Gutxienez ardilatxatxoa autoan

Gutxienez ardilatxatxoa autoan

Banindoan ni autoa gidatzen, errepidean gora, errebuelta hona eta errebuelta hara, nire aurtengo tomate landareak ureztatzeko asmotan, baserrira bidean, inora zehazki begiratu gabe, begirada inon finkatu gabe, nire gogoetei bueltaka, monotonia huts batean, eta bat-batean aurreko auto bat harrapatu nuen eta lehen aipatua izan den begirada atzealdean zeraman ardilatxa arrosa koloreko pegatina baten gainean pausatu zitzaidan. Eta berehala hasi zitzaidan burua bueltaka irudi ezagun haren esanahiaren inguruan.

Gutxienez ardilatxatxoa autoanEuskal egoera politikoa beti izan dut presente, intereseko, eta honezkero irakurlegoak antzemanda izango duenez, bilakaera ideologiko edo eboluzio begetatibo bat bezala, XX. mendeko azkenaldian izan nuen erreseteoaren ondorioa jasan dut nire baitan. Aspaldidanik defendatu izan dut, ezker versus eskuin politika edo ideologia, bihotzaren eta arrazoiaren arteko borrokatxo horretan finkatzen eta bereizten dela; ezker jarrerak sentimenduz (sentimentalismoz askotan) osatutako egitura baten oinarritzen direla eta eskuindarrak buruaren edo arrazoiaren eskutik doazela, askotan gizatasun sentimendurik gabeko portaeratan.

Ze esanik ez, euskal abertzaletasunaren inguruan bizi izan dugun, nola esan, nonahikotasun hura, betekada bat bezala, etengabeko kezka, errebindikazio iraunkor baten, arnasteko beharrezko ohi dugun airea, gure eguneroko ogia, eta eguneroko egunkarietako portada.

Oraindik ere batzuk eusten diote bere horretan, aratz, bene-benetan aratz (ideologiaz ari naiz, beruna behin betikoz zuloetatik ere desagertu delakoan), talibanismo hutsean, berbontzikeri epiko eta zaharkitu kasposo batean; baina pasa izan ditugun hamarkada ilun haien ondoren, nola esan, halako udaberri koloretsu bat bezala agertu zaigu, lorategi ederra, eguneroko ogi ta ardoa, txikitixa eta erromeria edonon, borrokarik gabeko jaiak, kaleak atzerritar latosoz beteta, josita, bere kultura `kutsaduratsua´ zabalduz, oporretan, musika ere bide berri baten, euskal musika arin berri bat sortu dela esango nuke, UdaBerri Sound eta horrelakoetan galduta gure gaztedia, bertsolaritza bera ere ohiko izan ez diren puntu berriekin…   lider buruzagi iraultzaileenak ere gizarte txukun edo eta gizalegezko gizarte baten defentsan laburbiltzen du bere egitasmo politikoa. Bergoglio berak ere sinatzeko moduko programa.

Euskal instituzioak ere, buruzagi ezkertiar eta iraultzaileen gabezian, epel eta burutsu tankerakoak direnek kudeatuta, bare bare, Diputazioak eta Gobernua behintzat bai, eta kolore desberdinetako alkateak ere (hain balizko ezker eta iraultzaile direnak ere barne) epeltasun epel-epel baten murgilduta. El País egunkariak zioen bezala, Urkullu, bendito aburrimiento, pasa den maiatzaren lehenean argitaratu zuen erreportajean. Izan ere dena da paktua, dena dago itundua, bide demokratiko eta legalitatearen segurtasun eta bedeinkaziopean. Bene-benetakoen aratzen iritziz, aldiz, Euskal Herria merke saltzen omen dabiltza gure buruzagiak.

Akaso bere garaian gure arteko makina batek jaso izango luke traidore moduko iraina -edo pintada eder bat ere bai, akaso diana eta guzti- motibo gutxiagorekin, bere burua bene-benetako abertzale aratz duen bakarren baten partetik.

Baina ez estutu, dena ez da galdua ez, eta dudarik gera ez dadin, tomate landareak ureztatzera zeraman autoaren ipurtaldean ere ardilatxatxo bat itsatsita doa beti. Gutxienez gutxieneko euskal identitate baten defentsa apropostzat dudana.

Gutxienez ardilatxatxoa autoan
Ardi latxa, egungo egoera, euskalduntasuna, garai berriak, politika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude