Gutun irekia Olentzerori

Gutun irekia Olentzerori

ITURRIA: Aiaraldea komunikazio leihoa

Olentzero maitea:

Ekaitz da nire izena eta badira urte batzuk gutunik idazten ez dizudala. Barkatu eten luze hau.

Bustitzea ez da erraza izaten, batez ere, gure herrian gertatu denaz inor mindu barik berba egun gura denean. Eta horrexekin, gure herrian gertatu direnekin nago kezkatua gaur. Kezkatua eta nahasita.  Atzera begiratu, eskailera maila bat igo, eta ikusi bestela. Zer da gertatu dena? Galdera-erantzunen sorta mardula izan liteke zinez, eta horregatik behar dut zure laguntza. Horregatik, jakin badakidalako langile fin bezain miragarri zarela, eskatu gura dizkizut nire kezkak argitzen lagunduko didaten hainbat joko. Hemen doaz:

TABU

Tabu edo hitz debekatua. Badakizu, Olentzero. Jokalariek ezkutuan dagoen hitza zein den asmatu behar dute, baina beste hainbat berbaren erabilera saihestuta. Eta gure agintariak maisu dira hitz debekatuekin kalkulu politikoak egiten. Adibidez, honakoa izan liteke alderdi politiko batek duen tabua: “nola esan pentsatzen dudan guztia Espainiako Auzitegi Nazionalaren deia jaso gabe?”. Eta kasu! Gainontzeko aurkari politikoak ez dira-eta atzean gelditzen: “nola azaldu jendaurrean torturena, ardura politiko zuzenak izan ditudala onartu gabe?”, “Nola egin proiektu anbiguo bat sinesgarri, higadura politikorik jasan gabe?”, “Nola azaldu herritarrei berez presoak euskal herriratzearen alde nagoela, baina gai horrek nire aurkari politikoari aingura lanak egiten dizkiola jabetuta, ez badut haiek euskal herriratzeko ahalegin guztiak egiteko asmorik?”. Tabu eta elipsiak edonon. Horretarako eskatu nahi dizut joko hau Olentzero, gure politikarien amarru eta beldurrak ezagutzeko.

 

SCATTERGORIES

Joko hau eskatzeko arrazoia sinplea da. Hara, gure arduradun politikoek “Bakea” eta “Bizikidetza” proposatzen dizkigute jokatzeko gai gisa. Berba guztiek B hizkiarekin hasi behar dute hortaz. Baina zerrenda bat egiten hasiko banintz, Olentzero, Bakea eta Bizikidetzaren inguruko zein hitz lirateke onargarri eta zeintzuk baztergarri? Ziur naiz onartzeko modukoen zerrenda horretan leudekeela Buesa, Blanco, Brouard edo Barajas bezalako izenak. Hain garbi ez dudana da Bisita, Bapaume, Bañera, Beñaran, Berrueta, Batasuna, Baiona ttipia, Bidart, Bidarte edo Bolueta bezalako berbak zerrenda horretan onartuko ote liratekeen. Horixe du Scattergories jokoak, zerbait onartu eta baztertzeko eztabaidatu egin behar dela. Hauxe, beraz, nire bigarren eskaria, bizardun hori: euskal politikako Scattergories bat behar dut.

 

CLUEDO

Ziur ezaguna zaizula joko hau, ezta, Olentzero? Mahai-joko honetako jokalariek asmatu behar dute nor den hiltzailea, zein arma erabili duen eta non eragin duen hilketa. Nik Cluedo honekin ikertu nahi dudana da baina, ea zergatik hasi zen dena, noiz hasi zen dena eta noiz bukatu zen dena. Horrela bakarrik aurkituko baitiogu erantzuna “nola konpondu hau guztia orain?” galderari, aurrekariak  argituta. Kaputxadun tirogilea zein den identifikatzea ez da lan zaila izan. Baina jakin nahi dut aurpegia itzaletan izan eta torturatzea agindu duen agintariak Cluedo joko honetan parte hartu ote duen. Ea zeinek atera dion errentagarritasun politikoa honi guztiari, ea arazoen abiapuntua 60ko hamarkadan ala erreinu baten konkistan jarri behar dugun, ea hizkuntza baten debekuak zein zerikusi izan zuen, ea faxismoak nola baldintzatu zuen testuinguru politikoa, ea karlistaldietan non egon ginen. Ea krimenen eszenatoki horietan elkarren ondoan ikusiko ote ditugun Ermua, Lasarte-Oria eta Monbar hotela. Intxaurrondo, Martin Ugalde kultur parkea, eta Donostiako La Cepa taberna. Bilboko Autonomia kalea, Tolosako frontoiko kafetegia edota M-30 eta M-40 autobideak. Azaldu dizut lehen: “nola konpondu hau guztia orain?” da erantzun beharreko galdera. Erantzuna gure esku dago. Tira, kasu honetan zure esku ere bai, Olentzero!

 

RISK

Zaldunak, gurdiak, kanoiak eta gazteluak. Konkista jokoa da Risk, Erdi Aroko gerrak zein kolonialismoa gogorarazten dituena. Eta gurean ez dago nahaspila besterik: Iruña-Veleiako polemika, Lopitz Haro leinuari oles egitea Bilbon eta aldi berean Leireko monasterioan dauden Nafarroako lehen errege-erreginak ohoratzea, gure egitura propioak nahi ditugu baina aldi berean eroso gaude Espainiarekin hitzartutako Kontzertu eta Hitzarmen ekonomikoarekin… zer da konkistatu digutena, Olentzero, lurra ala pentsamendua? Begira Baionakoari ere. Baionan Euskaldunen plaza dugu. Akaso ez al dira Euskal Herriko plaza eta kale guztiak euskaldunonak? Botere frantsesaren begietan arrotzak gara euskaldunak, eta gu gustura geratzeko, metro karratu batzuez osatutako kalea eskaini ziguten.  Baten bati otutzen al zaio Sorian Soriarren plaza jartzea? Mallabiarrei eskainitako plaza bat Mallabian beharbada? Artziniegako herritarrek Artziniegako herritarren plaza behar al dute nortzuk diren gogoratzeko? Bistakoa da Soria, Mallabia edo Artziniegako plazak bertako herritarrenak direla! ala, Olentzero? Ura bustita dagoela esatea bezala da. Baina iruditzen zait Baionakoa bezalako kontuek antz handia dutela jabeak txakurrari eman ohi dion pentsuarekin. Hor ageri da botere-harremana: “ni jabea, zu aberea, eta asaldatu ez zaitezen, hona pentsua”.  Horregatik eskatu nahi dizut Risk jokoa, lehendabizi gure garunak deskolonizatu eta ondoren gure lurrak zeintzuk diren argitzeko.

Horiexek dira, Olentzero, eskatu nahi nizkizun jokoak. Eske sarritan iruditzen zait euskal herritar orok jokatu dugula jolas horiekin, baina antza denez, behin partida bukatuta gutxik duela jokoak jasotzeko gogoa. Amatxo eta aitatxo sutan jarri ohi ziren jolasak ez genituenean jasotzen. Orain, ondoren datozen seme-alabak jarriko zaizkigu sutan etxeko lanak egiten ez baditugu.

Tira bizardun hori, horraino nire aurtengo eskariak. Bukatzeko sasoia da. Esan Kixmi artaburu horri hain boteretsua eta miragarria bada, hobe duela gauzak konpontzen hastea. Beragan fedea dutenek behintzat eskertuko diote. Mundua norabide kezkagarria hartzen hasia da, Jeseus!

Ah! Eta ahaztu barik, emazkiozu goraintziak Anbotoko Damari! (Bai, berari bai). Bera ere jakitun dago. Bisita bat zor diot aspalditik, baina ez dakit noiz hurbilduko natzaion. Herriko mendi taldearekin irteera bat antolatu beharko dut Anbotoko gailurrera edo… tira, pentsatuko dut zerbait…

Beno Olentzero! Segi beti bezain langile eta fin. Besarkada potolo bat eta laster arte!

Ekaitz

Gutun irekia Olentzerori

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude