Gutxi fio

Gutxi fio –

Rikardo Arregik Noticias de Gipuzkoa egunkarian.

Gutxi fioKatolikoa izan gabe Burgoseko katedrala bisitatzea bezalakoa omen da gerraontzi bat bisitatzea telebistan agertu den emakume batentzat (perla bana belarrietan, ordu asko UVA izpien azpian eta ile-apaindegian). Norbaitek katedral gotikoak eta hegazkin-ontzi modernoak dominazio-tresnak direla gogoraraziko dit, baina konparazioa, sentitzen dut, mingarria eta ergela iruditzen zait. Orrazkera modernoa-edo daraman gizon gazte batek filmetan edo bideojokoetan bakarrik ikusten denaren benetakotasuna azpimarratu (ehiza-hegazkinena, batez ere), eta hurrengo batean semea ekarriko duela adierazi du. ETBko albistegiek eskaini dizkidate esaldi gogoangarri horiek, zerbitzu publikoa denez, baita Getxon egon berri den hegazkin-ontzi batera sartu ahal izateko ez dakit zenbat ordu iladetan eman duen jendearen irudiak ere.

Ziur naiz hortik ibili den jende gehienak ez duela hauteman (edo ez duela hauteman nahi izan) ikusi duenaren eta gerraren arteko erlazio zuzena: ikuspuntu turistikoa nagusitu da (katedrala, gerraontzia) edo entretenimenduzkoa islatu da (filmak, bideojokoak);hau da, gerraontziaren eta, beraz, gerraren hutsaltze erabatekoa, zuri-tze orokorra gertatu da. Ziur naiz jende hori haserretuko dela Yemengo haurren egoera penagarria telebistan ikusi ondoren, agian egun berean, eta euro gutxi emateko gai dela, baina askoz gehiago haserretuko lirateke norbaitek esango balie egin duten bisita hori ez dela guztiz errugabea. “Ez al gara libre hona etortzeko?”, zioen bikote heterosexual gazte batek apur bat haserre. “Eskifaian emakume asko dago, gainera”. Libre gara, bai, libre botere publiko eta pribatuek antolatzen dizkiguten “circenses” horietara guztietara joateko, ezerosoak izan arren, etxetik atera behar delako, mugitu, esperientziak izan, eta ez gehiegi pentsatu ukitu ditugun arma horietan. Emakumeekin, bestalde, kontzientziak garbitzen ditugu merke eta erraz, betiko moduan.

Txio batean idatzi nuen iladetan egon den jende hori ez zaidala fidatzekoa iruditzen. Baten bat eskandalizatu zen;hementxe bertan berretsiko dut: gutxi fio.

Gutxi fio Gutxi fio Gutxi fio

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.