelako, bezero euskaldun gehienak ez direla joango 100 metro aurrerago dagoen taberna euskaldun hartara, arreta euskaraz (eta txukun) jasotzearren.
Badaki jakin, bezero ingelesarekin, frantsesarekin edo alemaniarrarekin ez bezala, euskaldunarekin ez duela ahaleginik ttipiena ere egin beharko bere hizkuntzara hurbiltzeko. Ez duela inongo enpatiarik erakutsi beharko euskaldunarekiko. Izan ere, bezero euskalduna -oro har- adeitsua baita oso. Eta apala…

Hain adeitsua eta apala
, ze, pentsa liteke bezero euskalduna dagoen tokian, berak ez, baizik eta merkatariak daukala arrazoia beti.
Eta pentsa liteke merkatariak ez, baizik eta bezeroak egin behar duela ahalegina harreman komertzial horretan, merkatari erdaltzale amorratu hori eroso senti dadin, eta hurrengo batean ere, kafea, letxea edo dena delakoa sal diezaion bezero euskaldun adeitsu edo dena delako horri.
Euskalduna, oro har, ez baita muturreko jarreretara emana (futbola, norbere sekta edo ardoaren salneurria tarteko ez bada).

Oharra:
Testu hau errealitatearekin zerikusi zuzenik ez duen fikzio hutsezko ariketa literarioa da.

Hain gara adeitsuak!

33 pentsamendu “Hain gara adeitsuak!”-ri buruz

  • Ala izan da beti.
    Iritsiko da euskaldunok planto egingo dugun eguna?

  • Nestor Esteban
    Nestor Esteban 2014-01-25 12:19

    Ba niri, aipatzen duzun fikzio hutsezko ariketa literario horren antzeko zerbait gertatu zitzaidan, non eta espero ez nuen auzoko betiko taberna batean. Kasu honetan, bi kafe eskatu nituen, ta morroiak tonu txarrean erantzun: “No tengo la mas minima idea de euskera”. Hatzekin 2 seinalatuz, “bi kafesne” eskatu nizkion berriro ere, horren konplikatua ez zela adierazi nahiean, tipoaren erantzuna: “Mira no tengo ni idea de euskera y encima no tengo la obligacion”. Orduz geoztik ez naiz berriz bueltatu. Tabernak La Taula du izena, Iruneako Errotxapea auzoko Maiteminduen parkean kokaturik dago. Proba egin nahi baduzue, zerbitzaria gazte betaurrekoduna da.

  • Apuntatu egin dut: la Taula, Iruñea. Badakizue zertarako hartu dudan gogoan, ezta? Horixe. Ez ezkerreko ez eskumakoa bertan ez ezartzeko. Eta hortxe dago gakoa: boikota-edo egitea eta JAKINARAZTEA, oso inportantea baita edozein garaitan baina batez ere gauden honetan bezeriari eustea. Kontua da erreakzioa banakakoa eta noizbehinkakoa dela (horren moduko ezagutzen dudan erantzun sistematiko bakarra Euskal Herrian Euskaraz elkartearena da, eta hori, “delituaren mugan” ez dago edozeinen eskura edo nahimenean. Baina bestelako mugimendu bat hedatuko balitz ( saltokien mapen modukoa) indartsu eta modu koordinatuan eramana, gauzak asko aldatuko lirateke, onerako. bitartean, neuk ere neureak egiten ditut, azkenak hauek: ez egunonik ez agurrik ez ezer ematen ez didaten tabernara ez bueltatzea, bere publizitatea gaztelaniaz eta ingelesez baino ez daukaten dendetara ez sartzea, errenta aitorpena egiterakoan BBKk eskuratu zidan kontulariari aurrez aurre erderazkorik ez nuela behar esatea, Elkar liburudendako kobratzaileari euskalduna nintzela adieraztea(defektuz erdaraz egiten dute eta). Baina, aizue, ze nekagarria eta eskergaiztokoa den hori guztia Bilbo maite gurean !! (Ironia on) Zelako zortea daukazue, zuok, azpitiarrok, azkoitiarrok, markinarrok, usurbildarrok, tolosarrok, dimoztarrok, larrabetzuarrok, gernikarrok, baztandarrok, elorriarrok, zarauztarrok, zumaiarrok… hori BETI eta MODU MASIBOAN egin ahal zenuketen horiek!!!!

