Guztion erronka

Guztion erronka –

Amatiñok, Euskadi Irratiko Albiste Faktorian.

Guztion erronkaInork ez du ukatzen enpresa pribatuak lehiakorra izan behar duenik. Daitekeena, enpresa publikoa lehiakorra ez izatea, hainbat gizarte-beharrizani erantzuteko gai den artean; baina, enpresa pribatuak, iraungo badu, lehiakorra izan behar du. Ez du beste alternatibarik.

Lehiakorra izateak esangura du merkatuak ontzat hartzeko besteko kalitatea eskaini behar duela eta merkatu berberak ordaintzeko bezainbateko prezioan. Helburu honen inguruan bildu ohi dira elkarrekin kapitala eta lana; eta, historiari begiratuz gero, ezin esan bilkura hori ahari-topaketa antzean gertatu izan ez denik sarri, indar kontrajarrien arteko zeingehiagoka gisa.

Aurrera begira, bi parte kontrajarri baino, bi parte osagarriren arteko egitasmo bateratua partekatu daitekeelakoan, nolabaiteko konpromiso hitzartua guztientzat onuragarri  delakoan, Gipuzkoako enpresarien elkarteak Fabrika deritzon kultura berria landu nahi du, langileek ere euren burua enpresa-proiektu barruan sentitu dezaten.

Enpresarien eta langileen interesak txirikordatzea ez da segurutik helburu erraza, baina bakoitza bere aldetik abiatzeak ez du etorkizunik. Estrategia konfrontazioa baldin bada, zergatik uste dugu gutako inork nahi izango duenik enpresari izatea? Eta ondo dago atzerriko inbertsioak gurera etorri daitezen nahi izatea… baina, zergatik etorri beharko lukete kanpotik, gure joko-araua konfrontazioa baldin bada?

Ni zaharra naiz, zaharregia behar bada, baina gazte jende gehiegi sumatzen dut ordutegiaz, oporrez edo lantzean behingo zubiez lar arduratua eta enpresen nondik norakoaz nabarmen axolagabetua, enpresen etorkizuna segurtatzea enpresarien betekizuna baino ez balitz bezala.

Kontuan hartu, gero, “izan zirelako gara eta garelako izango dira” leloak ez duela soilik balio euskara eta euskal nortasuna defenditzeko, baita gure bizimodua bermatzeko ere, ez gara-eta alferrik ari ondorengo belaunaldien ekonomia ereiten.

Euskadik iraungo badu, lehiakorra izan beharko du. Euskal gizartearen lehiakortasuna ez da erretolika edo iragarki hutsa, euskal enpresari eta langile guztien erronka baizik.

Guztion erronka

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Guztion erronka”-ri buruz

  • Kontua da nik ez dudala Euskadik irautea. Enpresaririk gabeko garapena desiatzen dut. Kutsadura ta esplotaziorik gabe eta giza eskubideetan oinarritua. Arrazionala ta zientifikoa.Ez bizi dugun zabortegi zapaltzaile erraldoi hau bezalako Euskadia, alegia.

  • Aurreko mezuko erratatxo bat zuzentzen ” kontua da nik ez dudala nahi euskadik irautea.Enpresaririk gabeko garapena desiatzen dut.Kutsadura ta esplotaziorik gabe eta giza eskubideetan oinarritua.Arrazionala ta zientifikoa. Ez bizi dugun zabortegi zapaltzaile erraldoi hau bezalako Euskadia,alegia. Sostengagaitza.”

  • euskaldun bat 2020-02-28 21:19

    Artikulu honek bete-betean bota du egia. Horrela da. Ez da soilik euskara, enpresak ere bai. Hor ditugu kooperatibak, begira zenbat egin zuten gure aurrekoek. Eta enpresek jendea hemen egotea bermatzen dute eta beraz, euskarak irautea, herri txikiak bizirik irautea etab. Jone, nik ere beste mundu bat desioko nuke, nork ez? Baina daukaguna daukagu eta hori aldatzeko ahulegiak gara, pentsa, euskara ere ozta-ozta mantentzen dugu. Daukagunarekin iraun behar dugu nola edo hala, garai hobeak eta mundu hobeak etorriko direlakoan. Enpresariak gustatzen ez bazaizkizu hor dituzu kooperatibak. Horiek ere ez dituzu nahi? Zuk ere ez dakizu zer nahi duzun, mundu hobea nahi duzu soilik, nork ez?!