Saretirikotik paperitikora, H28 aldizkaria

“Urtarrilaren 20 inguruan erabaki genuen lehen zenbakia urtarrilaren 28an egongo zela kalean, eta kolpean aritu ginen horregatik”, esan zigun Iñigo Astizek urte hasieran, editore duen H28 aldizkari saretirikoaz galdetuta. Berriako kazetariak Euskal Herriko hiru marrazkilari esagunenetakoekin elkartu zen Uztaritzen (Zaldieroa, Marko eta Asisko) Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoa jazo eta gutxira, adierazpen askatasuna hizpide.

Zenbaki bakoitzean sinadura berriak erakarri dituen aldizkari saretirikoak fin bete du bere hitza harrezkero hilabete bakoitzeko 28an (alferren hilabetea ei den abuztuan izan ezik); irail bukaeran sareratu zuten 8. zenbakia. h28.eus atarian dituzue guztiak.

 

Paperean!

Ardoa eta errotuladoreak lagun eta paparra bete-bete eginda, sarearekin nahikoa ez eta ezin izan diote tentaldiari eutsi; Durangoko Azokara begira urtekaria plazaratu gura dute orain. Paperean!

Horretarako, kanpaina bat jarri dute abian Karena crowdfunding plataforman:

Saretirikotik paperitikora, H28 aldizkariah28.eus hilabetekari saretirikoaren aurtengo pieza onenekin 80 orriko lan antologiko bat egin nahi dugu PAPEREAN ETA KOLORETAN! Eman ditugu kolpeak eskuinera, eta eman ditugu kolpeak beste eskuinera ere, eta orain onenak bildu nahi ditugu inprimatzeko.

Ideia gustuko baduzu, lagundu gaitzazu baso zati bat txikitu eta aldizkaria papereratzen. (Gutxienez) 10 euroren truke aldizkariaren paperezko bertsioa eta h28ko marrazkiekin egindako pin bat eskuratu ahal izango duzu. Antologian izango diren marrazkilarietariko batzuk dira: Asisko, Marko, Zaldieroa, Axpi, Josevisky, Iren, Unai Iturriaga, Edu Lartzanguren, Eñaut, Patxi Gallego, Laure Gomez, Sustrai Errolan… Etxera bidaliko dizugu ale bat, edo Durangoko Azokan jaso ahalko duzu marrazkilariren baten eskutik. Begi bat ixten dute, eta ez dute (beti) koxka egiten! Erreserbatu zure alea ja, Porrotxek egingo luke!”.

Egitasmoak jada erakarri ditu 82 auzolagun (poltsa erdia bete dute horrela), 10 euroren truke H28 Urtekari Paperitikoa eta txapa bat jasoko dutenak opari. Ustez bularrean eramaten diren pin horietakoa izango da txapa baina… marrazkilari hauetaz ez zaitezte fido, kasu!

.

  • Aldizkariak lehiaketa bat abiatu du twitter bidez ere. @H28aldizkaria-ari buruzko txiste bat eginda, urtekariaren ale bat doan lor dezakezu.

Saretirikotik paperitikora, H28 aldizkaria