  • Eskerrik asko Nestor. Aintzat hartuko dugu Iruñera goazenean. Eta jakin nahi baduzue, fikzio hutsezko ariketa literario hau, Lakuako Jaurlaritzaren aurreko Sasibil eta Larrain tabernek inspiratutakoa da, baita eraikinaren atzean dauden ultramarinos Pandon edo bere ondoan dagoen okindegi xikian ere, apur bat atzerago dagoen Urizar tabernan, eta abar, eta abar… Eskerrak eman nahi nizkieke hemendik horiei guztiei, euskarazko literaturarako ekarpen hau sortzen laguntzeagatik.
    Baina salaketa hutsean geratu barik, Iralak aipatutako bidetik jo behar genuke: euskaldunak aintzat hartzen dituzten merkatalguneen mapak osatu, herri eta hiririk erdaldunduenetatik hasita.
    Adibidez, pintxopotea EUSKARAZ hartu nahi duen Jaurlaritako langileak edota bisitariak badu horretarako aukera EL GALEON eta ARTXIPI tabernetan. Amen.

  • Basque Culinary Centerrek ekimen berri bat jarri du abian: Culinary Action ( http://www.culinaryaction.com/es/inicio ). Tira, zuhurrak izan dira, eta “Basque” kendu diote izenburutik ekimenari. Zeren, ikus dezakezuen bezala, euskaldunak eta euskara ez gara existitzen ekimen horrentzako. Zorionez, internetak lehen ez genuen aukera ematen digu: Contacto-ta joan, klik egin eta gure kexa adierazi. Adeitsu, baina fermu. Minutu bateko lana. Erantzuna segidan njaso nuen, euskaraz: denborarik ez omen dute izan (euskaraz sortu balute, ez lukete itzulpen enpresa baten zerbitzu urgentea pagatu beharko bi ordutan euskarazko testua eskutan izateko). Internetek aukera hori ematen digun bakoitzean erabili behar genuke. Kexa batek gutxi egin lezake, baina denon artean zerbait lor dezakegulakoan nago.

  • Spanish porCulinary Center
    La Caixa, BBVA, Repsol, Campsa, Telefónica, eta zientoka enpresa españistandar daude Euskal Herrian errotuta, euskaldunei ezikusiarena egiten digutenak olinpikoki. Lotsagarria da.
    Baina ezker-eskuin begiratu eta erroak Euskal Herrian dituzten zientoka enpresa daude, españistandarrek bezala jokatzen dutenak. Lotsagarria ez, amorragarria da zinez.
    Eta gero, Basque Culinary Center bezalako egitasmoekin egiten duzu topo, eta zer esan jakin gabe geratzen zara, batez ere bertako Patronatoaren osketa ikusten duzunean. Bertan daude:
    Mundragon Unibertsitatea, Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Azti-Tecnalia, Eroski, edota Arzak, Arguiñano, Subijana, Atxa, Berasategui, Arbelaitz, Aduriz…
    Basque-rena bazter utzita, izena ondo jarrita dauka egitasmoak.
    Atzetik ematen du benetan.
    http://www.bculinary.com/es/patronato

  • Ni kuadrillan egiten hasi naiz. Kuadrillan den-denak gara euskaldunak (maila desberdinean; batzuk euskaldun osoak, beste batzuk pasiboak, beste batzuek ahalegina egiten dute, eta baten batek ez du euskeraz ezertxo ere jakin nahi), baina badugu kuadrillan euskalduna ez den pertsona bat (hori bai, ingelesez eta alemanez ederto batean moldatzen da), eta nik kuadrillako watsapean, besteak beste, euskeraz idazteko erabakia hartu dut, bost axola kuadrillako erdaldunak zer pentsatzen duen. Arazoa berea da, eta ahalegina egin nahi ez badu, sentitzen dut. Nekatu naiz ‘polite’ izatearekin!!

  • Ni nere kasu kontatuko dut, jendearen aurrean egiten dut lan, ta bezero ugari asko etortzen diranez badakit bakoitzak ze hizkuntzan egiten duen, ala ere beti hasten nahiz Euskaraz ta gero Euskaraz jarraitzen dut edo gaztelera pasa behar dut.

    Ba etortzen diran bezero dexente Euskaldunzaharrak dira, batzuei gazteleraz egitea kostatzen zaiela dirudiela gainera.

    Ba bi Euskaldun zahar etorri ziren ta nik Euskaraz (beti bezala) hartatu nituen, ta hara nola ni bata hartatzen nuen bitartean bien artean jarri ziren hitzegiten, ta dena gazteleraz, flipatuta geldituko nintzan gehiagotan pasa izan ez bazidan.

    Ta hori Euskara ama hizkuntza bezala dakatenak egiten badute, zer espero daiteke Euskara ikastolan ikasi degunengatik gure gurasoak Gazteleradunak diranean?

    Ez garela ari Gaztelera pasa behar direla behartzen ditutelako, nahi dutelako da, edo Gaztelera entzun ta egitera hainbestetan behartuak egon direla, nun askotan Gaztelera da ateratzen zaien hizkuntza.

    Umeekin gertatzen zaidana ere harrituta uzten nau, askok galdetzen dizute ea zergatik egiten dezun Euskaraz, nahiz ta beraiek euskaraz jakin.

    Edo emakume bat gaztea zenean ikastolen aldeko mugimendutan egondakoa ta ikastolen sorreretan egondakoa ta justu justu ulertzen ditu bi hitz, bere hitzetan inoiz ez zun denborarik izan Euskara ikasteko, ta bere semearekin hitzegiten badiozu Euskaraz, indiarra dirudi.
    Baina alde dago e, Gazteleraz egiten diogun bitartean.
    Agian hauek guztiak salbuespenak dira, baina salbuespen ugari ikusten ditudanez.

    Watsaparekin berdin jarduten naiz, koadrilako mezuetan ia dena Euskaraz, ta ulertzen ez duna ikas dezan.

  • Euskaldun euskalzaleok gauzak argi izan behar ditugu, eta geure buruarekin zintzo jokatu. Kalean, norberak nahi duen hizkuntzan hitz egiteko eskubidea dauka: espainolez egin nahi duenak eskubidea du, swahiliz nahi duenak ere bai, suomieraz nahi duenak, halaber. Guk Madrilgo kaleetan euskaraz hitz egiteko eskubidea dugun bezalaxe. Mundu guztiak euskaraz egitea nahi genuke, eta horretarako kontzientziazio kanpainak egin behar dituzte administrazioek, mendetan jasandako errepresioak ekarri duen egoera zuzendu beharra baitago.
    Guk, geurea: euskaraz bizi nahi dugu. Beraz, egin dezagun euskaraz, eta haserretzen dena, ba hor konpon! Tabernariari, euskaraz; koadrilako euskalfoboari, euskaraz; administrazioko langileari, euskaraz… Eta ez amore eman. Argi utzi gure eskubidea dela, eta gure nahia dela, eta ez gaudela prest burua makurtzeko.
    Horrez gain, eskubidea dugu administrazioak guri euskaraz egin diezagun, bai eta merkatariek ere (bigarren hori sozializatzen lan gehiago izango dugun arren).

  • Kaixo Eneko, kalean nahi dugun hizkuntzan egiteko eskubidea izango dugu, baina nik norbaiteri Euskaraz zuzentzeko, besteak edo Euskara daki ni ulertzeko behintzat edo ezingo dut Euskaraz egin berarekin, ta hori Txinatar bati gertatzea Txinan ez dagonean ba bale, baina zure herrian herri horko hizkuntza hitzeginda ez dut zilegia ikusten.

    Hemen askatasun osoz erabili daitekeen hizkuntza bakarra gaztelera da, hori da beharrezkoa ikasti ta jakiteko, besteak opzionalak dira edo, ta hemen oso opzionalak.

    Ta noski bakoitzak nahi dun hizkuntzan egin dezakela nahi duenarekin, baina Euskaldunzaharrak Euskaldunzaharrekin gazteleraz egitea Euskaldun bat Euskaraz zuzentzen zaienean, oso triste ta tamalgarria dela uste dut, oso etsigarria ere. Ta gauza berezia izango bazan… bainan ez da.
    Gaztelera derrigorrezkoa izanaz aparte dohainik da ikastea, Euskara borondatezkoa da ta dirutza balio du ikasi ahal izatea.

    Nik ez dut askatasuna inundik ikusten, nik behintzat.

  • BAGA, kontua da beti egongo direla euskaldun kontzientziatu gabeak, utziak, narratsak, autogorrotoaz elikatzen direnak, arregitarrak, altunaharanburutarrak, eta zer? Halaber, badaude ingelesez kantatzea nahiago duten erdaldunak. edo gaztelaniaz hauteskundeetan bakarrik egingo duten politikari hispanofonoak (AEBetan). Baina gu euskaldunen gehiengoaz ari gara, euskaldun segitu nahi duten horietaz, eta ez euskalduntasunaren periferiaz.
    BIGA, zein izango da aldea euskaldun-adeitsua izatearen euskaldun-taliban-gorrotagarria izatearen artean? Egiten ez zuenak eta euskara dialekto baztergarritzat jotzen zuenak igoal-igoal baztertuko du,
    baina harek eta hainbeste jendek mezu bat jasoko du: hemen badago herri bat edo herri baten zatia edo dena delakoa, etsitzen ez duena eta bereagatik aurpegia ematera prest dagoena , eta ez ardi otzan samalda bat desagertzera bidean artez-artez doana.
    HIGA, horretarako, borroka horri eusteko, nire herriaren (Bilboren) establezimendu lagunen mapa behar dut, gutarrekin suari eusteko, etsaiei inpentsan sosik ez emateko, gure gogoaren sarea osatzea lortzeko.

  • http://www.mintzatu.com/
    Azkue Fundaazioaren ekimen honek itxura ona du. Baina ohi bezala, zabaltzeko ahalegin handirik ez da egiten instituzioetatik. Lotsa ematen die, nonbait… Saretik sarera beharko du!

  • Hainbat iruzkinek ziotenaren ildotik, Iruñerriko Karrikiri euskara elkarteak badu abian oso interesgarria deritzodan “Merkataritzan euskaraz” ekimena, non Iruñerri osoan euskarazko zerbitzua eskainten duten salguneak dituzten zerrendatuta eta mapa batean kokatuta.
    http://www.karrikiri.org/zerbitzuak/merkataritzan-euskaraz
    https://mapsengine.google.com/map/viewer?mid=zVrF1fJEx_gs.kXVB6hGZITow
    Oker ez banago, Euskaldunon Gidak helburu bera edo antzekoa dauka; alegia, euskarazko zerbitzuak kokatu eta eskuratzeko lana erraztea: http://www.euskaldunongida.net/
    Saia gaitezen jada gure eskura ditugun tresnak erabiltzen, baita berriak sortzen ere.

  • Sugar, jakina euskaraz jakin behar dutela gu ulertzeko, baina ez dute jakin beharrik gu haiei euskaraz zuzentzeko. Elebakarrek euren ardura dute, baina guk geurea ere badugu, eta geure ardura geure gain hartu behar dugu. Nik ez dut nigarrik egingo. Nahiago dut barre egin: hortzak erakusteko modu osasuntsua da. Eta guk beti euskaraz eginez konturatuko dira hezigabeak eurak direla, guk ez baitugu arazorik ulertzeko.
    Euskaldun erdalzaleei buruz, ba hor konpon! Norberak nahi duen bezala bizitzeko eskubidea izan beharko luke. Horixe da eskatzen duguna, ala?
    Bestetik, Irala eta Itzain, ongi dago euskaraz ulertuko diguten dendetara joatea, baina ez bagara ghetto horretatik ateratzen eta denda erdaldunetara euskaraz joaten, amore eman eta erdarara pasatu gabe, ez dute sekulan euskaraz egiten ikasteko beharrik sumatuko.

