Guztiok kalera

Guztiok kalera –

Osasuna oinarrizko eskubidea dela ez dago zalantzan jartzerik, eta, beraz, jendearen osasun-beharrei erantzunik egokiena emateak, ekitatez eta justiziaz, lehentasuna izan behar luke. Osasun sistema publiko eta unibertsala guztion zergen bitartez finantzatua eta arreta jasotzeko unean doakoa gure jendartearen ongizatearen zutabea da eta bera defendatzea oinarrizko abiapuntua ezkertiar guztiontzat. Elkartasuna baita herriaren osasuna.

Guztiok kalera
Arg: Hiruka

Osasuna eskubide kolektiboa dela defendatu dugu, eta ez norbanakoarena soilik. Horren bermea osasun sistema publikoa dela eta nola txikitzen ari diren ere salatu izan da, eredu kapitalistaren intereserako desjabetze eta eraisketa prozesu baten bitartez, pandemiak horretarako aukera edo aitzakia eskaintzen duelarik.

Ezkertiarrok osasun sistema publikoa defendatu behar dugu, noiznahi eta nonahi: legebiltzarretan, udaletxeetan, aldundietan, lantokian, eskolan eta kalean, banaka eta guztiok batera. Izan ere, osasunaren gaia guztioi dagokigu eta guztioi eragingo digu, lehenago edo beranduago, bete-betean. Denok gaixotuko gara, zahartuko, eta senideak hilko zaizkigu. Ondo edo gaizki hiltzea gure esku dago.

Osasun arloko sindikatuek nahi beste mobilizaziotarako deialdi egin ditzakete, baina hori ez da inoiz ere nahikoa izango. Alde batetik, horrek arazoa lan-eskubideen arlora muga dezakeelako; izan ere, hori izango baita hedabideek zabalduko duten irudia. Horrenbestez, gaia langileei dagokien kontutzat har dezake jendeak, eta ez norberaren bizitzari, alde garrantzitsuenean hain zuzen ere, eragiten dion hil ala biziko gaitzat. Ez du lortuko atxikipen handirik, eta hortaz ez da behar duen bezain eraginkorra izango. Bestetik, egoerak beharrezkoa duen maila politikoa murriztu dezake; izan ere, gai hau erabat politikoa baita. Ezkerreko alderdi politikoak eta gizarte-eragileak batu behar dira borroka honetan, izan sozialistak, komunistak, anarkistak, sozialdemokratak, abertzale ezkertiarrak, feministak, sindikalak, gazteak edo euskaltzaleak. Euskaltzaleak, bai, zalantzarik gabe, horrela jarraituz gero laster medikurik ezean ez baitugu mediku euskaldunik eskatuko. Euskararenak egingo du osasun sistema publiko bat ez badugu lortzen, eta ez dugu lortuko gainean dugun pribatizazio-prozesuarekin.

Oztopoak oztopo, sindikatuez harago, hezkuntza edo osasungintza publikoak defendatzea abiapuntua izan daiteke, baita aukera ona ere, ezkerretik indarrak biltzeko behingoz, helburu estrategikoekin. Lehendabizi, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsa. Bigarrena, subalternitatea ahaztea: bada garaia ezkerrak bere lotsak galtzeko eta eskumaren inguruan biraka ibiltzeari uzteko. Bestetik, ezkerretik zirrikitu guztiak ixteko eskuma neoliberalari, bai agintean dagoenari, bai norbanakoaren apetak beste guztiaren gainetik lehenesten dituenari. Zulora trumpistak, faxistak, negazionistak, neoliberalak eta indibidualistak. Ezkerra gara, ezker kolektiboa, solidarioa, zerbitzu publikoa defendatzeko gauza dena eta boterea eskuratu nahi duena, politikoa eta ekonomikoa ere bai ahal bada.

Interpelazio zuzena, beraz, alderdiei, sindikatuei eta eragile sozialei, kaleak betetzeko. EH Bilduri, Ahal Dugu-Podemosi, LAB, ELA, ESK, CNT, STEE-EILAS, EHNE, CCOO, UGT eta sindikatu guztiei. OEE, Aintzat, EHE eta euskaltzaleei. Gazteei. Guztiok batera kaleak bete, eta gero erakundeetan lekua hartu, boterea partekatuz. Botere politikoa hain zuzen ere, administrazioa alegia.

Osasun langileok greba egin dezakegu, baina ez da nahikoa izango. Are gutxiago egun bateko greba; lehen mailako arretan behintzat ez dauka ez hankarik ez bururik. Nik ez dut egingo. Erabateko greba izan beharko luke, mugagabea. Eta behar izanez gero, gose greba. Medikuen eta erizainen baraualdiak, jendeak kaleak betetzen dituen bitartean. Edo etxean gera gaitezke, txertoei buruz eztabaidaka, elkarri mokoka, gure artean kalakan, eskubide kolektiboak gure begien aurrean desagertzen ari diren bitartean.

Oren guztiek gaituzte kolpatzen, baina azkenekoa ez da oraindik etorri; erlojua borrokatzera deika ari zaigu. Adorearen ordua da.

Guztiok kalera Guztiok kalera Guztiok kalera

Familia medikua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude