Haien esku dago

Haien esku dago –

Pasa den asteburuan GED herri ekimenak antolaturiko giza-kate erraldoi arrakastatsuaren ondoren erabakitzeko eskubidearen inguruan zenbait apunte ekarri nahi lituzke honako idatzi honek. Gure Esku Dago taldeak (GED aurrerantzean) urteotan egindako lan aberasgarria kritikatzetik urrun, gai honen inguruan ekarpen ttiki batzuk egiteko intentzio xumeaz.

Aurreko idatzian estatua eraikitzeaz eta autodeterminazioaz ari nintzela, eztabaidaren bi kategoria ezberdin azaltzen saiatu nintzen etxea edukitzea eta hura txukun edukitzearen irudien bitartez:

Haien esku dagoEtxea: Herritarrak bere egiten duen eta bere hizkuntzan eta kulturan, ingurukoekin eta haiekiko elkarreraginean, norbanakoari zein bere baitan hartzen duen komunitateari garatzeko ematen dion marko egituratua da etxea, hain izanik horrela non bertako biztanleak oso modu naturalean erakutsiko duen komunitateari dagozkion arazo eta gobernantza kontuetan inplikatzeko prestutasuna.

Txukuntasuna: Etxeak iraupenerako eta modu orekatuan garatu ahal izateko nahitaezko duen baldintza: etxearen gobernua modu guztiz garbi eta erradikalki demokratikoan hautatua izateko aukera, zeinak betebeharra izango baitu komunitatearen mandatuak zintzo betetzea, komunitate horrekiko lotura etengabean eta sintonia garbian. Gobernu horren helburuak -beti ere zerbitzatzen duen gizartearekin elkarlanean- izango dira naturarekiko elkarbizitzan eta haren legeen errespetu guztizkoan, pobrezia desagertzea eta ondasunen banaketa justu baterako mekanismo akats gabeen martxan jartzea, non ustelkeria, lapurreria edo iruzurra bezalako hitzak iraganeko tiraderan guztiz zokoratuta geldituko diren. Honekin batera munduan diren beste etxeekiko harreman zintzoak garatzea eta haiei laguntzeko mekanismoak prest izatea.

Tira, gaur egun gure klase politikoaren hizkera tranpatian hain pil-pilean diren nazioa eta gai sozialak.

Unionista garbiek (psoe) eta unionista lausoek (podemos) urteak daramatzate bi kontzeptu horiek kontrajarriz eztabaida maltzur bezain hutsal bat bultzatzen, zertarako-eta, estatu baten sorrerako edo autodeterminaziorako bide, xenda, bidezidor, estrata edo gurdibide izan daitekeen edozein pasabideri langa jartzeko eta bide batez, gai sozialekin batere kezkarik ez daukaten eta neoliberalismo gordina aplikatzetik bizi diren unionista ezkutuei (pnv) sekulako mesedea egiteko. Mesedea diogu, urteetan ekintzetan marko horretatik ateratzeko inolako presarik (edo intentziorik) ez dutela erakutsi duten horientzat mesede handia baita balazta funtzioa beteko duen guztia, estatus berrirako zorioneko batzordea, kasu; jokaera ulergarria, beste aldetik, errenta handiak eman dizkion marko batetik atera nahi izatea ergelkeria handia bailitzateke haien partetik.

Urteak esan dugu baina historian atzera joz mendeak ere esan genezake, Espainiako inperialismoak beren kolonoen bitartez oso aspaldi zaharrean erabilitako martingalak baitira hauek; formak, izenak eta moduak besterik ez da aldatzen dena. Gaur egungoek ere, hizkuntza eta kultura merke-merke salduta, orain daukaten etxean oso gustura bizi eta bertatik ateratzeko inolako intentziorik gabe martingala bertsuak erabiltzen dituzte. Irudi berberak erabiliz halaxe esango genuke: ezkertiar espainolistek txukuntasuna nahi omen dute etxean, baina berean, honezkero baduten eta maite duten horretan; ez dute, beraz, etxe aldaketarako bide ematen duen edozein aukeraren alde zirkinik ere egingo, aitzitik horretarako bide ematen duen edozein bitartekoa, demokratikoena izanda ere, txiki-txiki egingo dute, ahal badute. Esan dezagun, badaezpada ere, inola ere ez dela kritikagarria etxe horretan gustura sentitzea eta haren alde borrokatzea, kritikagarria dena, guztiz deitoragarri eta onartezina, zera da: hori garbi ez aitortzea; hizkuntza eta kultura hain merke saldu eta haiek desagertzeko zorian uztea eta beste etxe bat eraiki nahi dutenen edozein saioa autoritarismotik, boterekeriatik eta tirania hutsetik zapuztu nahi izatea.

Esan ere, esan liteke, gai sozialak deituriko horiek, -dioten bezala- lehentasun guztizkoa balute autodeterminazioaren (independentziaren?) aldeko hautua eginda edukiko zukeela aspaldian ezker horrek, ez baita azti izan behar ikusteko gurean gizarte justu eta igualitario baten eraikuntza posible bakarra euskal estatu independente batek ahalbidetuko lukeena dela eta gauza guztiz ezinezkoa, berriz, frankismoren eskemetatik atera gabeko Espainia ustel eta kakaztu horretan horrelakorik eraikitzea. Zein dute arazo orduan ezkertiar horiek horrelako estatu bati uko egiteko? Bistan da: nazionalista espainol sutsuak izanik, etxea, orain daukatena nahi dute, eta hori beste ezeren gainetik dago, horregatik tranpa da haiek esatea lehentasuna gai sozialei ematen dietela. Haiek dira lehentasuna auzi nazionalari ematen dietena: lehentasuna, honezkero badaukaten Espainia izeneko etxe horri ematen baitiete, beren kezka soziala guztiak albo batera utzita. Berriro esango dugu, badaezpada ere: hori ez da kritikagarria kritikagarria dena hori garbi ez aitortzea (unionista garbiak kenduta) eta boteretik -estatu sendo baten egituretatik- eta autoritarismotik, engainuz eta azpijokoz besteen nahi demokratikoak zapuztea da kritikagarria (hemen inor kendu gabe).

Kalaka faltsu eta tranpati horretan korapilatuta burujabetzarako edozein aurrerapausoa, demokratikoena izanda ere -hor dago Katalunia demokrazia irakaspenak emateko-, guztiz trabatuta gelditzen da politikiloen mundu horretan, eta trabatze horretatik PNV da, beti bezala, errenta handien ateratzen duena, hark ez baitauka batere presarik -intentziorik- Espainiako markotik ateratzeko, eta ezkertiarren arteko ele-mele horien lepotik barre galanta eginda politika neoliberal latzak ezartzen ditu. Penagarria da beste aldetik ezker subiranistak nola egiten dion amuari kosk eta behin eta berriz amarru berean nola erortzen den erantzun sendorik eman gabe.

Bi urteko umeak ere ikus dezakeentxoa da, sailkapen oso ezberdinetako bi kategorien arteko eztabaida dela (nazio versus gai sozialak) eta hortxe, desberdintasun horretan, hain justu ere, dagoela tranpa: Nekez esango dugu “niri txakur hori politagoa iruditzen zait zuk mendian daukazun txabola baino”. Berriro ere irudi berberak erabiliz esango genuke: Batzuk daukaten etxea txukuntzeaz ari diren bitartean beste batzuk etxea eraikitzeaz ari dira. Eztabaida antzua beraz, oso modu intentzionatuan halaxe jarrita. Antzutasuna da ezer mugitu nahi ez dutenek behar dutena.

Eztabaida behar den tokira eraman gabe ez dago hortik atarramentu onik ateratzerik eta horretarako auziak kategoria beretara ekartzea gauza ezinbestekoa da. Nik esatera, halaxe planteatu liteke: Parametro demokratiko hutsei men eginez, hala egungo markoa besterik nahi ez dutenek nola beste marko euskaldun (eta ez euskal matrikula daramana) guztiz bestelako batekin amets egiten dugunok, denok ala denok, onartu beharko genuke batere azpijokorik gabeko marko guztiz garbi batean herriari hitzematea eta hortik ateratzen dena errespetatzea, are gehiago kontuan hartuta orain daukagun hori inoiz ez dela herriak demokratikoki aukeratua.

Eztabaidaren gakoa galdera sinple batez labur liteke: Prest al gaude printzipio demokratikoak erradikalki hartuta gauzatuko litzatekeen egikaritzapen politikoa zertzeko eta hortik ateratako emaitzak onartzeko? Baiezkoaren eta ezezkoaren artekoa da, beraz, hor dagoen dialektika bakarra. Erradikalki demokratikoak izango diren bitartekoak erabiltzeko prest al gaude?Bai ala ez. Baiezkoan leudekeenek lanean hasi beharko lukete egikaritza politiko hori berme guztiekin burutu ahal izateko; horri ezezkoa ematen diotenek, berriz, printzipio erradikalki demokratikoak diren horiei uko eginda, mendeetako hain itzal luzeko autoritarismo guztiz errotua onartzen segitzea litzateke eta herri honetan mendeetan izan den gatazka politikoari segida emateko hautu kriminala. Hautuak ez du azpikeriatarako lekurik uzten eta esan ere, esan genezake: Espainiazale ezkertiar horiek ez daukate hori ukatzerik ezkerra baldin badira eta jelkideek (unionista ezkutuak) ez daukate hori ukatzea demokratak baldin badira. Ez dago bizikidetzaz, bakeaz eta etikaz ahoa bete-bete eginda ibiltzerik horri ezezkoa emanda.

Ez gara, baina, hain inozoak eta egun bizi gaituen etxe-marko neofrankista guztiz autoritario eta demokraziatik batere ez daukanak ez digula ezer dohainik emango badakigu, jakin. Horretarako hortxe dauzka kolaboratzaile fidel unionista mota guztiak (garbiak, lausoak eta ezkutuak) benetako demokrazia bat kate motzean lotzeko. Ezagutzen dugu hauek guzti hauek darabilten tranparik handiena: Haien etxearen batasun sakratuari kosta ahala kosta eusteko jaiotako lege (Espainiako konstituzioa) baten babesean gure etxea, daukagun hori ez beste bat, jende askok nahi dugun hori, eraiki ahal izango dugula. Ideia honek, bistan da, lege santu sakratu haren egile-zaintzaileen esku uzten du dena. Haien esku gelditzen da. Tranpa horixe da gure unionista guztiek (garbiak, lausok eta ezkutuak) egiten dutena. Horixe da erabiltzen duten amarrua goian proposatzen den galdera sinple horri iskin egiteko. Honezkero ez gara harritzen elkarrengandik zein hurbil dauden ikustean, baina bai amorratzen politika transbertsala eta antzeko memelokeriatan hasten direnean. Ze transbertsalitatea dago PNVtik PSEra ekonomian, ze transbertsalitate PNVtik Podemosera esparru nazionalean? Orduan zertaz ari dira gizarte anitzaz eta horrelakoez ari direnean? Gezurra da urte hauetan erakundetu diguten bakarra.

Hau guztia gutxi ez eta hor ari dira legebiltzarreko estatus berrirako lan talde zorioneko horretan, batek daki zertan. Nik harrituta dakusat ezker abertzaleak batzorde horretan erakusten ari den jokaera. Hori ere egin behar dela ukatu gabe, nik orain konbentzimendu handiz ikusten dut ezker subiranista lan horietan, “guk ez dugu bide horretan sinesten baina prest gaude…” ez aspaldiko horretatik oso urruti, guztia beren esku daukaten horiengan esperantza xirrikituren bat balute bezala. Hola al da? Ezker abertzaleak azalpenak zor dizkio herriari. PNV berriz, balazta lanetan, betiko moduan: aurreko legealdi guztian ukitu ere egin ez zuen lan taldea, aurten berandu, nagi eta ahalik eta motelen eramaten saiatzen ari den horretan, betiko tranpak atontzen: Euskal-Herriaz, nazioaz eta burujabetzaren eskubideaz, hitz ponpoxoak josten bere oinarriei begira eta batez ere jakinda, hortik ez dela ezer aterako. Hor idazten duten Euskal-Herria egunerokoan beren enpresari kuttun, lehengusu min, osakidetzako senideak eta abarreko euskadi digeriezin hori besterik ez da; eta hor aipatzen duten Nazioa handi-mandia, berriz, eguneroko politikan Pprekin eta Psoerekin paktatuz egiten duten hiru probintziatxoetako autonomiaxka hori. Sarrera eta lehenengo kapitulua dotore gelditu omen zaizkie, edozein engainatzeko moduan, baina batzuei eguneroko ekintzetan gelditzen zaie ipurdia begi bistan. Politika eguneroko bizitza arruntean jende xumeak egiten duena da eta hortik eratorri daitekeen guztia.

Palazio dotore horietan egiten den jardun negargarri horretatik atarramenturen bat espero izatea eldarnio hutsa litzateke. Euskara areto handi-mandiak apaintzeko loreontzi ezin aproposagoa dela eta euskal kultura Joxemiel Barandiaran, Txirrita edo Joseba Sarrionandiarengandik urrun BBK live, Guggenheim eta gure sukaldari entzutetsuek osatzen dutena dela egunero erakusten diguten horien politikek ez gaituzte portu onera eramango.

Batere dudarik egin gabe esan genezake marko honetatik ateratzeko eta beste zerbait eraikitzen hasteko bidea herritik ateratakoa izango dela, eta izatekotan ere, orduan behartuko direla partiduak edo instituzioak. Ezker abertzaleak benetan uste badu hiru probintziatxo horien oraingo legebiltzar horretan erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo osoa dagoela, oso oker dabilela esango nuke nik. Espainia hark ezarritako legearen babespean herri hau eraikitzeko biderik badagoela besterik planteatzen ez duten subiranista eta demokrata hauek, guztia haien (Madrilen) esku uztea, besterik ez dira ahalbidetzen ari. Hori sinestea betiko amarruetan erortzea litzateke. Barkaezina une hauetan. Gorago deskribatzen diren eztabaida-koordenada horiek eta jorratzeko bidea, herriak bultzatuta eta ondoren instituzioak behartuta izango da izatekotan, ez alderantziz. Bortizkeriaz eraikitako lapur handien habia besterik ez den Espainiako instituzioetan (hemengoak zein hangoak, denak haienak) zaildutako klase politiko horretatik, -herriak behartuta ez bada behintzat- ezin da espero printzipio erradikalki demokratikoak erabili eta subiranismo huts-hutsa bultzatuko dutenik. Praktikan planteatzen ari diren bakarra horixe da: haien esku dago.

Haien esku dago

P.D. PNVez ari ginela unionista ezkutuen aipua dela eta, zuzendaritzaz eta hark egunerokoan erakusten dituen politikez ari ginen, ezer asmatu ez eta egunero ikusten duguna azaldu besterik ez dugu egin, errespetu guztiaz hala sentitzen ez duten alderdi horretako oinarriei.

Haien esku dago   Haien esku dago  Haien esku dago  Haien esku dago