  • “Elebakarrek euren ardura dute, baina guk geurea ere badugu, eta geure ardura geure gain hartu behar dugu. Nik ez dut nigarrik egingo. Nahiago dut barre egin: hortzak erakusteko modu osasuntsua da. Eta guk beti euskaraz eginez konturatuko dira hezigabeak eurak direla, guk ez baitugu arazorik ulertzeko.” Ados.
    “Euskaldun erdalzaleei buruz, ba hor konpon! Norberak nahi duen bezala bizitzeko eskubidea izan beharko luke. Horixe da eskatzen duguna, ala?”
    Arazoa ez da hain xinplea. Arazoa da euskaldun euskaltzaleak ere (eta euskararen profesionalak) makurtu egin ohi direla gehienak. Zergatik? Euskararen aurkako jarrera dutenekin (testuan aipatutako tabernetakoek bezala), euskaraz tematzeak konfliktoa dakarrelako, eta euskaldun euskaltzaleek ere ez dute/dugu konflikotoa gogoko. Hortaz, batzuok taberna aldatu dugu, eta gehien-gehienak españolez eskatzera makurtzen dira, erosotasunaren mesedetan.
    “…ongi dago euskaraz ulertuko diguten dendetara joatea, baina ez bagara ghetto horretatik ateratzen eta denda erdaldunetara euskaraz joaten, amore eman eta erdarara pasatu gabe, ez dute sekulan euskaraz egiten ikasteko beharrik sumatuko.”
    Hain juxtu, alderantziz da Eneko. Merkatari euskaldunengana jotzen hasten garenean, erdaldun amorratuenak ere hasiko dira urratsak ematen bezeroak ez galtzeko. Apusturik bai?
    Bestalde, nik askoz gusturago hartzen dut kafea euskaraz jarduteko aukera dudan lekuan. Nahiago dut “ghetto” euskalduna, mundu kosmopaleto espainierazalea baino.

    • Beraz, kontua da: 1. ez makurtzea; 2. lasai bizitzea; 3 konfliktoa egon badagoela ikusaraztea. Ados nago.
      Zein tabernetara joan? Beharbada, bi jokabideen arteko oreka bat bilatu behar dugu: batetik, euskaraz lasai egin dezakegunera joan; bestetik, erdaldunei deserosotasuna sortu. Zeren, niri, hain zuzen ere, erdaldunen taberna horretako kafe horixe gustatzen zait, eta taberna horretan kafe hori hartzeko eskubide oso-osoa dut; bai eta euskaraz hartzekoa ere.

      • Enekoren 2. puntuak garrantzi handia dauka nire ustez:

        “in every life we have some trouble,
        when you worry you make it double
        don’t worry, be happy”
        (Bob Marley)

        Gaur goizean irratian entzuna. Desorosotasuna kamareroari eragin behar diogula, eta gu lasai bizi. Arazoa berak duela, ez guk. Irrifar batekin dena da errazago. 😉
        /
        Nik Bilboko kamerera gazte bati euskaraz eskatu eta hasieran deseroso zegoen bera, baina tira, bere borondate on guztiarekin bazebilen zerbeza bat atera, gero ebaki bat… “ez, hutsa medesez :)” … nire aldamenean zegoen laguna ere deseroso hasi zen jartzen… “hau marka”. ta momentu politena hau eskatu nionean, “tortila pintxoa baina berotu pixkat bat, mesedez :)” … “ui, no te sigo, igual en castellano mejor e?”… “tortilla pintxoa, …kalentoi bat mesedez ;))” irrifarre handiago batekin … ta nire laguna oso deseroso… baina hara! minutu bat pasa eta totilla pintxoa parean bero bero… ” oso goxoa e! eskerrik asko :)))” = kamarera pozik, laguna ixilik, ta ni zerbeza edarra eskuan ta pintxoa ahuan. jeje.

  • Bada, deserosotasuna norabide biko jarduna da. Ni saiatu naiz euskarari eusten, bai Sasibilen, bai Larrain tabernan ere, eta bai, tabernariak deseroso daude, baina norbera ere bai. Areago, tabernan horrela jokatzen duen ia bakarra zarelarik. Jeronimoren indio matxinoen taldeko kide galdua sentiarazten zaituzte, ez tabernari-kolonoek, inguruko bezero euskaldunak baizik… izan ere, halako egoeretan benetan deseroso egoten direnak, eurak baitira, euskaldun izanik españolez eskatzen dutenak, eta egoera deserosoa eragin duena euskaldun-indio-matxinoa” da, ez tabernari euskarari errefraktarioa.
    Izatez, arazoa arin konponduko litzateke bezero euskaldun kopuru nahikoak euskarari eutsiko balio eskatzeko orduan, edota kopuru horrek inguruan dauden taberna euskaldunen (El galeón eta Artxipi) aldeko apustua egingo balu, baina ez da gertatzen gehienetan.
    Kontua da, taberna euskaldunaren aldeko hautua egitea “miturreko” jokabidetzat jotzen duela euskaldun askok, edo “ghettoratzea”, zeuk aipatu legez. Bada, nik uste dut geurearen aldeko apustua egitea besterik ez dela, euskaldunak aintzat hartzen dituztenak saritzea, baina hori norbanako “erradikalen” jarduera gisa ikusten den artean, eta eragile antolatuen babesik gabe egiten den bitartean, ez dugu gauza handirik lortuko.
    Hala ere, bezero alemaniarraren aurrean frakak eta gaiunboak jaitsi, baina euskaldunari aukerarik ematen ez dion merkatariari uko egitea, uste dut oso ariketa sanoa dela. Kafea, edo barazkiak, auzoko onenak izanda ere.

  • By Happy, nik ere irribarrea erabiltzen badakit… Eta badira tabernariak bilboko horrek bezala erantzuten dutenak, hau da, edukazioz eta errespetuz.
    Baina badira, lantegi honen aurreko tabernarien kasuan bezala, euskara hotzikara eragiten dien tabernariak ere, eta euren hizkuntza “kosmopolita” inposatzen saiatzen direnak. Horietaz ari nintzen. Ez zeuk aipatutako adibideko bezalakoez.

  • Bai, ulertu dut lehen ere, eta horiei ere irrifar batekin hobe. Ta gure aldartea aldatzeko gaitasuna baldin badauka, ba beste taberna batetara joatea onena. Ta entrenatu ondoren berriro proba egitea ere posible da. Ni guardia zibilekin ez naiz hasten irrifarka… neurria norberak hartzea onena. Baina neurri hori mailaz igotzen saiatzea ere posible da.

    Lehen aipatu duzu deserosotasuna norabide biko jarduna dela. Eta ados nago: transmititu egiten da, kontajiatu… baina horri frenoa jartzea ere posible da, eta norberaren esku dago hein handi batean. Orokorrean, Enekok aipatu dituen hiru puntuekin ados nago. Gehitu dut umore onez errazago direla gauzatzea… nire kasuan bai behintzat.

  • Eneko, gure ardura izugarri neketsua izateaz gain askotan suten gaitu/nau, bestea ez badaki ta Euskaraz egiten badiot (nahiz ta jakin Euskara ez dakitela esaldiak sartzen dizkiet Euskaraz apropos) ta ez badaki, berdin du nere ardura, edo gazteleraz egiten degu edo ez degu egiten.

    Gaur gertatu zait hau.

    4 “lagun” bazkaltzen geunden ta 3 Euskaldunak ta bat Gazteleraduna, nik Euskaldunekin hasi naiz Euskaraz (tontakeri batetaz hitzegiten, beraiei Euskaraz zuzentzen saiatzen naizelako ta Gazteleradunei baldin badakit Euskara ez dakitela, ba gazteleraz) ta berba egin diodanetik 10 segundura Euskalduna hauxe esan dit, Gazteleraz egin bestela 4ak ez du ezertxo ere ulertzen, ta hor hasi da eztabaida. Errespetua da (Euskaldunaren horren hitzetan ere) atzerritarrok gaztelera ikastea, baina hemengoek Euskara ez badakite, errespetu falta da bere aurrean Euskaraz egitea, ta beraiek ez ikastea normala da oso lehen debekatua zelako (atzerritarrak Gaztelera ikasteko aukera ere ez dute izaten hona heldu arte ta ikasten ez badute errespetu falta iruditzen zaie ordea).

    Ta nik errespetu falta kontrakoa dela erran dudanean ta horrela jarraituko nula, Euskara ez dakina erran dit, beno ba nik Frantsesez egingo dut…
    Ta berriro hasi gera Frantzian ez gaude ta nik aipatu diot ezberdintasun “txiki” hori, ala ere Frantsesez egin nahi badu egiteko, niri bost axola zait eta.

    Ta azkenean denon aurka burrukatu behar garela dirudi, ala ere ados nago besterik ez zaigu gelditzen ta zuk esandakoa (beste gauzen artean) egiten jarraitu beharko degula. Euskaraz nonahi ta edonorekin hasi ta jarraitu oportunitate txikienak baliatuz.

    • NIre ustez, 4.ari esan behar zenion: “ba egin ezazu frantsesez nahi baduzu, eskubide osoa duzu”. Eta bai, irrifarre zabal batekin hortzak erakutsiaz. Eta euskaldun “adeitsu” odolgabeei, esan: “ez nago prest inposizioak onartzeko. Franko aspaldi hil zen eta badugu garaia denok jarrera zuzentzen hasteko”. Eta bai, irrifarre zabal batekin hortzak erakutsiaz.
      Bi happy-rekin bat nator, erabat. Lan nekeza da, denok badakigu horrela dela. Denon aurka burrukatu behar dugu, egia da. Baina egin beharrekoa da. Eta entrenatuta, egunero langa pixka bat igota, eta euskarari bizi zoriontsua opa eginez, gure jarduerarekin euskara bultzatuko dugu, geure barruko odol txarrak saihesteaz gain.
      Niri ere, bi happy-ri bezalaxe, hori gertatzen zait.
      Eta beste gauza bat ere egiten hasi naiz: azalpen guzti-guztiak euskaraz eman eta gero, ulertzen ez duelako haserre bizian jarraitzen duen horri azalpenak ingelesez ematen dizkiot, gero fransesez, eta italieraz dakidan apurra ere aireratzen dut (hori bai, espainolez, hitz bakar bat ere ez). Eta, zinez, merezi du jartzen duten aurpegia ikustea. Horrek bai eragiten didala barregurea!!

    • Ahaztu zait esatea: hizkuntza arrotzeko azalpenak horrela bukatzen ditut: “hitz egin dezaket nahi dudan hizkuntzan, eta euskaraz egiten dut euskalduna naizelako eta horrela nahi dudalako, eta kitto!”, eta hortik aurrera euskaraz segi.
      Eta haserretu nahi duenak, haserretu dadila. Nik euskarari bizi zoriontsua opa diot.

  • Abertxepelak 2014-01-27 17:12

    Argi dago, Eneko. Zeuk ez duzu sekula amore ematen. Ederto.
    Baina galdera da: eta zer egingo dugu amore eman ohi duen gehiengo handi horrekin?
    Nola animatu irrifarrez oldartzera?
    Bakarkako-han-hemenkako jarduna ez baita nahikoa. Masa kritikoa behar dugu…

    • Bai, bai. Amore eman ohi dut, askotan. Baina badakit amore ematen dudanean neure ardura dela, normalean parekoak ez duela pistolarik ni intimidatzeko (normalean…), eta saiatzen naiz egunetik egunera eta egunero-egunero neure buruari adorea ematen eta urrunago joaten.
      Horrez gain, nik neuk ezin dut askoz gehiago egin. Soilik: ingurukoekin hitz egin, internetez jarrera baikorrak sustatu (uler bedi dinamikoak, ez autokonplazienteak), euskaldunok mesprezatzen gaituzten ekimenen arduradunei kexak bideratu…

  • Bada, Eneko, hik, eta nik, eta Sugarrek, eta ziurrenik hemen idatzi duten beste guztiek ere berdintsu jokatzen dugu. Testuaren helburua ere, horixe zen, zenbait lagun harroago jokatzera bultzatzea. Horretan jarraitu behar dugu, baina nik ere uste dut ez dela nahikoa eta beste eragile batzuk mugiaraztea lortzen ez badugu, happy edo unhappy, ahituz joango zaigula hizkuntzaren pultsua.
    Zuk zeuk (por)culinary center akuilatzeko proposatzen zenuen hori, modu antolatuagoan eta eraginkorragoan bideratzeko modua aurkitu behar genuke, ez duzu uste?

  • Ados nago artikuluaren helburuarekin eta nola adierazi duzun. Hala ere, eskubideen gaian finago arituz gero, zilegitasunean eta indarrean irabazten dugula deritzot. Askotan haserretzen gara ingurukoek egiten dutenarekin, ez garelako gai geure burua tinko agertzeko. Eta gustatzen ez bazaigu ere, eta aldatu nahi dugun arren, norberak hartu behar ditu bere erabakiak. Guk har ditzagun gureak eta geure buruarekin zintzo jokatu. Besteen erabakiak guk hartu nahi izatea ezinezkoa duk, eta gainera ez duk justua. Hots, zainetan astoa sartu nahi duenak, sar dezala.
    Harira: internetek kexak gizarteratzeko eta bideratzeko aukera egokia ematen du. Zuzeu oinarri egokia iruditzen zait, euskalduna delako eta, itxuraz behintzat, euskalzale batzuk jarraitzen dugulako. Ba, sarrera bat egin kexa zehatzekin eta proposatu kexa nola bideratu.
    (Por)culinary centerri buruz, idatziko duzu zeozer? Ala nire esku?

  • Donostiako Goiz Argi taberna. Fermin Calbeton. Ganba brotxetak oso goxoak. Kamareroak español konpletoak. Sartu da bezero frantzesa eta non hasten zaion kamareroa losintxa guztiak, eskaintzak, eskerrak eman…dena frantzesez!! Eta bezero euskaldunari dena gazteleraz. C´est la vie….

  • “Askotan haserretzen gara ingurukoek egiten dutenarekin, ez garelako gai geure burua tinko agertzeko. Eta gustatzen ez bazaigu ere, eta aldatu nahi dugun arren, norberak hartu behar ditu bere erabakiak…”
    Azkenean erabat biluztera behartuko nauzu, Eneko. Ea ba. Testua idatzi dut etsita eta amorratuta nagoelako euskaltzale “autentiko” asko, euskarak Jaurlaritzan daroan bilakaera negargarriaz kexu direnak, edota euskara sustatzeko beharrean dabiltzanak, ikastolako+D ereduko irakasleak, edota euskaraz eta kitto-tarrak, eta beste “euskara-jende” batzuk, kolonoen aurrean makurtzen ikusteaz.
    “Berba ozen askoak bai, baina barregarri ari zaree” esateko modu bat izan da. Batzuei behintzat barruak astinduteko esperantzaz, eta uste dut batzuekaz lortu dudala. Horixe zan asmoa, ikusten dudana (neuk ikusi dodalako…) islatu eta azalarazi, ea beste batzuk esnatzen hasten diran, euskaldun gehienen sumisino maila itzela delako, otzankeria ikaragarri zabalduta dagoelako… Eta neure ustez hori mahai ganean ipini beharra dagoelako. Ez da nahikoa norkberea egiteagaz. Egoeraren anormaltasuna azaldu beharra dago, batez be anormaltasun hori onartuta dagoelako erabat, euskaldun gehienen aldetik. Hortik aurrera, ardi bakotxak bere bidera…
    Eta (por)culinary Centerrekoaz zeuk idazten baduzu, arean hobeto. Horrela gehiago izango gara matrakea ematen gabiltzanak. Nik jarraituko dizut, noski.

  • Akort esandako ia guztiaz. Kanpora otzankeriak eta bakea-izan-dezagunkeria guztiak. Baina kontua da sarritan, indion moduan, gutxi eta zalditeriak inguratuta ibiltzen garela, salbu eta arnasgune deritzenetan, horietan euskaldun sarea sarria eta ahalmentsua da, abian jarriko balitz. Oraindik nabil buruari galdezka nola daitekeen Pako Aristik jarritako adibidea: Azpeitian baku konkretu bateko bankari konkretu batek erdararen hankapean pasatzen ditu parean jartzen zaizkion euskaldun guztiak. Azpeitian? Hori Azpeitian pasatzen bada, ez badute morroi hori oraindik herritik harrika bidali, gaitza barru-barruan sartuta daukagun seinale. Urtean batez beste manifestazio, aldarrikapen eta greba-soflama-eserialdi-enkartelada gehien egiten dituen jendartea ez da gai enfrentamendu dialektiko bati eusteko?

  • “Urtean batez beste manifestazio, aldarrikapen eta greba-soflama-eserialdi-enkartelada gehien egiten dituen jendartea ez da gai enfrentamendu dialektiko bati eusteko?”
    Bada, ez. Hori da gure eguneroko ogia. Egoera hori nola iraularazi asmatu behar dugu behingoz, eta ez dago erraza, etsaietako batzuk “etxean” dauzkagu-eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude