Gutxieneko ezagutza unibertsala, Belarri Prestak

Gutxieneko ezagutza unibertsala, Belarri Prestak –


Zenbait arrazoi direla medio, azkeneko urteetan etxetik oso kilometro gutxira ari naiz mugitzen. Egoeraz baliatuz, zenbait gertaera eta aldaketen behaketari ekin diot. Besteak beste, inguruan azken hamarkadan euskararen erabileran eman diren aldaketetan erreparatu dut.

Itxuraz, Gipuzkoan Ipar ekialdeko eskualdeetan ez dago baldintza txarrik euskararen ezagutzan eta erabileran aurrerapenak izateko: euskararen ofizialtasuna, aldeko jarrera soziala, hiztun kopuru handia, behar komunikatiboa, eskola eta euskaltegien sare zabala, D eredu ongi errotuta, diru-laguntzak… Izan ere duela 10 urte euskararen “loraldi bat” antzeman genuen. Hamar urteren buruan, eta azkeneko bietan bereziki, aldiz, kontrako norabideko jarrerak susmatzen dira. Adibidez, oso zaila da nerabezaroan murgilduta dauden kuadrillak euskaraz entzutea. Antolatutako ekimen edota heldu euskaldun hiztun aktibo batekin mintzatzen ez badira, gazte hauek gaztelera baino ez dute erabiltzen ohiko komunikazioan eta euskararen erabilera urria bezain “itxurazkoa” da.

Duela 10 urte euskarak bultzada handia izan zuen. Aldagai batzuk aipatzearren lau hauek mahaigaineratuko ditut: egoera politiko baikor eta positiboa, Euskalgintzak “euskaraz Bizi Nahi dut” lelopean egin zuen paradigma aldaketa, “baby boom” garaian jaiotako guraso euskaltzaleen seme-alaba andanaren jaiotza eta titulazioaren beharra. Aspaldiko partez, ume gehiago jaio ziren urte horietan, D ereduko gela berriak zabaldu behar izan ziren eta heldu askok Euskaltegien atean jo zuten.

10 urte pasa direlarik, berriz, faktore horiek aldatu direlakoan nago. Eraldaketa politikorik ez da suertatu, eta indar politiko euskaltzale-soberanisten gaitasuna neutralizatu dute; “Euskaraz Bizi nahi dut” elastikoa jantzita hiztun aktibo bilakatu ziren askok amore eman dute; jaiotze tasa apaldu da; titulazioaren beharra, azkenean, ez da horren handia izan.

Bereziki goibeltzen nau guraso euskaltzaleen seme-alabak gazteleraz eta frantsesez gizarteratzen ari dela ikusteak. Aspaldiko “ariketa matematiko” hark (7 euskaldun + erdaldun 1= 8 erdaldun) bere horretan darrai. Aski da lagun bakar bat erdalduna izatea, edo euskaraz deseroso aritzea, talde osoan erdara nagusitzeko. Bistan da, egun lagun hori kuadrilla guztietan dago, familia guztietan dago. Izan ere, ezinezkoa da hori ez gertatzea, gure herria askoz anitzagoa eta konplexuagoa baita duela 10 urte baino. Noski, erantzuna ezin da hiztun-komunitatea ixtea, erabat ezinezkoa izateaz gain, heriotza ekarriko liokeelako euskarari.

Azkenekoetan arretaz jarraitu ditut hiru soziolinguistaren ekarpenak: Kike Amunarriz, Patxi Saenz eta Pello Jauregirena, hain zuzen ere. Kikeren mezu baikor, alaia, maitekorra; Patxiren ohar zorrotzak eta sakona; eta Pelloren proposamen eraikitzaile eta berriak.

Baikortasuna behar dugu, jarrera atsegina, autoestimua. Kikek dioen moduan, jakitea euskara ez dela horren txikia “Champions league” ari garela gaztelera, frantsesa eta ingelesa aurre egiteko gai. Euskara jakiteak eta erabiltzeak “plus” bat ematen digu, Jon Maia bertsolariak ederki adierazten duen bezala: “begirada berezia” ematen digu. Begirada argia, sakona, luzea, mundu aldakor eta hauskor honetan hankak sendo finkatzeko eta nahi dugunean, nahi dugun norabidean, mugitzeko.

Zorroztasuna ere behar dugu. Euskara ez baita oraindik ofiziala Euskal Herri osoan, hizkuntza gutxitua da, larriki zauritua, gure eskubideak ez dira bermatzen. Estatuen Konstituzioek eta Euskal Erakundeek elebiduntasun desorekatua bereganatu dutelarik, erdaldun elebakarra izateko “eskubidea” bermatzen dute. Euskarari bizkarra eman diotenek badakite, eta horregatik, ez dute ikasten, badakite-eta boterea dutela gure hizkuntz-hautua oztopatzeko.

Proposamen eraikitzaileak ere ezinbestekoak dira eta arlo honetan biziki interesgarria izan da aho bizi/ belarri prest kontzeptuak garatzea.

Mundua erabat aldatu da, gehiago aldatuko da. Euskal Herria zeharo aldatu da eta gehiago aldatuko da. Aurreko artikulu batean aipatu nuen moduan, ziurki, orain Euskal Herrian historia osoan lehenengo aldiz “aspalditik etorritakoen” ondorengoak “etorri berriak eta etorri berrien ondorengoak” baino gutxiago dira. Honegatik eta beste hamika arrazoirengatik, garai bateko lan ildoak, estrategiak eta erreferenteak dagoeneko existitzen ez den Euskal Herri bati zuzenduta daude. Globalizazioaren etapa labainkor horretarako egokitutako joerak, xedeak eta estrategiak behar ditugu mendearen bukaerarekin batera euskararen amaiera etor ez dadin.

Euskara berriro Euskal Herriaren ohiko hizkuntza izan dadin lanean ari garenok erronka berriak ditugu. Ez da aski euskara “kultur-baliabide” gisa poltsikoan gordeta dagoen zerbait izatea, egunerokotasunean “normala” izan behar du, esparru guztietan. Ezin dugu ontzat eman bi erdaren “normalizazioa”. Ezin dugu ontzat eman elebiduntasun desorekatua. Ahobiziok jarraitu behar dugu gure eleaniztasunetik, egoera, une, gune euskal elebakarrak sortzen. Landu behar dugu gune , eremu, ekintza horiek erdaldunentzat erakargarriak izan daitezen eta jakin-mina, zein beharra sortzen. Soilik 300.000 bat omen gara euskaldun hiztun aktiboak, Litekeena da portzentualki inoiz egon den tasarik baxuena izatea, baina, bide batez paradoxikoki, 300.000 horien baldintza, ezagutza eta prestakuntzagatik euskara ez da egon inoiz egun bezain sendo.

Gune euskaldun elebakarrak sortzen jarraitu behar dugun lez, egoera komunikatibo elebidunak ere landu behar dira, baina Aho Bizi/ Belarri Prest ikuspegiari eutsiz, elebiduntasun desorekatu ekiditen, egoera komunikatibo berriak sortuz. 1+7=8 gehiketa (kenketa) behin betiko ezabatu behar dugu eta hautu garbia egin, erakunde guztietatik, gutxieneko ezagutza unibertsala lehenbailehen bermatzeko eta eskatzeko, euskararen bizitza eta garapena Belarri Presten esku ere baitago.

Gutxieneko ezagutza unibertsala, Belarri Prestak

Donostiarra Pasaiaratua.

10 pentsamendu “Gutxieneko ezagutza unibertsala, Belarri Prestak”-ri buruz

  • Hi, Patxi,
    Bizkaian ere BAGAUDEA, eeeh
    Zer deritzak jada duela seis hilabetez Edo, proposatzen nabilen KULTURGINTZA.II, 2022 proposamena. Ez al duk ikusten egingarria hik aipatzen duan helbururako?

  • patxi azparren 2021-09-21 21:34

    Begiratuko diat arretaz, eskerrik asko Josu, ziur ekarpena interesgarria dela.

  • ERRALDOIA OINUTSIK artikuluan aurkituko duk

  • Oker kolosala ikusi dut. Hobeki esan bi oker handi. Idatziko dut

  • patxi azparren 2021-09-22 09:17

    Okerrak eta hanka-sartzea kolosal eta mundialak egongo dira, ezbairik gabe. Mesedez ekarpena egindakoan ez ezazu modu anonimoan egin, solasaldia eta iritzi trukaketa elbarritzen baitu, eskerrik asko

  • Euskera.erabilpenak, itzulezina ez.dadin, URJENTZIAZKO OPERAZIO BAT behar dik.

    BEHAR.BEHARREKO DIK
    ORAINTXE BERTAN eta GEURE esku dago soilik, GOIKOEN BORONDATE GOIENA
    aspaldian DAGOELAKO agortuta

  • Nire eléak zenbaitetan hala lirudikearren, ez nok, urrundik ere, Instituzioen Rolarekiko negazionista, batipat Udalek joka dezakenekiko. Bakarrik zioat Kulturgintza-ekimen hau geuregandik sortu beharko duela, batipat oraintxe berton euskerari buruz idazten edo kezkatzen garenongandik. Gerorantz sortuko dituk, eta nekez lehenago, Instituzio-lokarriekiko komiteak etabar.

  • Aupa Patxi. Ekarpen interesgarria. Proposamenetan zehaztasun handiagoa bota dut faltan, baina. Desiretatik ekimen zehatzetara jaistea eta arduradunak izendatzea (ze, ardurak denonak dira, baina batzuenak beste batzuenak baino handiagoak).
    “Euskara berriro Euskal Herriaren ohiko hizkuntza izan dadin lanean ari garenok erronka berriak ditugu. Ez da aski euskara “kultur-baliabide” gisa poltsikoan gordeta dagoen zerbait izatea, egunerokotasunean “normala” izan behar du, esparru guztietan” diozu.
    Badaude erronkak, premiazkoak, larriak: Pantailak euskaraz edo Arnas dezagun ekimenak adibide aratzak dira, zehatzak eta premia larriei erantzuten dietenak. Alabaina, Eusko Jaurlaritzatik (ardura eta baliabideak dituena) ez dute erantzunik jaso oraindik, ez batzuek , ez besteek.
    Areago, D ereduan euskalduntzeak behea jo duen honetan, Hezkuntza sailburuak dena ederto doala dio, ez duela arazorik ikusten, eragile gehienak oso kezkatuta agertu direnean.
    “Ezin dugu ontzat eman bi erdaren “normalizazioa”. Ezin dugu ontzat eman elebiduntasun desorekatua. Ahobiziok jarraitu behar dugu gure eleaniztasunetik, egoera, une, gune euskal elebakarrak sortzen. Landu behar dugu gune , eremu, ekintza horiek erdaldunentzat erakargarriak izan daitezen eta jakin-mina, zein beharra sortzen” diozu aurrerago.
    Bada, erakunde españolista guztiek erdal elebakartasuna sustatzen dute amorru biziz. Erakunde abertzale gehientsuenek erdal elebitasuna da sustatzen eta gauzatzen dutena. Ikastetxeetan ere arazo larriak daude hizkuntzen kudeaketan… Bada erdarak “are gureago” egitea proposatzen duten abertzale eta euskaltzaleak ere (nahikoa “guretu” ez bagenitu bezala derrigorrez). Badira erdara hutsez jarduten duten lehen lerroko politikari “txit abertzaleak”…. Izena jarri behar zaie gaitzei, eta gaitzen sorburuari, nire ustez. Bestela nekez asmatuko dugu bidearekin. Eutsi!

  • patxi azparren 2021-09-26 18:38

    Bai Jonjo, tamalez, horrela da, bi erderen “normalizazioan” badute ardura etxeko hainbat politikarik. Berriki hau ikusi dut, interesgarria ematen du; https://www.berria.eus/paperekoa/1937/017/003/2021-09-24/txillardegi-gogoeta-gunea-xxi-mendeko-hizkuntza-politika-pentsatzeko.htm

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude